Berriak Osasuna
Eu

225.000 pertsonak hartu dute gripearen aurkako txertoa kanpainako lehenengo hiru asteetan, 2016an baino % 7 gehiagok

2017.eko azaroak 13

Osasun Sailak eta Osakidetzak behin eta berriz azpimarratzen die 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zer-nolako garrantzia duen gripearen aurkako txertoa hartzeak konplikazio larriak saihesteko; izan ere, txertoa da gaitz horri aurre egiteko neurri nagusia, bere segurtasuna eta eraginkortasuna dela eta

Gripearen aurkako  aurtengo txertaketa-kanpaina arrisku-taldeei ez ezik euskal gizartea osoari ere zuzenduta dago, eta, horretarako, prebentziorako oinarrizko higiene-aholku batzuk jasotzen dituzten 36.000 liburuxkatik gora banatu dira kaleetan

Kanpaina abenduaren 23ra arte luzatuko da

 

225.056 pertsonak hartu dute txertoa gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren lehenengo hiru asteetan, egunean 16.000 pertsona inguruk eta 2016ko kanpainako aldi berean baino % 7 gehiagok. Horrek esan nahi du lehenengo egunotan guztira aurreko kanpainan baino 14.806 pertsona gehiagok hartu dutela txertoa.

Txertaketari buruzko datuak positiboak dira oraingoz, baina Osasun Sailetik eta Osakidetzatik gogoratzen dute gripea urtero errepikatzen den osasun publikoaren arloko arazo nagusietako bat dela eta, gainera, ondorio larriak izan ditzakeela giza talde ahulenetan. Hori dela eta, azpimarratzen dute garrantzizkoa dela 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta/edo haurdun dauden emakumeek txertoa hartzea arazoak eta konplikazioak saihesteko.   

Iazko datuen arabera, gripearen ondorioz 229 kasu larri ospitaleratu behar izan ziren. Horietatik 59 ZIUn sartu zituzten, eta horietatik %90ek arrisku-faktoreak edo 64 urtetik gora zituzten. Azkenik, 31 pertsona hil ziren, horietatik % 47 txertoa hartu gabe zeuden, gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren helburu ziren arrisku-taldeetakoak izan arren.

Hori dela eta, Osasun Sailak, batetik, gogoratu nahi du kanpaina abenduaren 23ra arte luzatuko dela eta, bestetik, arrisku-taldeei dei egiten die osasun-zentroetara joan daitezela txertoa hartzera. Txertoa urtero hartzen bada, birusa edo gripe-mota aldatzen joaten denez, immunitatea areagotu egiten da.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek azpimarratu du txertoa hartzea pertsonen erantzukizuna dela, eta gurea bezalako gizarte aurreratu batean jabetu behar dugula txertoa hartzea dela gaur egun gripeari segurtasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko prebentzio-neurri indibidual eta komunitario nagusia.

Bestalde, aurtengo kanpaina, urtero bezala, arrisku-taldeetako pertsonen osasun indibiduala zaintzera zuzenduta dago, baina biztanleria osoaren osasun kolektiboa zaintzea ere badu helburu. Alde horretatik, beraz, gripearen aurrean geure burua babesteko garrantzizkoak, eta pertsona guztien interesekoak, diren higiene neurriei buruzko informazioa eskaintzen duten 36.000 liburuxka banatu dira kaleetan. Honako hauek dira neurri horietako batzuk: erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra estaltzea besaurrearekin, eta eskuak sarri garbitzea urarekin eta xaboiarekin. Informazio horrekin batera Osakidetzako osasun-baliabideak arduraz erabiltzeko gomendioa ere egiten da, eta adierazten da pertsona bakoitzak baloratu behar duela, bere osasun-egoeraren arabera, zein den bere arazoa artatzeko osasun-zerbitzurik egokiena, horrekin, batetik, arreta jasotzeko luze itxaron behar izatea eta, bestetik, osasun-sistema itotzea saihestuko baita.  

Gripearen aurkako aurtengo kanpainarako 400.000 txerto eskuratu dira, baina gehiago ere eskuratuko dira beharrezkoa izanez gero; Osasun Sailak eta Osakidetzak guztira 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroak 13

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko