Eu

Euskadik klima-aldaketara egokitzeko egin dituen aurrerapenen berri eman du Bonn-eko Klimaren Goi Bileran

2017.eko azaroak 12
  • Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak azaldu du Eusko Jaurlaritzak Parisko Akordioaren helburuekin duen konpromisoa, eta Euskadik berotegi-efektuaren gasetan lortu duen murrizketaren berri eman du, % 24koa 2005etik
  • Euskadiren parte-hartzeak nabarmendu egiten du eskualdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zeregina, eta erakusten du toki-mailatik aurrerapenak eta klima-aldaketara egokitzeko proiektu errealak egin daitezkeela, gero Europako beste eskualde batzuetan errepikatuko direnak
  • Euskadik Bilbon, Vitoria-Gasteizen eta Donostian ezartzen ari diren natura-irtenbideetan oinarritutako klima-aldaketara egokitzeko ekintzak, Udalsarea21 udalerrien sarearen esparruan egiten ari diren egokitzapen-ekimenak eta Eusko Jaurlaritza klima-aldaketa Lurralde Antolamenduaren jarraibideetan txertatzeko egiten ari den lana azalduko ditu.

 

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea buru dela, Klimaren Munduko Goi Bileran (COP23) parte hartzen ari da; Bonnen da (Alemania), azaroaren 6tik 17ra bitartean; bertan, Euskadi klima-aldaketara egokitzeko gauzatzen ari den ekintzak azalduko ditu. Euskal ordezkaritzak aktiboki esku hartuko du 6 ekitalditan; horietan, Euskadik berotegi-efektuaren gasetan lortu duen murrizketaren berri emango du, % 24koa 2005etik, eta alde biko topaketak izango ditu Gales, Quebec, Flandes eta Kopenhagerekin.

Ingurumeneko sailburuordeak nabarmendu du zer garrantzitsua den munduko hitzordu horretan egotea, “erakutsi ahal izateko toki-mailatik, Europako emisioen % 0,5 bakarrik eragiten duen lurralde txiki batetik, aurrerapenak eta klima-aldaketara egokitzeko proiektu errealak egin daitezkeela, gero Europako beste eskualde batzuetan errepikatuko direnak.Testuinguru horretan, ‘Euskal Adierazpena’, Aalborg-eko akordioen ondorengoa, tresna bikaina da Europak jasangarriagoa, bizigarriagoa eta inklusiboagoa izateko behar duen eraldaketa lortzeko”.

Ingurumeneko sailburuordeak azaldu du Eusko Jaurlaritzak Parisko Akordioaren helburuekin duen konpromisoa, eta nabarmendu egin du eskualdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zeregina. “Euskadi erreferentea da alderdi horretan –esan du Morenok–; gure jarduketak bat datoz Parisko helburuekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin”. 

Euskadiren ordezkaritza foro horiek aprobetxatzen ari da informazioa eta esperientziak elkarrekin trukatzeko eta Euskadik berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketan, klima-aldaketa eragiten dituztenetan, dituen emaitza onak aurkezteko. Euskadiko BEGen azken inbentarioan, 2015ekoan, jasotako datuekin bat etorriz, Euskadik % 24 murriztu ditu emisioak, 2005. urtearen aldean. Gainera, banandu egin dira sortutako emisioak eta euskal ekonomiaren hazkundea. 1990etik, Kyotoko Protokoloaren erreferentziazko urtetik, efizientzia, igorritako CO2ren unitateei eta sortutako BPGren unitateei dagokienez, % 47 hobetu da.

Euskadik klimaren goi-bileran duen ordezkaritzaren agenda atzo hasi zen; bertan, The Climate Groupeko zuzendaritza-batzordeak hitz egin zuen. Bestalde, emisioak murrizteko Under2 MOU Koalizioaren saioan izan zen; bertan, munduko biztanleriaren % º16 batzen duten eta munduko ekonomiaren % 39 ordezkatzen duten 39 herrialdetako 188 jurisdikzio daude.

Era berean, garapen jasangarriaren aldeko eskualdeetako gobernuen nazioarteko sarearen (nrg4SD) “Regions Adapt” klima-aldaketaren aurkako ekimenean parte hartu du; bertan, kideek, besteak beste Eusko Jaurlaritzak, egokitzapenari dagokionez izan dituzten lorpenak azaldu eta gobernu azpinazionalek eremu horretan klima-ekintza nola bizkortu dezaketen eztabaidatu dute.

Gaur, igandean, azaroaren 12an, “Tokiko eta Eskualdeko Liderrentzako Klimaren Goi Bilera”n parte hartu du.  

Biharko, azaroaren 13ko, jardunaldian, Ingurumeneko sailburuordeak garapen jasangarriaren aldeko eskualdeetako gobernuen nazioarteko sareak (nrg4SD) eta jasangarritasunaren aldeko toki-gobernuen sareak (ICLEI) antolatu duten topaketan parte hartuko du. Bertan, eskualdeetako eta udaletako gobernuek nazioarte- eta nazio-mailako eremuetan adostutako politika eta estrategietan duten protagonismoa nabarmenduko da, eta horiek ezartzeko duten protagonismoa. Foro horretan, Euskadik klima-aldaketara egokitzeko garatzen ari den ekintzak aurkeztuko ditu, besteak beste, Bilbon, Vitoria-Gasteizen eta Donostian ezartzen ari diren natura-irtenbideetan oinarritutako neurriak. Era berean, Udalsarea21 udalen sarearen esparruan egiten ari diren egokitzapen-ekimenak eta Eusko Jaurlaritza klima-aldaketa Lurralde Antolamenduaren Jarraibideetan txertatzeko egiten ari den lana aurkeztuko dira.

Bertan egunean, NBEko Ingurumeneko zuzendari nagusiak BreatheLife kanpaina aurkezteko eskainiko dituen hitzetan esku hartuko da; kanpaina aire garbiaren aldeko koalizioaren ekimena da, Osasunaren Mundu Erakundea eta Nazio Batuak buru direla. Kanpaina global horren helburua da hiriak eta pertsonak mobilizatzea, gure osasuna eta gure planeta airearen kutsaduraren efektuetatik babesteko. 

Azkenik, azaroaren 14an, Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak Pirinioetako Klima Aldaketaren Behatokiaren ordezkari gisa jardungo du, Europako Eskualdeen Biltzarrak eta Abruzzo Italiako eskualdeak antolatutako jardunaldian. Bertan, klima-aldaketa mendi-eremuetan izaten ari den eragina aztertuko da eta egokitzapenerako jardunbide egokiak trukatuko dira.

 

COP23 Klimaren Goi Bilerari buruz

 Klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioa adostu eta bi urtera da konferentzia; bertan, gainera, hiriek, estatuek, eskualdeek, lurraldeek, enpresek eta sozietate zibilak klima-ekintzako plan nazionaletan lagun dezaten bultzatuko da, eta nazioartean adostutako tenperaturaren helburuaren eta Garapen Jasangarrirako 2030erako Agendan jaso diren helburu zabalagoen alde egin dezaten.

COP23k, hasteko, dei egin du Parisko Akordioarekin hasitako bidearekin jarraitzeko; helburua da gardentasunari, emisioen murrizketari, finantzaketari, gaitasunak sortzeari eta teknologiari buruzko neurriak martxan jartzeko jarraibideak prestatzen aurrera egitea. Izan ere, xedea da arlo horietan aurrera egitea, jarraibideak COP24 goi-bileran amaitu daitezen; goi-bilera 2018an izango da, Polonian. Jarraibide horiek ezarri behar dute nola egiaztatu Parisen hartutako konpromisoak bete diren.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak