Eu

San José sailburua Göteborgeko konferentzian

2017.eko azaroak 15

San José sailburuak bihar, osteguna, esku hartuko du gizarte-ekonomiak enpleguaren etorkizunean beteko duen eginkizunari buruzko Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, hilaren 17an, ostirala, Suediako hirian Europar Batasuneko estatuburuak bilduko dituen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Gailur Sozialaren aurretik.

Gaur arratsaldean Göteborgera abiatu den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék, Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Diaz Arsuagak, Osalaneko zuzendariorde Andoni Gamboak eta Europar Batasunerako Euskadiren ordezkari Marta Marínek osatzen dute.

Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, San José sailburuarekin batera parte-hartzaile izango dira, besteak beste, Europako Enpleguko, Gizarte Gaietako, Konpetentzietako eta Lan Mugikortasuneko komisario Marianne Thyssen, Europako Merkataritzako komisario Cecilia Malmström, Suediako Enpleguko eta Integrazioko ministro Ylva Johansson, Espainiako Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministro Fátima Báñez, Luxenburgoko Laneko ministro Nicolas Schmit, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteko lehendakari Georges Dassis, Europako Eskualdeetako Lantaldeko lehendakari Karl-Heinz Lambertz eta Europako Kooperatiben Federazioko lehendakari Dirk Vansintjan.

San José sailburuak bihar esku hartuko du, gizarte-ekonomiaren moduen enpresa-ehunaren garapena ahalbidetzen duten baldintzak, finantzaketa eskuratzeko aukerak eta hura arautzen duten esparru arauemaileen hobekuntza aztertzeaz arduratuko diren gonbidatuen taldearen barruan. Eginkizun horretan, Europako eskualdeetan gizarte-ekonomia garatzen laguntzen duten jardunbide egokien adibideak aurkeztuko dituzte. Hain zuzen ere, María Jesús San Josék, bihar, Kooperatiben Lege berriaren aurreproiektua lantzean erdietsi den adostasuna azpimarratuko du. Izan ere, joan den astean gainditu zuen kontsulta publikoaren fasea eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean jar daiteke indarrean.

María Jesús San Josék gaur eguerdian Loiuko aireportuan hegazkina hartu baino lehentxeago azaldu duen moduan, Euskadiko Kooperatiben Lege berriak “kooperatiben autoantolaketa-izaera sakonduko du, administratzaileen erantzukizun-erregimena eguneratuko du, eta, erregimen ekonomikoa arautzeari dagokionez, oro har, kooperatiben ondare erkidea, horien iraunkortasuna eta enpresa-jarraitutasuna indartuko ditu, eta galerak egozteko erregimena argituko du bazkideen erantzukizunari dagokionez”.

Baina batez ere —adierazi du sailburuak— bihar Göteborgen egingo den jardunaldian, María Jesús San Josék Euskadiko gizarte-ekonomiaren garrantzia eta indarra nabarmenduko ditu: “kooperatibak eta lan-sozietateak ardatz dituen ekosistema, enplegu-zentro bereziak, laneratzeko enpresak eta onura publikoko elkarteak bezalako beste erakunde batzuk ere hartzen dituena. Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiaren azken datuen arabera, Euskadiko gizarte-ekonomia osatzen duten enpresen guztizko enplegua 88.000 pertsonatik gorakoa da, eta horietatik 57.000 baino gehiago euskal lurralde osoan zehar barreiatuta dauden 1.600etik gora kooperatibetakoak dira. Horiei 600 lan-sozietate baino gehiago eta 50 enplegu-zentro berezi eta laneratzeko enpresa baino gehiago gehitu behar zaizkie”.

Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, María Jesús San Joséren taldearen lan-agendan jasotakoaren arabera, hainbat topaketa izango dituzte Europako komisario Marianne Thyssen eta Cecilia Malmströmekin, Europako Batzordeko zuzendari nagusi Lowri Evansekin, Suediako LO Sindikatuen Konfederazioko (The Swedish Trade Union Confederation) kideekin eta Socialstyrelsen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aholku Komitea) eta Suediako Osasun eta Ongizate Batzar Nazionaleko arduradunekin.

Göteborgeko Nazioarteko Konferentzia Europako Batzordearen eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen ekimena da. Gobernantza publikoaren maila guztietako arduradunak (estatukoak, eskualdekoak eta tokikoak) biltzen ditu, Europako esparruko gizarte-ekonomiaren ordezkari eta solaskideekin batera, gizarte-ekonomiaren enpresa eta erakundeek Europar Batasuneko hazkunde ekonomikoari eta gizarte-kohesioari egiten dioten benetako ekarpena aurkezteko eta ikusarazteko.

Gizarte-ekonomiak enpleguaren etorkizunean beteko duen eginkizunari buruzko Konferentziaren ondorioak Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Gailur Sozialari helaraziko zaizkio. Izan ere, gailurrak ostiralean Suediako hiriburuan bilduko ditu Europar Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak, Eskubide Sozialen Europako Zutabea berresteko.

San José sailburuaren iritziz, benetan erabakigarria izango da egiaztatzea zer-nolako eragina izan dezaketen Göteborgeko gailurreko erabakiek negoziazio kolektiboa eta goranzko soldata-konbergentzia bezalako funtsezko alderdi batean. “Göteborgeko gailurra Europaren etorkizunerako une erabakigarrian egingo da, norabide-aldaketa eskatzen ari baitzaio Europar Batasunari, ekonomia sozialagoak eta bidezkoagoak bermatu ahal izateko, soldata eta bizi-maila hobeagoekin. Gailurraren erabakiak aspalditik espero dira eta premiazkoa da lehenbailehen aplikatzea, sinesgarritasuna irabazteko eta lan-merkatuaren defizit larriak zuzentzea lortzeko. Guztiz bat gatoz austeritate-politiken amaiera eskatzen dutenekin eta enplegu duina eta kalitatekoa sortzea lehentasunezko helburutzat jotzen dutenekin. Gure enpresen ezinbesteko lehiakortasunak eta produktibitateak berrikuntza, prestakuntza eta enpleguaren kalitatea izan behar dituzte oinarri”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak