Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak itxarote zerrendak hobetzeko ekintza plana diseinatu du. Euskadin itxarote zerrendak Estatuko txikienen artean daude, nahiz eta laguntza eskaria etengabe handitzen ari den

2017.eko azaroak 15

Legebiltzarreko agerraldian, Osasuneko sailburuak prozesu sanitarioen kudeaketa eta efizientzia hobetzeko neurri zuzentzaileak, giza baliabideak eta teknologia-inbertsioak uztartzearen alde egin du. Bide horretatik, espero du itxarote-zerrendak hobetzea eta ezarri diren ratioen azpitik mantentzea berandutzeak

 

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Maria Jesús Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Osasun  Laguntzako zuzendari Andoni Arcelay doktorearekin batera, agertu da Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean. Agerraldian, ezagutarazi ditu zer neurri hartu den aintzat Osasun Sailak eta Osakidetzak arreta espezializatuko kontsultetarako eta prozedura kirurgikoetarako sarrera-denborak eta itxarote-zerrendak hobetzeko diseinatu duten ekintza-planean.

Gaur egun, Osakidetzako itxaronaldiak Estatu osoko txikienen artean daude, kanpo-kontsultei dagokienez zein prozedura kirurgikoei dagokienez. Hori lortzea oso zaila da, kontuan hartzen bada etengabe gehitzen ari dela laguntza-eskaria, biztanleriaren gero eta zahartze handiagoaren ondorioz, kronizitatea gehitzearen ondorioz eta euskal gizartearen eskakizun-maila gehitzearen ondorioz.

Hartara, azken lau urteotan, jarduera kirurgikoa urtez urte % 4 inguru gehitzearen bidez lortu da itxarote-zerrenda kirurgikoaren batez besteko berandutza 50 egunen inguruan mantentzea —hau da, 65/2006 Dekretuan ezarritakoa baino 10 egun gutxiago—.

Jon Darpón sailburuak berak aditzera eman duen bezalaxe, ratio horiek sei hilean behin ezagutarazten dira —kudeaketa gardenaren gure konpromisoaren ildotik—. Ratio horiek lortu dira Osasun Zerbitzu Publikoko profesionalen lan handiari esker eta Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten duten ahalegin handiari esker. Izan ere, ahalegin handia egiten ari dira osasun-sistemak azpiegitura-egokiak eta beharrezko langileak izan ditzan. Horren lekuko, Euskadi buru da, Nafarroarekin batera, Estatuan pertsonako osasun publikoko inbertsioan —1.621 €-ko aurrekontua pertsonako 2017ko ekitaldian eta 1.673 €-ko aurreikuspena pertsonako 2018rako—. Hori dela eta, Euskadi da 27ko Europar Batasunaren osasun-gastu publikoko batez bestera gehien hurbiltzen den Estatuko autonomia-erkidegoa.

Nolanahi ere, Jon Darponek autokonplazientzian ez geratzearen alde hitz egin du, eta etengabe hobetzen jarraitzeko testuinguru horretan, hain zuzen ere, kokatu du gaur aurkeztutako Ekintza Plana. Abiapuntu hartuta itxarote-zerrenda horiek baliagarriak izan behar dutela lana planifikatzeko eta jarduera sanitarioa antolatzeko, eta, hortaz, ez dagoela 0 itxarote-zerrendarik, planaren helburua izango da eskaria planifikatzea eta arrazionalizatzea eta eskaintza eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzea, zentzuzko itxaronaldi orekatua izango duen jarduera-erantzun egonkorra eskaintzeko.

Horretarako, hainbat mailatako hobekuntza-ekintzak hartu ditu aintzat, prozesu kirurgikoen arloan zein kanpo-kontsulten arloan. Batetik, modu zentralizatuan egin beharreko ekintza korporatiboak daude, sareko lan baten bitartez eta esperientzia eta jardunbide hobeak baliatuta egin beharrekoak. Eta, bestetik, Erakunde Sanitario Integratu bakoitzaren mailan garatu beharreko ekintzak daude, prozesuen berezitasunak kontuan izanik. Era berean, itxarote-zerrendak hobetzeko aparteko baliabideak aurreikusten ditu.

Osasuneko sailburuak berak nabarmendu duen moduan, “prozesu sanitarioen kudeaketa eta efizientzia hobetzeko neurri zuzentzaileak, giza baliabideak eta teknologia-inbertsioak uztartzearen bidez, hobetuko dira itxaron-zerrendak eta mantenduko dira berandutzak ezarri diren ratioen azpitik”.

 

 

EKINTZA PLANEAN AINTZAT HARTZEN DIREN NEURRIETAKO BATZUK

Itxarote-zerrenda kirurgikoen arloan, honako jardun-ildo hauek aurreikusten dira:

  • Sarean modu korporatiboan lan egiteko aukera izatea, konplexutasun txikiko prozesuetan.
  • Konplexutasun handiko prozesuak zentralizatzea.  
  • Laguntza- eta klinika-jardunbidearen egokitzapena hobetzea, gomendio esplizituak formulatzearen bitartez eta horien inpaktua monitorizatzeko eta ebaluatzeko ekintzen bitartez.
  • Laguntza- eta klinika-informazioa egokitzea, beharretara egokitutako aginte-taulen bitartez.
  • Itxarote-zerrenda kirurgikoetako lehentasun-irizpide berrien sarrera aztertzea.
  • Prozesuen preskripzio kirurgikoko tasaren aldakortasuna murriztea.
  • Programazioa optimizatzea eta egokitzea eta jarduera kirurgikoa gehitzea.
  • Itxarote-zerrenda kirurgikoen kudeaketan jardutea.

Kanpo-kontsulten arloan, zenbait ekintza aurreikusten da, batetik, osasunaren arloko profesionalen funtzionamendu integratua sustatzeko eta indikazioaren aldakortasuna murrizteko, eta, bestetik, kanpo-kontsulten kudeaketa hobetzeko.

Ohiko aurrekontu-kontsignazioa izango duten neurri horiez guztiez gain, hurrengo ekitaldian ezohiko zuzkidura izango duten itxarote-zerrendak hobetzeko baliabideak aurreikusi dira. Zehazki, 37,9 milioi euro, azpiegituretan eta teknologian hobekuntzak egiteko eta ezohiko jarduera garatuko duten langileak kontratatzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak