Eu

Beatriz Artolazabal: “Zeuk Esan zerbitzuak haur eta nerabeentzako laguntza eskaintzen du eta berehalako baliabideak ematen ditu”

2017.eko azaroak 20
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Zeuk Esan 116111 adingabeei arreta emateko telefono-zerbitzua nabarmendu du, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean
  • Zeuk Esan helduen artean ere finkatu da, 236 kontsulta egin baitituzte urtarriletik urrira bitartean
  • Aurten, orain arte, adingabea arriskuan egon zitekeela kalkulatu diren 17 kasuri eman zaie arreta, eta gizarte-zerbitzuetara bideratu dira
  • 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, Zeuk Esan-ek 436 kontsulta egoki jaso ditu; horietatik, 236, % 54, helduek egiten dituzte, eta, 200, % 46, adingabeek

 

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Zeuk Esan haur eta nerabeei laguntzeko zerbitzuak egiten duen lana nabarmendu du; 116111 telefonoaren bidez eta http://www.euskadi.eus/zeukesan/ web-orrialdetik eta gizarte-sareetatik online kontsulta daiteke. Gaur, astelehena, azaroaren 20a, Ume eta Nerabeen Eskubideen Mundu Eguna ospatzen den honetan, Artolazabalek nabarmendu du “zer garrantzitsua den ume eta nerabeei eta adingabeetan eta edozein kontsulta-motatan arrisku-egoerak antzematen dituzten pertsonei entzuten dien zerbitzua izatea”.

“Zeuk Esan sendotzen ari da. Neska-mutilek zerbitzua barrena husteko eta laguntza bilatzeko erabiltzen dute, batez ere. Zerbitzuak orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu, eta hala ulertzen dute”, esan du sailburuak. Sailburuarekin batera, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Kepa Torrealdea zerbitzuaren koordinatzailea eta Ernesto Sainz Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria izan dira. “Helduek badakite eskura duten baliabidea dela eta beste batzuekin osatzen dela. Zeuk Esan beren zonan eskuragarri dauden baliabide komunitarioei bide emateko zerbitzua da".

 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, Zeuk Esanek, guztira, 436 kontsulta egoki jaso ditu, guztira. Horietatik, 236, % 54, helduek egiten dituzte, eta, 200, % 46, adingabeek. Beraz, lehenengoz, gehiago izan dira kontsulta egin duten helduak. Heldu horiek aitak, amak, familiartekoak, irakasleak, profesionalak eta arautu gabeko irakaskuntzako monitoreak eta haur eta nerabeei lotuta dauden gainerako pertsona batzuk izaten dira.

“Nerabeek erabiltzen dute zerbitzu hori gehien, adingabeen artean, eta, nagusiki, berentzat kezkagarriak diren harremanei buruzko gaien inguruko kontsultak egiten dituzte: berdinen arteko harremanak, harreman afektibo-sexualak eta familia-harremana”, esan du Artolazabalek. Sailburuak esan du gazte batzuk ere bakardade- edo egonezin-sentimenduekin arduratzen direla, “azken batean, nahasita daudela, nerabezaroak dakarren aldaketa-etapa horretan”.

Zehazki, Zeuk Esaneko profesionalekin harremanetan jarri diren ume eta nerabeen kasuan, % 61 (122) emakumea izan da eta, % 39 (78), gizona. Adinaren arabera sailkatuta, % 55 (110) 12 eta 15 urte bitarteko nerabea da; % 40 (80) 16 eta 18 urte bitarteko gaztea da eta gainerako % 5a (10 kontsulta) 12 urtetik beherakoak egin du.

Zerbitzua, halaber, egon daitezkeen haurren tratu txarren eta babesgabetasunaren egoerak salatzeko bitartekoa ere bada. Aurten, orain arte, adingabea arriskuan egon zitekeela kalkulatu diren 17 kasuri eman zaie arreta, eta gizarte-zerbitzuetara bideratu dira.

Deiak 2017an

“Deien motibo nagusiak desberdinak dira heldu eta adingabeen artean”, esan du Artolazabalek. “Neska-mutilei ardura gehien eragiten dieten gaiak harremanak dira (% 41): berdinen arteko harremanak, harreman afektibo-sexualak eta familia-harremanak. Eta askok (% 45) bakardade- eta/edo egonezin-sentimenduengatik deitzen dute”. Helduen artean, motiboak beste batzuk dira. “Deien % 54 adingaberen bat berdinen arteko jazarpen-egoera jasaten ari delako susmoaren edo egiaztapenaren aurrean baliabideak bilatzeko izan da”.

“Zerbitzua helduek beren zonan eskuragarri dauden baliabide komunitarioei bide emateko zerbitzutzat hartzen dute, osagarri gisa. Zeuk Esan zerbitzura doaz eta zerbitzuak kontsulta beste baliabide batzuetara bidera dezake, antzematen den beharraren arabera”. 2017an, batik bat hezkuntza-zerbitzuetara eta gizarte-zerbitzuetara bideratu da (bien artean, bideratze guztien ia % 72), baina baita beste zerbitzu batzuetara ere, besteak beste: psikologia-zerbitzuak, juridikoak edo osasun-zerbitzuak, Ertzaintza, Arartekoa, Euskal Bitartekaritza Zerbitzua, ludotekak, aisialdiko elkarteak, droga-mendekotasunak prebenitzeko zerbitzuak.

Zerbitzua

Beatriz Artolazabalek Zeuk Esan zerbitzuaren 116111 telefono-zenbakian arreta ematen duen profesional-taldeak egiten duen orientazio-, aholkularitza- eta informazio-lana­ nabarmendu du, eta zerbitzua konfidentziala dela gogorarazi du (116111 zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten). Telefonoaz gainera, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-bide batzuk ere baditu, besteak beste, gizarte-sareak (@Zeukesan Twitterren eta Facebooken) eta www.euskadi.eus/zeukesan web-orrialdea, Youtubeko kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan) eta adingabeen bloga (http://zeukesan.blog.euskadi.eus). Azken horretan, hilero, argitalpenak egiten dira, eta zerbitzua ematean aztertu diren gaiak jasotzen dira.

Era berean, Zeuk Esan zerbitzuak helduentzako bi baliabide berezi ditu. Lehenengoa, blog bat; bertan, hilero, argitalpenak egiten dira (http://helduakzeukesan.blog.euskadi.eus), eta helduek eginiko kontsultetan jasotako gaiak aztertzen dira. Bigarrena, astekari digitala (http://zeukesan.zerbitzuak.org); bertan, ongizatearekin eta haur eta nerabeen garapenarekin lotutako albiste nagusiak jaso dira. Harpidetzeko aukera dago, hura jasotzeko.

“116111 zenbakia ez da bakarrik haur edo nerabeen ahultasun- edo babesgabetasun-egoera baten berri emateko; hori ere bada, baina prebentziorako zerbitzua ere bada, isilpekoa eta konfiantzazkoa eta eraginkorra, ume eta nerabeek egoera zailari, arazo txiki edo handi bati aurre egin behar dioten kasuetan. Psikologiako edo gizarte-hezkuntzako prestakuntza eta esperientzia duen heldu bat egotea telefonoaren beste aldean adingabeekin tratatzeko laguntza bilatzeko beste aukera bat da. Azken batean, “Zeuk Esan oso erabilgarria da, adingabeen arazo eta ardurei arreta emateko, arazo horiek edozein direla ere”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Kepa Torrealdea, Zeuk Esan zerbitzuaren koordinatzailea