Berriak Lehendakaritza
Eu

Irakurri-Léase "Euzkadi" (1912) koadroaren aurkezpenean izan da Lehendakaria Bilboko Arte Eder Museoan

2017.eko azaroak 10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Aurelio Arteta pintore bilbotarraren obra eskuratu du Eusko Jaurlaritzak museoarentzat

Aurelio Arteta artistaren Irakurri-Léase `Euzkadi´ (1912) koadroaren eskuraketaren aurkezpenean izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin batera, Bilboko Arte Eder Museoan. Gaur, Memoriaren Egunean, Lehendakariak omenaldi egin nahi izan dio Gerra Zibilaren garaiko “belaunaldi konprometitu, humanista eta kulturaren eta euskararen zale izan zen bati”. Hala, haietako bat dugu koadroaren egilea, erbestera joan behar izan zuena. 

Bilboko Arte Ederren Museoak bilduma sendotu du, Aurelio Arteta pintore bilbotarraren zirriborro original bat eskuratuta. Euzkadi egunkariak enkarguz eskatu zion kartel bat, 1913ko otsailean lehenengo aldiz argitaratuko zela-eta, publizitatea egiteko. Irakurri-Léase `Euzkadi´ (1912) du izena, eta balio historiko handia duen pieza da; izan ere, gaur egun oraindik orduko argazkien bitartez ezagutzen den kartela dokumentatzen du, oraindik ez baita kartel horren ale bat ere aurkitu.  Aurkezpenean izan dira ere bai Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan María Aburto, BBKko lehendakari eta Museoaren Patronatuko kide Xabier Sagredo, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugaza, eta Miriam Alzuri, Erakusketa Saileko teknikaria.

Bere esku-hartzean, Lehendakariak zorionak eman dizkio Bilbori, Europako Hiri Onena 2018 hautatu berri izan denari, eta nabarmendu du gaur aurkeztutako obra "balio artistiko, historiko eta dokumental" handikoa dela, jarduera kultural, editorial eta politiko handiko garai batean kokatzen baita. Koadroaren eskuraketa, adierazi duenez, gonbidapen berri bat da “hazten eta bere bilduma aberasten jarraitzen duen” museo hau bisitatzeko.

Obra hau –ikatz-ziria, gouachea, akuarela eta pastela paper indartuan, bastidorearen gainean– Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekarpenari esker helduko da museoaren bildumara. Artetaren lana ondo ordezkatuta dago bilduman, izan ere, guztira haren 39 obra daude –26 pintura, 4 marrazki, 2 kartel-ikur, zirriborro 1 eta 2 kartel, museoaren jabetzakoak; eta 3 pintura eta marrazki 1, gordailuan–. Horien artean, Artetak kartelgintzan egindakoaren erakusgarri diren bi lan: bat, Adiskideen Elkartearen Liburutegirako egindakoa, eta bestea, Donostiako estropadetarako egindakoa; biak dira mendearen lehen hamarkadetan Artetak egin zituen zirriborroetatik abiatuta egindako koloretako litografiak.

Lan hau Artetaren lanaren hasierako garaian kokatzen da; Paris eta Erroman ikasten egon ondoren, jaioterrira itzuli zen, pintore gisa bidea egiteko. Orain arte, obra hau euskal bilduma partikular batean egon da, eta, antza denez, egunkariaren ingurutik zuzenean heldu zitzaien 1936a baino lehen. Obra hau Euzkadi egunkariaren itxieraren 80. urteurrenean eskuratu da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak