Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak gorroto-delituen aurkako 65 salaketa erregistratu ditu urteko lehenengo sei hilabeteetan

2017.eko azaroak 10

Ertzaintzak 2013tik du gorroto-delituen aurrean nola jokatu ezartzen duen polizia-instrukzioa

Ertzaintzak 2013tik du gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura, 76. polizia-instrukzioan jasota, eta bertan dago ezarrita gorrotoan edo diskriminazioan oinarritutako indarkeriazko egintzei buruzko datuak nola jaso salaketak zenbatzeko, horien jarraipena egiteko, ematen diren epaiei buruzko informazioa jasotzeko eta delitu horiei aurrea hartu eta horien kontra borroka egiteko planak gauzatzeko.

“Datuak sistematikoki jasotzen ari gara; izan ere, Ertzaintzarentzat kontu handiko lana da, garrantzizkoa, eta ez erregistroaren eta estatistiken ikuspegitik bakarrik; Ertzaintzarentzat lehentasunezkoa da gorroto-delituak jazartzea", esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gorroto-delituei buruzko Segurtasun Sailaren politikak azaltzeko Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean gaur goizean egin duen agerraldian.  

Urteko lehenengo sei hilabeteetan gorroto-delituekin lotutako 65 salaketa erregistratu dira (39 Bizkaian, 20 Gipuzkoan eta 6 Araban). Tipologiak aztertuz gero, ikusten da 33 delitu arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotuta daudela, 20 sexu-orientazioarekin edo sexu-identitatearekin, 7 orientazio politikoarekin edo ideologiarekin, 3 erlijio-orientazioarekin, 1 desgaitasunarekin edo gaixotasunarekin eta beste bat pobreziarekin edo aporofobiarekin. Aldi berean, 66 pertsona erruztatu dira.

Iaz gorroto-delituekin lotutako 124 salaketa jarri ziren: 68 arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotuta zeuden, 31 sexu-orientazioarekin edo sexu-identitatearekin, 17 orientazio politikoarekin edo ideologiarekin, 3 sinesmenekin edo erlijioekin, 3 desgaitasunekin eta beste bi aporofobiarekin. 

Ikerketa eta prestakuntza

Agerraldian, Segurtasuneko sailburuak adierazi du, gainerako delitu guztietan bezala, poliziaren jazarpena edo ikerketa bezain garrantzizkoa dela prebentzioa.  Alde horretatik, azpimarratu behar dira arrazakeria- eta xenofobia-arriskuaz ohartarazteko mugape guztietan ikerketaren arloan eskumenak dituzten polizia-unitateek informazioa aztertzeko dituzten estrategiak.

Segurtasun Sailak gorroto-delituen esparruan gauzatzen dituen politikak aztertzean, agerikoa da garrantzizko faktoreak direla ikerketa eta prestakuntza.

Aspaldiko urteetatik Kriminologiaren Euskal Institutuarekin lankidetzan egiten da ikerketa- eta prestakuntza-lan hori. UPV/EHUko Giza Eskubideen Katedra ere orain dela bi urte hasi zen Ertzaintzaren barne-instrukzioa gainbegiratzeko lanetan, eta Segurtasuneko Sailak, hain zuzen ere, duela gutxi eskatu zion Euskadiko gorroto-delituei buruzko txosten espezifiko bat.  

“Guretzat berebiziko garrantzia du era horretako gorroto-delituak, gorrotoaren diskurtsoa, diskriminazioa, nahiz Euskadin gorrototzat hartzen diren portaera horien garrantzi penala eta administratiboa, egituratu eta sailkatuko dituen esparru teoriko eta kontzeptuala izatea”, azaldu du Segurtasuneko sailburuak, eta Justizia Administrazioarekin, bai Fiskaltzarekin bai Judikaturarekin, duen lankidetza-harreman estua azpimarratu du,  garrantzizkoa dena "gai hau zorroztasunez eta eraginkortasunez aztertzeko bidea oraindik ere gehiago sakontzeko, salaketek ondorio penala izan dezaten baldin eta zantzuen bidez ziurtatzen bada".

Gai honetan lan egiten duten GKEekin duen harremana ere azpimarratu du. Testuinguru horretan, Segurtasuneko sailburuak agerian jarri du gai honen inguruko kezka ez dela oraingoa, eta 2005etik ematen duela Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Biltzen Zerbitzuaren bidez, aniztasunaren polizia kudeaketari buruzko modulu bat Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzeko promozioei zuzenduta.   Prestakuntza hori premietara egokitzen joan da, eta, esate baterako, 2015etik ikasgai espezifiko gisa sartu da tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko modulu bat, eta curricularra da promozio berri guztientzat eta agente lehenaren kategorian sartzeko ikastaroetan. 

Meskitetan Inteligentzia Bulego Nagusiko espezialistek ematen dituzten hitzaldiak eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez, gazteen babespeko zentroetan elkarbizitzari edo gizarteratzeari buruzko hitzaldiak emateko `Elkarbizitza helburu’ programa ere azpimarratu ditu Segurtasun Sailaren arduradunak bere agerraldian.  

Bestalde, gogora ekarri ditu nazioarteko proiektuak, hala nola Ertzaintza, Biltzen eta SOS-Arrazakeria kide dituen `TOGETHER proiektua´, eta kultura artekotasunari eta beste hainbat gairi buruzko arazo espezifikoak aztertzeko egiten diren eta Ertzaintza kide izaten duten topaketak eta hitzaldiak.  

`Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz´ programa ere azpimarratu du. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Segurtasun eta Hezkuntza sailek gai honetan duten lankidetza-protokoloak sustatuta eta bultzatuta gauzatzen da, eta horren bidez ertzainek gai ezberdinei buruzko prestakuntza-saioak ematen dituzte ikastetxeetan gorroto-delituei aurrea hartzeko.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak