Berriak Kultura
Eu

Abenduaren 13tik aurrera Kultura Bonua salgai

2010.eko abenduak 09

350 establezimenduk hartuko dute parte kanpainan, iaz baino %22 gehiagok

Bigarren urtez, liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko balio dezake.

Astelehenetik aurrera (abenduak 13) salgai izango dira aurtengo Kultura Bonua kanpainako 52.000 bonuak. Iaz bezala, 25 euroren truke erosi ahal izango dira bonu horiek eta 40 euroko balioa izango dute, kultur produktuak erosteko: liburuak, musika, museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak. Aurten 350 establezimendu sartu dira kanpainan, iaz baino % 22 gehiago.

Eusko Jaurlaritzak 780.000 euro bideratu ditu Kultura Bonua kanpainara. Astelehenetik aurrera, eskuragai izango dira BBK eta Gipuzkoa Donostia Kutxako zerbitzu anitzeko kutxazainetan –sarrerak saltzeko ohiko formatuen egokitzapen grafikoa eginda, berariaz–, eta Caja Vital Kutxan, berriz, salmenta elektronikorako duen zerbitzuaren bidez, interneten.

Kanpainan parte hartuko duten 350 establezimenduetan erabili ahal izango da bonua, hiru lurralde historikoetan, eta, lehen esan bezala, establezimenduen kopurua % 22 igo da iazko aldean. Bonua hautatutako establezimenduan gastatu beharko da osorik, eta inolaz ere ez da dirurik itzuliko.

Pertsona interesdunek 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonuak, finantza-erakunde kolaboratzaileek gaitutako kutxazainetan.

Bonuak erosten dituzten pertsonek 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 20ra arte erabili ahal izango dituzte soilik, programari atxikitako establezimenduetan. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.

Programari atxikitako establezimenduek jasotzen dituzten bonuak 2010eko abenduaren 14tik 2011ko urtarrilaren 31ra bitartean kobratu ahal izango dituzte aukeratutako finantza-erakundeetan. Epe hori igaroz gero, bonuak ezingo dira kobratu erakunde kolaboratzaileetan.

Berritasun moduan, aurten, lehiaketa biral bat egingo da Interneten, onuradun gazteen presentzia handitzeko kanpainaren barruan. Eitb.com-ekin eta Kulturklik-ekin batera, bideo-spot lehiaketa bat antolatuko da, bonua publizitatzeko, izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak birsortzeko, eta, oro har, kulturaren kontsumoa jolaseko, aberaste pertsonaleko eta garapen kulturaleko iturri moduan sustatzeko. Bideoek 40 segundotik beherako iraupena izango dute, eta web horretatik xede horretarako deskargatu ahal izango diren azala eta ginglea erantsiz editatuta egon beharko dira.

3.000 euroko sari bat ezarri da spot onenarentzat, eta 2.000 euroko beste bat, bigarren sailkatuarentzat. Beste bi sari-modalitate ere egongo dira: ikusleen saria, eitb.com-en bidezko spot bozkatuenerako (1.000 euroko saria) eta 200na euroko beste bi sari (40 euroko bost bonu) bozkatzaileen artean zozketatzeko.

 

Iruzkin bat
  • @SUnzurrunzaga
    2010.eko abenduak 09

    Comentario de Twitter:
    Yo me apunto. RT @irekia_news: A la venta el Bono Cultura a partir del 13 de diciembre. http://ow.ly/3msPt

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)