Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

René Cassin Sariak frankismoaren biktimekiko “justizia-egintza” bilakatu dira

2010.eko abenduak 10

Gerra Zibilaz geroztik Euskadin desagertutako 2.000 pertsona daudela gogorarazi du Mendiak

Eusko Jaurlaritzaren nahia izan da aurtengo René Cassin Sariak biktima guztiekiko justizia-egintza bihurtzea, bereziki, Gerra Zibilaz geroztik hobietan eta areketan lurperatuta jarraitzen duten 2.000 pertsona desagertuekiko justizia-egintza. Gobernuaren bozeramaile eta Justizia sailburuak, Idoia Mendiak, Gernika Gogoratuz ikerketa zentroko zuzendaria den María Oiangureni eta Nazioarteko Bake Brigadei eskuratu die saria. Hala izan da Memoria Historikoaren Legearen izpirituarekin uztartzen delako, eta, horrez gain, Euskadin diktaduraren kontra eta justiziaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten milaka gizon eta emakumeekiko justizia-egintza txiki bat egin nahi izan dutelako. “Biharko egunean gure begietara begiratu eta historia, gure historia, errepikatu ez dadin sufritu dutenak gogoratu eta aintzatetsi nahi ditugu euskaldunok”, azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, alegia, Giza eskubideen René Cassin 2010 saria eman die gaur María Oianguren Idígorasi eta Nazioarteko Bake Brigadak izeneko GKIko ordezkariei. Ekitaldia Lehendakaritzan izan da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean bertan, hain zuzen, eta parte hartu dute Juan Luis Dezak eta Natalia Mendiola dantzariak. Dantzari hau hitza eta dantza bateratzea aditu dugun  Giraluna konpainiako kidea da. René Cassin Sariak Lehendakaritzako patioan banatu dira. “Jarduera pertsonalaren edo profesionalaren bitartez Giza Eskubideen sustapenarekiko, defentsarekiko eta dibulgazioarekiko konpromisoa erakusten duten pertsonak eta kolektiboak publikoki aitortzea” du helburu sari horrek. Urtero banatzen dute, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz.

Ekitaldi hunkigarri batean, Idoia Mendiak datorren urteak duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, II. Errepublikarekin amaitu zuen eta Gerra Zibilari hasiera eman zion Estatu kolpearen 75. urteurrena betetzen baita, eta 75 urte pasa ondoren, biktimen sendiek haien gorpuak duintasunez lurperatu ahal izan dituztelako. Mendiak aipatu du ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta oraingo kontua. “Duela egun gutxi Florentino Garcíaren eta Moníca Barronen neba-arreben bilobei eskuratu nizkien 1936an eraildako senar-emazte horien gorpuzkiak, areka batean aurkitu zituztenak”, gogoratu du. “Amnesiaren eta ahaztearen gainean ezin da ezer iraunkorrik eraiki”, gehitu du.

Zentzu horretan, Justizia sailburuak bake eta askatasun osoen aukera irekitzen ari den honetan beti biktimekin lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du, etengabe memoria, duintasuna eta justizia eskatzen dizkigutelako.

Horregatik, gurean ETAren terrorismoa indarrean dagoela gogoratu ondoren, zuhurtasuna eta errespontsabilitatea eskatu dizkie guztiei, berriz ere frustrazioan amaituko daitezken itxaropenak ez sortzeko. “Baina, aldi berean, batuta mantentzeko unea da, bakeak eta terrorismoaren amaierak guztion elkartzea eskatzen baitute”.

Hala, Mendiak itxaropen mezu bat bidali nahi izan du. “Eusko Jaurlaritzan oso argi dugu gure elkarbizitzaren etorkizuna nahitaez biktimen memoriaren gainean eraikiko dugula”, adierazi du. “Biktima guztien memoriaren gainean”, gehitu du.

Itxaropen mezua

Egindako hitzaldian, Maria Oiangurenek -Gernika Gogoratu ikerketa zentroaren buru moduan- eta Nazioarteko Bake Brigadak GKE-ak Giza Eskubideen alde egiten duten lana nabarmendu du Mendiak. “Maria artista nahiz musa da”, adierazi du Oiangureni buruz. “Bere lana egiteaz eta Giza Eskubideen eboluziorako edukiak aztertu eta proposatzeaz gain, beste pertsona batzuk, profesionalak eta ikasleak inspiratzen ditu, baita pertsona arruntak ere, giza-eskubideak zentzu anitzetan garatu daitezen”.

 

Nazioarteko Bake Brigaden inguruan, jaio zirenetik pasa diren ia 30 urtetan haien presentzia hutsak indarkeriarako asmoa desagerrarazten duela erakutsi dutela aipatu du Mendiak. Horrez gain, tokiko giza-eskubideen aldeko ekintzaileek lan egin dezaten guneak sortzen dituztela azpimarratu du.

Ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak edo gizataldeak jendaurrean aitortzea da sariaren helburua, eta saridunak ohorezko aipamena, jendaurreko aitorpena eta 16.550 euroko diru-zenbatekoa jasoko ditu.

María Oianguren, Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentziatua, Gernika Gogoratuz Iraskundearen (www.gernikagogoratuz.org) zuzendaria da. Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroa da eta 1987an sortu zen Eusko Legebiltzarraren erabakiaren ondorioz, Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira. Bakearen eta Giza Eskubideak garatzearen aldeko aktibista, bere jarduera esandako elkarte horretan betetzen du, non bakea aldarrikatu egiten den Euskal Herrian eta munduan bizikidetza bultzatzeko oinarri gisa. Eta bertatik parte hartzen du Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Hezkuntza Elkarteen Foroan, eta AIPAZen, Bakerako Ikerketarako Espainiako Elkartea, hain zuzen.

Elkarte-sarean egiten duen lanak, urteetan frogatuta, datozen belaunaldien konpromisoa aurrekoen memoriarekin batzen du.

Erabakiaren irizpen arrazoituak aintzat hartzen ditu ere bake-gaiei eta gatazken konponketari buruz idatzi dituen argitalpen eta artikulu ugariak. Eta Oiangureni buruz dio bai zientzialari gisa eta bai gizartearekin duen konpromisoaren aldetik, bat egiten duela René Cassin zenarekin.

Nazioarteko Bake Brigadak (www.pbi-ee.org), bere aldetik, Kanadan 1981ean sortutako gobernuz kanpoko erakunde bat da, bakea sortu, sendotu eta mantentzeko lana burutzeko helburuz, beti ere indarkeriarik ezaren diziplinapean. Mahatma Ghandik indarkeriarik gabeko eraldaketa sozialaren eremuan zituen pentsamendu eta esperientziak ditu oinarri, eta nazioarteko laguntza eta behaketa tresnatzat jotzen ditu giza eskubideen urraketak egiteko asmoa uxatzeko.

Bere behatzaileak lekuan bertan egoten dira mehatxatuta dauden pertsona edo erakundeak lagunduz, gatazka-guneetara aldizkako bisitak eginez, gatazkaren eta herrialdeko giza eskubideen egoeraren garapenari buruzko informazioa banatuz eta solaskide eta nolabaiteko azpijoko lanak eginez. Beronen kasuan, epaimahaiak egun Kolonbia, Guatemala, Mexiko, Indonesia eta Nepalen bertan, gatazka-tokietan zuzenean egindako lan hori bereziki baloratu du. Erakundeak 60 kolaboratzaile baino gehiago dauzka Euskadin.

Saria eman duen epaimahaia Idoia Mendia andreak (Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburua), María Victoria Cinto andreak (Justiziako sailburuordea), Inés Ibáñez de Maeztu andreak (Giza Eskubideen zuzendaria), Joseba Arregui jaunak, Mª Concepción Escobar andreak, José Angel Cuerda jaunak, Adela Asua andreak eta Edmundo Rodriguez jaunak osatu dute. Sariak emateko ekitaldia ostiralean, abenduaren 10ean (Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna), arratsaldeko 19:30ean, izango da, Lehendakaritzan.

Sariaren izena 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio zen Rene Cassin jaunaren oroimenez ezarri da. I. Mundu Gerrako zorigaiztoko esperientziak era­gin nabarmena izan zuen berarengan eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile po­rrokatu bihurtu zen. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eragile nagusia izan zen 1948an, eta bere egitekoa ezinbestekoa izan zen Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, 1950ean. Giza eskubideen alde etengabe egindako lanarengatik Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an, eta saria Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)