Eu

Beatriz Artolazabal´en iritziz, “2018rako aurrekontu-proiektuan DSBEaren inguruan eginiko proposamenaren bidez, ahultasun-egoeran dauden pertsonen babesa bermatu egiten da”

2017.eko azaroak 17
  • Eusko Legebiltzarrean azaldu du “Gobernu honek araua aldatzeko eginiko proposamenak gure herritarrak gehiago eta hobeto babestuko dituela”

 

VG 17 11 17

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “2018rako aurrekontu-proiektuan DSBEaren inguruan eginiko proposamenaren bidez, ahultasun-egoeran dauden pertsonen babesa bermatu egiten da”. Legebiltzarrean eman duen azalpenean, Artolazabalek gogorarazi du “gaur egun Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea hobetzeko eta eguneratzeko prozesua martxan dela”.

 “Gizarteratzeko profesionalekin eta adituekin partekatutako lanak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta Hobetzeko Oinarrien Dokumentuan islatzen denak, Sailak diru-sarrerak bermatzeko errentaren funtzionamenduaren eta eraginaren inguruan eginiko diagnostiko berezia islatzen du eta Legebiltzarrean lantzen ari diren zenbait proposamen planteatzen ditu”, esan du Artolazabal sailburuak.

 Beatriz Artolazabalek gogorarazi du “Gizarte Gaietarako Ministerioak Familia, Haur eta Gizarte Zerbitzuen inguruan eginiko txostenak dioela “Euskadin 488,3 milioi euro inbertitzen direla, alegia, Estatu osoko gastuaren % 35,9, eta batez besteko zenbateko altuenekin”.

 “Gobernu honek prestatu duen beste txosten batek Euskadiko pobrezia erlatiboa deskribatzen du, zeinak, Estatuarekin eta Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, adierazten baitigu ongi ari garela lanean eta egoera hobera doala, gure babes-sistemari esker. 2016an, Euskadiko benetako pobrezia-tasa % 9,5etik % 5,8ra jaitsi zen. DSBEaren IX. Legegintzaldian, % 7 murriztu zen, krisia handia izan baitzen. Soldatek ere behera egin zuten”, esan du sailburuak.

 Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “garrantzitsuena da DSBEa gaur egun arrazoizko baldintzen arabera ezarrita ote dagoen, lan-merkatuaren egoera kontuan hartuta: datuek baietz adierazten dute; izan ere, Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialde askoren antzeko ongizate-tasei edo altuagoei eusteko aukera eman du”.

 Pizgarria

Beatriz Artolazabalek Euskal Ganberan azaldu duenaren arabera: “ez dago zalantzarik, DSBEak ezin du alde batera utzi lan-merkatuaren errealitatea, enpleguko pizgarriak suntsitzeko arriskuan; izan ere, prestazio horiek laguntza bat edo pizgarria izan behar dute enplegura sartzeko”.

 “Norvegiako esperientziarekin erkatutako analisi batean, gure DSBEaren maila gure batez besteko soldataren % 42 dela erakusten zuen, eta, Norvegian, % 28. 2018rako aurrekontu-proiektuan DSBEaren inguruan eginiko proposamenaren bidez, ahultasun-egoeran dauden pertsonen babesa bermatu egiten da”, esan du Artolazabal sailburuak.

 “2018rako aurrekontu-proiektuak bermatu egiten du Euskadin ahultasun-egoeran bizi diren pertsonen babesa, eta aurrera egin da DSBEa eguneratzeko eta berria zehazteko abiapuntu izango den oinarriaren zehaztapenean. Zehaztapena hiru oinarrizko irizpideren arabera egin da: etxeak oinarrizko beharrak babestuta egonik mantentzeak dakarren kostua jaso da; osagarrien sistema beharrei erantzuteko bide gisa planteatzen da, kontuan izanda egoera bereziak (bikotearen presentzia, guraso bakartasuna, seme-alabak etab.), egun ezarritako gehiengo mugak gaindituta; eta amaierako zenbatekoak egokitu egin dira, gaur egun dagoenaren inguruko gastu-egoeraren barruan mantentzeko, betiere oinarrizko beharrei erantzuteko printzipioari eutsiz”, esan du Artolazabalek.

 Artolazabalen hitzetan, “2018ko aurrekontuan jasotako mailek eta DSBEari eta EOPari eskainitakoek dakarten ehunekoak gainditu egiten ditu gure ingurunean ezaugarri horiek dituzten errentak, eta Europa aurreratuaren batez bestekoaren antzeko babes-maila dute”.

 “Gure erkidegoaren egoera positiboa da: gehienez 625 euroko zenbatekoarekin, DSBEaren zenbatekoa, EOPera sarbiderik izan gabe, erosteko parekotasun-ahalei dagokienez Frantzian bermatutako zenbatekoa baino handiagoa da (429), bai eta Alemaniakoa (347), Erresuma Batukoa (423) edo Finlandiakoa (351) baino handiagoa ere. Beraz, ahultasun-egoeran dauden euskal herritarren oinarrizko beharren babesa bermatuta dago, 2018ko aurrekontuan aurreikusi diren zenbatekoekin, gaur egungo egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta. Gobernu honek araua aldatzeko eginiko proposamenak gure herritarrak gehiago eta hobeto babestuko ditu. Bertan jarri behar dugu eztabaida”, esan du amaitzeko sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak