Eu

Arriola sailburuak eta Sestaoko alkateak Arkuaren Etxea bisitatu dute, haren birgaitze integralaren ostean

2017.eko azaroak 13
  • Eraikinak, 1890ean zurezko egiturarekin eraikiak, energia-eraginkortasuneko eta iraunkortasuneko sistema aurreratuenak ditu.
  • Arriola sailburuak eta Bergara alkateak lankidetza instituzionala balioetsi dute Euskadin birgaitzeko, berritzeko eta hiri-berroneratzeko eragiketei modu jasangarrian heltzeko.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak eta Sestaoko alkate Josu Bergarak Txabarri kaleko eraikin historikoa, “Arkuaren Etxea” izenaz ezagunagoa, bisitatu dute gaur goizean. Eraikinari birgaitze integraleko prozesu baten mende jarri du % 50ean Eusko Jaurlaritzarekin eta udaletxe bizkaitarrarekin partaidetzan dagoen Sestao Berri hirigintza-berroneratzeko sozietate publikoak.

Txabarri 25-31ko etxebizitza multzoa, 1890ean Sestaoko eskribau Ricardo Vildosala Arrartek sustatua, tamaina handiko ekimena izan zen, garaiko langileen alokairuko etxebizitza-eraikinen prototipoa. Eraikinaren antzinatasuna, haren kontserbazio-egoera txarra eta bizigarritasun eta osasungarritasuneko baldintza penagarriak zirela bide, beharrezkoa zen birgaitze integraleko jarduketa bat, Sestao Berrik zonako hirigintza- eta gizarte-berroneratzeko eragiketa handiago baten barruan egin duena. 

Birgaitzeak 3,7 milioi euroko aurrekontua izan du, Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta EU-GUGLE proiektu europarrak finantzatu dute eta energia-eraginkortasuneko, berrikuntzako eta iraunkortasuneko irizpideekin gauzatu da. Horrela, eraikinak A energia-ziurtagiria du, euri-ura berreskuratzeko sistema eta bere trenkada multzoaren isolamendu akustikoa Koopera, bazterketa-arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko kooperatibaren edukiontzietako ehun birziklatuekin eginda dago.

Zurezko egitura eta energia-eraginkortasun handia

Bere egitura orokorrak bere horretan iraun du, eta zurezko eskeletoa eta fatxadak kontserbatu dira. Azken horietan, fatxada nagusiko jatorrizko begiratokiak berreskuratu dira eta alboetako fatxadetan bao berriak ireki dira. Zurezko egitura osoa ere zaharberritu eta birgaitu da, zutabeak, habeak eta zurezko habeak mantenduta. Eskailera-kaxentzat, igogailuarentzat eta lauzentzat zur aurrefabrikatua erabili da. Lehendik zeuden zurezko elementuetarako loturak lehorrean ebatzi dira lotura mekanikoen bidez. Horrela, berrerabiltze, balorizazio eta birziklagarritasuneko maila handia lortzen da. 

Zenbait neurri hartu dira etxebizitzen energia-eskaera murrizteko eta bestetik, dutxa eta konketetako ur grisak berrerabiliko dira komunetako tangak kargatzeko.

Energia-sistema gisa, biomasa aukeratu da, zehazki zurezko pelletak. Gainera, birgaitzean zehar, monitorizazio-sistema bat instalatu da eraikinaren kontsumoari buruzko datuen berri izateko maila orokorrean eta indibidualean (etxebizitza bakoitzean) eta erabiltzaileen erosotasun-maila zein den jakiteko.

“Birgaitzea errentagarria da gizartearen eta ingurumenaren aldetik”

Eraikinak 47 etxebizitza hartzen ditu orain. Horietatik 33k BOE kalifikazioa dute –10 Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erosi ditu alokairu sozialerako, beste 10 Sestaoko Udalak alokairurako eta 13 saltzeko BOEak dira–. Gainerako 14ak lehengo egoiliarrak berralojatzeko etxebizitzak dira.     

Arriola sailburuak nabarmendu duenez, Txabarrin bezala gauzatu diren jarduketek “gizarte osoari erakusten diote eraikin zaharrak birgaitzea eta gainbehera dauden auzoak biziberritzea, egingarria ez ezik, oso errentagarria da gizartearen eta ingurumenaren aldetik”.

Eta bizitegi-esparru zabalagoak eta are auzo osoak hartuko dituzten birgaitzeko, berritzeko eta hiri-berroneratzeko eragiketei modu jasangarrian heltzeko premia balioetsi du, “erakunde, eragile publiko eta pribatuen lankidetzaren eta programa europarren laguntzaren bidez”.

Josu Bergarak, berriz, eraikin horren birgaitzea nabarmendu du, “mugarri garrantzitsua delako Txabarri-El Sol zonaren hirigintza-berroneratzeko prozesuan”; helburu hori lortzeko “dena ematen ari gara Jaurlaritza zein Udala, auzoan gauzatzen ari diren beste jarduketa batzuetan ikus daitekeen bezala”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bergara, Sestaoko alkatea