Eu

Beatriz Artolazabal: “Gizarte Eskubideen Oinarria konpromiso erabakigarria da gizarte- eta lan-arloan Europa definitzeko”

2017.eko azaroak 11
  • Adierazpena erakundeek eta estatuek egingo dute, Europako Goi-bilera Sozialean, azaroaren 17an, Gotemburgo´n (Suedia)
  • Konpromiso politiko erabakigarria gizarte- eta lan-arloan Europa definitzeko

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, Gizarte Eskubideen Europako Oinarria konpromiso politiko erabakigarria da gizarte- eta lan-arloan Europa definitzeko. Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren funtsezko adierazpena erakundeek eta estatuek egingo dute, Europako Goi-bilera Sozialean, azaroaren 17an, Gotemburgon (Suedia).

“Gizarte Oinarriak Europar Batasunerako nahi dugun gizartearen oinarrizko definizioa ezartzen du: nola biziko garen, nola zainduko ditugun gure adinekoak, zer urrats emango dugun kalitateko enpleguak izateko edo nolakoak izango diren gure elkartasun-oinarriak zailtasun gehien dutenekin”, esan du Artolazabal sailburuak.

Gizarte Eskubideen Europako Oinarriak konpromiso politikoa bateratuko du eta jarduteko urratsak eskainiko dizkie Europar Batasuneko kide eta erakundeei, eta erkidegoaren gizarte-ideia sendotu eta garrantzia handiagoa emango die herritarrei. 20 printzipio eta eskubide dira, honako alderdi hauen ingurukoak: aukera-berdintasuna eta lan-merkatura sarbidea; lan-egoera dinamiko eta baldintza egokiko lan-egoera berriak; eta gizarte-babesa eta -inklusioa.

Enpleguaren eta gizarte-ongizatearen arloak ardatzak dira enpleguaren, emakumearen, etxebizitzaren, adinekoen eta gazteen, hezkuntzaren edo gizarte-zerbitzuen egungo gizarte-ereduak mende honetako Europaren gizarte-diseinu berrira egokitzeko”, esan du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabalen iritziz, “Gizarte Eskubideen Europako Oinarri berri horrek administrazio guztiak hartu behar ditu barne, bereziki  herritarrengandik hurbilen daudenak, besteak beste, gobernu azpiestatalak, gurea bezalakoa, orain ematen den prebentzioko, sustapeneko eta arretako funtzioa eta, etorkizun hurbilean, Europar Batasun berriaren oinarria eratzen duten gizarte-arloak. Asko dugu emateko XXI. mendeko Europaren eraikuntzari, zeina pertsonetan oinarritzen baita eta Gizarte Oinarriaren inguruko baita”.

Jean-Claude Juncker Batzordeko presidenteak pasa den abenduan ekimena proposatu zuenetik, Euskadik aktiboki parte hartu du haren garapenean.

Pasa den otsailean, Artolazabal sailburuak Europako Batzordeari azken hamarkadotan izandako gizarte-aldaketa esanguratsuenei buruzko hausnarketa eta zenbait proposamen aurkeztu zizkion, Batasuneko Gizarte Oinarri berriak kontuan hartzeko familia- eta haur-politiken egokitzapena gizarte-inbertsioaren paradigman sartzeko, pertsonek nahi beste seme-alaba izateko dauzkaten oztopoekin amaitzeko, bai eta haur-pobreziaren eta desberdintasunaren prebentzioari arreta gehiago eskaintzeko ere.

“Bruselari hainbat esperientziaren eta guk berrikuntzaren eta ezagutza sortzearen inguruan eginiko lanaren berri eman diogu, zahartze aktiboaren, gizarte-babesaren, desgaitasun- eta mendekotasun-egoeren, gazte-bermearen eta hainbat dimentsioren ikuspena behar duten beste politika batzuen gakoak identifikatzeko. Babes-politikak gizarte-sistema erresilienteak sortzera bideratu behar dira. Giza kapitalean inbertitu behar da”, esan du Artolazabalek.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak