Eu

San José sailburua oso pozik dago Gazte Justiziako Planak izan duan bilakaerarekin.

2017.eko azaroak 20

Delitu-berrerortzea 11 puntu jaitsi da neurrietakoren bat aplikatu zaien neska-mutilen artean: Gazte Justiziako lehen Planean (2003-2007) berrerortzea % 28koa izan zen eta bitarteko ebaluazio honetan % 16,7koa da.

Ebaluazio-txostena Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du.

San José sailburuak oso positibotzat jo du bitarteko ebaluazioaren balantzea eta, orobat, prebentzioari, neurri judizialak betearazteko denbora laburtzeari eta berrerortzea saihesteari dagozkien helburuak bete izana.

Bitartekotza-prozesuek gero eta presentzia handiagoa dute Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen epaitegietan, eta % 84an emaitza positiboa izaten dute.

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Gazte Justiziako IV. Planaren (2014-2018) bitarteko ebaluazioa, delitu-berrerortzeak nabarmen behera egin duela egiaztatzen duena. “Ospe handiko erakunde batek, hots, UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egin duen ebaluazioak —azpimarratu du San Josék— benetan garrantzizkoa iruditzen zaidan datu bat nabarmentzen du. Izan ere, delitu-berrerortzeak behera egin du neurrietakoren bat aplikatu zaien neska-mutilen artean. Gazte Justiziako lehen Planean berrerortzea % 28koa izan zen eta azken ebaluazio honetan % 16,7raino jaitsi da, hots, hamaika puntu gutxiago. Bilakaera horrek frogatzen du hezkuntza-arloan egin diren esku-hartzeak eraginkorrak izan direla”.

Lan eta Justiziako sailburuak adierazi du, halaber, gazte-justiziaren arloko eskariak etengabeko aldaketei loturik daudela, seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeria bezalako delitu-tipologia berriak agertzearen ondorioz, eta inguruabar horien aurrean ezinbestekoa dela esku hartzeko programak eta zerbitzuak behar bezala egokitzea. San Joséren arabera, “gazte-justiziaren euskal ereduak ekintzak gizarte-testuinguruaren barruan gauzatzea du oinarri”. “Ingurune irekia ahal denean aplikatzeak —esan du— programa guztien arrakasta ahalbidetzen du eta geure buruari jarri dizkiogun helburuak lortzeko behar den gizarte-aldaketa erdiesten laguntzen du”.

Gazte Justiziako IV. Planaren helburuak gogora ekarri ondoren, EAEko administrazio orokorraren eskumenekoak diren adingabeen epaitegien ebazpen guztiak ahalik eta denbora laburrenean betearaztea bermatzeari dagokiona nabarmendu du María Jesús San Josék. Sailburuak gehitu duenez, “adingabeek egindako arau-hausteak prebenitu eta murrizteaz gain, prozeduraren edozein fasetan kontziliazio- eta konponketa-programetarako sarbidea izango dutela bermatu behar dugu. Eta, gainera, gazte-justiziaren erantzunak pertsona bakoitzaren errealitatera egokitu behar ditugu, hobeto gizarteratzeko aukera izan dezan”.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak egin duen txostenaren ondorioen artean honako datu hauek jasotzen dira:

- Hasitako atariko eginbideek gora egin dute 2014. urtetik (2.155) 2015. urtera (2.406). Guztira 4.561 izan dira ebaluatu den aldi osoan.

- Hasitako erreforma-espedienteek behera egin dute pixka bat 2014. urtetik (1.140) 2015. urtera (1.077). Guztira 2.216 espediente hasi dira.

- Ebaluatutako aldian 4.116 arau-hauste egin dira: 2.555 delitu eta 1.561 falta.

- Delitu sarrienak lesioen, etxeko indarkeriaren, genero-indarkeriaren eta ebasketen ondoriozkoak izan dira.

- 2014. urtean 256 falta egin ziren eta 2015. urtean 933.

- Epaiei dagokienez, 175 absoluzio-epaiak izan dira, 329 adostasunik gabekoak eta 852 adostasunekoak.

- Neurriei dagokienez, guztira 1.263 ezarri dira. Ebaluatutako aldian sarriena zaintzapeko askatasuna izan da, eta gizartearentzako lanak eta asteburuko egonaldiak izan dira hurrengoak. Guztira 256 neurri-transformazio izan dira. Horien artean, murrizketak eta ordezkapenak izan dira ohikoenak. Epai guztien artean, 175 absoluzio-epaiak izan dira, 329 adostasunik gabekoak eta 852 adostasunekoak.

- Adingabe arau-hausleen adinaren araberako neurri kopuruari dagokionez, 16 eta 17 urtekoei dagokiena da neurri kopuru handiena duen adin-taldea.

- Nazionalitatearen araberako neurri kopurua kontuan hartuta, EAEn gainerako autonomia-erkidegoetan baino handiagoa da atzerritarren ehunekoa, eta % 25etik gora mantentzen da ebaluatutako bi urteetan (2014. urtean % 26 eta 2015. urtean % 27).

- Sexuaren araberako neurri kopuruaren analisiak antzeko ehunekoa islatzen du bi urteetan, eta mutilak % 82 dira.

- Adingabe arau-hausleen profila lortzeko, talde psikosozialek 2015. urtean prozeduren instrukzio-fasean egindako txostenak aztertu dira. Arrisku-aldagairik garrantzitsuenak gurasoen kontrolik eza, aisialdiko jarduera antolaturik ez izatea edo arrisku-egoeran dauden lagunen taldea dira.

- Talde psikosozial judizialen lanak, aldi horretan, aholkularitza-txostenak egiteko eskaria egonkortu izana izan du bereizgarri. Exhortoen eta betearazpen-prozeduren txostenek, alabaina, nabarmen egin dute behera eta, dirudienez, joera horrek bere horretan jarraituko du. Bestalde, gora egin dute kautelazko neurrietarako agerraldien txostenek eta entzunaldietara bertaratzeko egunek (2014an 206, 2015ean 221 eta 2016ko lehen seihilekoan 111).

- Bitartekotza-prozesuek gero eta presentzia handiagoa dute Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen epaitegietan. Izan ere, jarduketa guztien (2.880 ebaluatutako aldian) % 30 bitartekotzak izan dira (855) eta % 70 neurriak (2.025).

- Egindako bitartekotzen % 84k emaitza positiboa izan zuten.

- Iraupenari dagokionez, barneratzeko kautelazko neurrien % 35 ez dira 3 hilabetetik gorakoak, eta zaintzapeko askatasuneko neurri gehienek (% 74) 6 hilabetetik beherako iraupena dute.

- Ikus daitekeenez, barneratzeko eta zaintzapeko askatasuneko neurriak nabarmen egin du gora, gizartearentzako lanak, gizarte- eta hezkuntza-zereginak, eguneko zentrora joatea edo tratamendu anbulatorioa bezalako beste neurri batzuen kalterako.

- Ingurune irekiko neurriak neurri irmo guztien % 75 baino gehiago dira, eta modalitate horren barruan, ia erdiak zaintzapeko askatasunari dagozkio, eta, gainerakoak, gizartearentzako lanei (% 27), gizarte- eta hezkuntza-zereginak betetzeari (% 17) eta eguneko zentrora joateari (% 7).

- Gazte-justiziako ikastetxean bete beharreko neurriak (egoitza-ingurunea) 482 izan dira, hau da, neurri irmo guztien % 24. Atal horretan nabarmentzekoak dira: barneratzeak (% 68) eta asteburuko egonaldiak (% 32).

Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordearen aurreko agerraldiaren amaieran, María Jesús San José sailburuak Ibaiondo, Uribarri eta Andoiu ikastetxeak bisitatzera gonbidatu ditu legebiltzar-batzordeko mahaia eta Justiziako bozeramaileak. “Uste dut aukera paregabea izango litzatekeela ezin hobeto prestatuta eta beren misioarekin konprometituta dauden profesionalek garatzen duten lanaz jabetzeko”.

Gaur egun ikastetxeek 105 plaza dituzte eta zuzendaritzako, administrazioko eta zerbitzuetako 15 lanpostuk, 21 koordinatzaile teknikok, 131 hezitzailek eta 25 maisuk osatzen dute plantilla. Gainera, beste 40 profesional arduratzen dira eguneko zentrora joateko neurriak betetzeaz eta zaintzapeko askatasunak betetzeko, gizarte- eta hezkuntza-zereginak gauzatzeko, gizartearentzako lanak egiteko, tratamendu anbulatorioak eta asteburuko etxeko egonaldiak egiteko ingurune irekiko taldeak osatzeaz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi López Cabello