Eu

Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Iruña Veleiako hegoaldeko harresia sendotuko dute lankidetzan

2017.eko azaroak 13

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egingo dute lan Iruña Veleiako oppidumeko harresiaren hegoaldeko atea sendotu eta hari balioa emateko proiektua gauzatzeko. Jardun garrantzitsua da; izan ere, aztarnategiaren eremurik agerikoenetako bat da, eta barnean hartzen du aldundiak diseinatu duen 2010-2020 Plan Zuzentzaileak, zeinari 100.000 euroko bultzada emango baitio Euskadiko erakunde nagusiak.

Proiektuaren aurkezpenean Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Javier Fernández Bordegarai BIBAT museoko arduraduna izan dira. Azken horrek aztarnategian egitea aurreikusi diren lanei buruzko xehetasun gehiago eman du. “Jardunak eragina izango du atean bertan eta sarbidearen ekialdeko lehenengo tarteetan. Bestalde, harresiaren hegoaldean dagoen zelaigunea egokituko da, hau da, gaur egungo asfalto zoladura kenduko da eta sestrak egokituko dira, monumentua hobeto ikusi ahal izateko”, azaldu du arkeologoak; “Horrekin guztiarekin batera, dagokion jardun arkeologikoa egingo da,
aztarnategiaz gehiago ikasteko eta hari balioa emateko”.

Zupiria sailburuak ere proiektuaren garrantziaz hitz egin du: Eusko Jaurlaritzak inguru hau sendotzeko eta nabarmentzeko lanak lagunduko ditu, uste baitugu maila honetako aztarnategi erromatar batek merezi duela erakunde guztion laguntza eta elkarlana. Interbentzio hau, Gida Plan osoan dauden gainontzeko ekimenak bezala, oso lagungarria izango da lekua balioesteko eta inguru honi merezi duen garrantzia emateko".

Gonzalezek, halaber, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eskertu du: “Eskerrak eman nahi dizkiot Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari proiektu honetan duen parte hartzeagatik, eta uste osoa daukat sailaren laguntzarekin gure lurraldearen jatorria eta iragana hobeto ezagutzea lortuko dugula".

Iruña Veleiako monumentu multzoa Arabako Lurralde Historikoko zona arkeologikorik zabalenetako bat da; izan ere, aztarnategiak 126 hektarea inguruko azalera izan dezake, gaur egun babestuta dagoen oppidumaren mugetatik askoz harago. Hain zuzen, hiruki formako eremu zabala hartuko luke Iruña Okan, Zadorra ibaiak Tresponde eta Billoda herrien artean eratzen duen meandroan, muga ibaia bera eta A-3302 errepidea izango lituzkeelarik, gutxi gorabehera.

Hiruki horren erdialde inguruan dago barruti harresitua, Iruñeko oppidum izenez ezaguna dena, baina aztarnategia ipar-mendebalderago ere badoa, Arkizko muinoa igarota, eta hegoalderantz ere bai, aipatutako errepiderantz maldan behera datozen mendi hegal leunak hartzen dituela, zeinetan goi inperioko hiri erromatarra egon baitzen. Hegoalde parte horretan daude proiektu horren xede diren elementuak: hegoaldeko atea eta oppidumaren hego ekialdeko horma atalak.

Nolanahi ere, gaur aurkeztutako proiektua gauzatzeko, lan zehatza egin beharko dute profesionalek sei hilabetez. Monumentua hauskorra denez, lan asko eskuz egin behar dira, eta kontu handiz zapaldu behar da monumentua, jatorrizko egiturako elementuak mugitzeko arriskua baitago. Gainera, bertara iristea zaila denez, makina espezifikoak erabili behar dira monumentua inguratzeko, eta ezin da tonaje handiko ibilgailurik erabili, egiturak kaltetu ez daitezen. Berreraikitze lanek oinarrian izango dituzte azterlan arkeologikoaren emaitzak eta, hori dela medio, indusketa zuzendu duen arkeologo taldeak eta proiektua idatzi duen taldeak ezarritako jarraibideen arabera egingo dira lanak.

Plan zuzentzailea

Esparru harresitua, Iruñeko oppidum deritzona, monumentu historiko izendatu zen 1916. urtean, eta monumentu historiko artistiko nazional, 1984an. Gaur egun, kultura ondasun kalifikatua da, monumentu multzo kategoriarekin, euskal kultura ondarearen legearen babespean. Duen garrantzi historikoa dela eta, jardun arkeologiko asko egin dira XIX. mendearen amaieraz geroztik, baina era askotako planteamenduekin eta ikuspegi desberdinetatik eta, hortaz, askotariko emaitzak jaso dira. Nolanahi ere, 2009. urtean, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailari eskatu zion aztarnategirako jarduteko proiektu orokor bat idatz zezala, zeinak 2010-2020 aldirako Iruña Veleiako Plan Zuzentzailearen onarpenean ikusi baitzuen argia.

Orduz geroztik, eta agiri horretan ezarritako irizpide eta ildoei jarraituz, ondoz ondoko sei arkeologia kanpaina egin dira, eta oppidumaren hegoaldeko harresiaren zati bat aztertu, induskatu eta sendotzeko lanak hasi dira, Oscar Reinares arkitektoak egindako arkitektura proiektu espezifikoaren arabera. Hain zuzen ere, Oscar Reinares lankidetzan aritu zen plan zuzentzailea idazteko lanetan, eta berak hartu zuen ardura aztarnategiko egitura arkitektonikoetako zaintze eta sendotze jardunak egiteko irizpide teknikoak ezartzeko.

Jarduera horiei esker, lortu da lurpetik ateratzea merkatutzat (macelluma) erabiltzen zen eraikin publiko garrantzitsu baten hondakinak, hegoaldetik hirira sartzeko ab Asturica Burdigalam bidearen ondoan, eta hegoaldeko harresiaren hondakinen zati handi bat induskatu eta sendotu da, toki horretan zintarrira sartzeko erabiltzen zuten atearen mendebaldean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak