Berriak Osasuna
Eu

Euskadiren, Nafarroaren eta Akitaniaren artean larrialdiak koordinatzeko diru laguntzak

2017.eko azaroak 10

Euskadik, Nafarroak eta Akitaniak larrialdi egoeretan koordinatuta jarduteko mugaz gaindiko HeliNet proiektuak diru laguntza jaso du europako funtsetatik

 

2014-2020 aldiko POCTEFAko Programazio Batzordeak erabaki du 1.656.511 euroko diru-laguntza ematea Euskadiri, Nafarroari eta Akitaniari premialdi, larrialdi, erreskate eta natura-hondamendi egoeretan koordinatuta jarduteko mugaz gaindiko lankidetza-sarea garatzeko proiektu baterako.  Euskadik, zehazki, 540.428 euroko kontu-saila jasoko du Europako funtsetatik larrialdietako egiturak eta dotazioak garatzeko.

Proiektu hori Europa osoko beste 61 proiekturekin batera aukeratu da, HeliNet du izena eta bertan parte hartzen dute Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibila-Nasuvinsa Lursareak eta Iparraldeko Cote Basque Ospitale Zentroa-SAMU 64Ak. Euskadin, Osakidetzako Larrialdiekin batera ari dira proiektu hau garatzen parte hartzen Ertzaintza eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa (BIOEF). 

Proiektu honen helburua da Pirinio mendebaldeko eskualdean mugaz gaindiko lankidetza-sare bat garatzea, logistikoa nahiz operatiboa, premialdi, larrialdi, erreskate eta natura-hondamendi egoeretan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak elkarrekin kudeatzeko. Horretarako, datozen 36 hilabeteotan garatuko den proiektu berri honen bidez, mugaz gaindiko sare partekatu bat sortuko da, eta 30 heliazalera eta heliportu inguru izango ditu Pirinioetan isolatuta dauden eta urruti dauden biztanle guneak batez ere erreferentziako ospitaleak dituzten hiriguneekin lotzeko, eta helikopteroak erabiltzea sustatuko da, beraz.  

Proiektu hau garatzen denean Euskadin ospitaleetako heliazalera-sarea finkatuko da, eta Arabako Unibertsitate Ospitalekoa (AUO-Txagorritxu) eta Donostia Unibertsitate Ospitalekoa abian jartzen lagunduko da. Era berean, Osakidetzako Larrialdietarako zerbitzuak eta bertako profesionalak etorkizunean izan daitezkeen larrialdi biologikoei, kimikoei eta nuklearrei aurre egiteko ere prestatuko dira. Hori guztia, Euskadik, Nafarroak eta Akitaniak erantzun koordinatua ematea bultzatze aldera.

 

                                               Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroak 10

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau