Berriak Osasuna
Eu

BioDonostiak koordinatutako nazioarteko azterlan batek biomarkatzaile ez-inbaditzaileak lortu ditu hiru gaixotasun hepatikoren diagnostiko goiztiarra hobetzeko

2017.eko azaroak 16

Osakidetzaren Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaileek koordinatutako lankidetza-azterlana Hepatology aldizkari ospetsuan (garrantzitsuena da espezialitate horretan) argitaratu berri da.

Ikerketa-lan hori AECCk ezohiko tumoreetarako finantzatutako Ekintza Estrategikoan txertatuta dago, eta Carlos III.a Osasun Institutuaren (Miguel Servet programa eta CIBERehd), Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) babesa jaso du.

 

Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaile batzuek bertako Gaixotasun Hepatikoen Taldeak koordinatutako nazioarteko lankidetza-azterlan baten emaitzak argitaratu dituzte berriki. Azterlan horretan, kolangiokartzinoma (CCA), kartzinoma hepatozelularra (HCC) eta kolangitis esklerosatzaile primarioa (PSP) diagnostikatzeko biomarkatzaile ez-inbaditzaile berriak deskribatzen dira.

Lana Hepatology aldizkari ospetsuan argitaratu da duela gutxi, eta, bertan ondorioztatu denez, odolean dauden zelulaz kanpoko besikulek gaixotasun horiek diagnostikatzeko ahalmena duten biomarkatzaile proteiko sentikor eta espezifikoak dituzte. “Aurkitutako biomarkatzaileek balio handia izan dezakete patologia horiek metodo ez-inbaditzaileen bidez diagnostikatzeko eta haien diagnostiko diferentziala egiteko”, azaldu du azterlana koordinatu duen Jesús Bañalesek (Ikerbasque, Miguel Servet eta CIBERehd-eko Ikertzailea). Jesus,Bañales Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduraduna da, Luis Bujandak (CIBERehd eta UPV/EHUko ikertzailea eta Donostialdeko ESIko Digestiboko mediku espezialista) zuzentzen duen Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen arloan.

Azken urteetan, hainbat fluido biologikotan dauden zelulaz kanpoko besikulak tresna garrantzitsu bihurtu dira hainbat ondoezen biomarkatzaileak eta gaixotasunen garapen eta bilakaeran inplikatutako faktoreak bilatzeko.

Azterlan horretan, kolangiokartzinoma, kolangitis esklerosatzaile primarioa edo hepatokartzinoma duten 134 gaixok hartu dute parte, eta Donostia, Gurutzeta eta Varsovia ospitaleetako pertsona osasuntsuen kontrolak egin dira. Halaber, Biogune IKZko azpiegiturak eta ekipamenduak erabili dira (proteomikako plataforma eta Exomen Laborategia) laginen analisia egiteko. Profil proteomikoek taldeen artean modu diferentzialean adierazitako proteina ugari zeudela eta gaixotasun horiek diagnostikatzeko tresna gisa ahalmen handia zutela utzi zuten agerian.

Azterlan horretan lortutako datu positiboetan oinarrituta, eta AECCk finantzatutako Ekintza Estrategikoaren barruan, biomarkatzaile horiek nazioartean balidatuko dira datozen urteetan, haien balio klinikoa zehazteko.

Kolangitis esklerosatzaile primarioa (PSC) behazun-hodien hanturazko gaixotasun progresiboa da, jatorri autoimmunekoa. Fibrosi progresiboa agertzen duen hantura eta gibelaren barruko eta kanpoko behazun-hodien hertsadura ditu ezaugarri bereizgarri, eta zirrosia, gutxiegitasun hepatikoa eta, zenbaitetan, behazun-hodietako minbizia eragin ditzake. Kolangiokartzinoma (CCA) edo behazun-hodietako minbizia ezohiko tumorea da, baina oso agresiboa. Zaila da goiz diagnostikatzen. Bestalde, kartzinoma hepatozelularra (HCC) gibeleko tumore primariorik ohikoena da (% 90eko proportziora iristen da), eta hilkortasun-tasa handia dauka.

Hiru patologia desberdin badira ere, hiruretan tumoreak gaixotasunaren fase aurreratuetan diagnostikatzen dira gehienetan, eta funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra eta bereizia egitea, kasu bakoitzean egokiena den estrategia terapeutikoa zehazteko.

 

Donostia, 2017ko azaroaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko