Eu

Eusko Jaurlaritzak ikusmen artifizialeko teknologia instalatu du bere sareko trenbide pasaguneetako segurtasuna hobetzeko

2017.eko azaroak 10
  • Tapiak gainbegiratu du denbora errealean trenbidean arriskua dagoela ohartarazten duen eta BEGIRALE Controlling Risk startup-ak diseinatu duen sistema.
  • 2018ko ekitaldian teknologia berritzaile hori beste 6 trenbide pasagunetan instalatuko dela iragarri da: Gernikan, Usurbilen, Errenterian eta Irun/Hendaian.
  • Aginte postuari jakinarazteaz aparte, ETS eta BEGIRALE gidariak oharrak berehala jaso ditzan sistema konektatzeko lanetan ari dira.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, Antonio Aiz Garraio eta Azpiegitura sailburordearekin, Aitor Garitano ETSko zuzendariarekin, Imanol Leza Euskotreneko zuzendariarekin eta Begiraleko CO Iñigo Zorriketarekin, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Euskadiko trenbide administratzaileak kudeatzen duen sareko trenbide pasaguneetako segurtasuna hobetzeko mundu osoan aitzindaria den teknologia martxan jartzea gainbegiratu du gaur.

BEGICROSSING© izeneko sistema, Dominion taldeko BEGIRALE Controlling Risk startup-ak diseinatu du, eta ikusmen eta adimen artifizial teknologien erabileran oinarritzen da. Trenbide pasaguneetan egon daitezkeen arazoak goiz antzematea errazten du, igarobideko oztopoak identifikatuz edo trenbide pasaguneko azpiegiturako segurtasun elementuren baten akatsaz jabetuz, besteak beste.

Berrikuntza trenbideetan

BEGICROSSING© sistema euskal trenbide sarean instalatu izanak, enpresa proiektu horren inguruan sortutako aurreikuspen bikainak baieztatzen ditu, eta euskal enpresa egituraren garapenean beste pauso bat suposatzen du, bereziki ikuspegi teknologikoari eta I+Gari dagokienean. Euskal administrazio publikoko erakundeen laguntzari esker, proiektua Euskadiko lankidetza publiko-pribatuaren beste arrakasta kasu bat bilakatu da.

Sailburuak aurreratu duenez, “2018ko ekitaldian Euskotrenek ustiatzen duen sareko beste 6 trenbide pasagunetan ezarriko da sistema”. Sistema leku hauetan instalatuko dela aurreratu du: 2 Gernikan (Gurutze Gorria eta Vega kalea), Usurbilen (Aginaga), Errenterian eta 2 Irun/Hendaian.

Tapiak azpimarratu duenez, “kontua ez da soilik azpiegituretan edo hormigoiean inbertitzea, trantsizio teknologikoa egin behar dugu, garai digital berrira modu transbertsalean egokitzeko, ez industrian bakarrik, baita garraioetan eta trenbideetan ere”. Azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritza hainbat berrikuntza proiektutan ari da lanean, puntako teknologiak sartuz ustiapena automatizatzeko, eragiketak optimizatzeko aukera emango duten kudeaketa eredu berrietan sakontzeko eta zerbitzu seguruagoa, eraginkorragoa eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko.

Teknologia aliatu gisa

Aurkezturikoa segurtasuna hobetzen laguntzeko diseinatutako soluzio teknologikoa da, arriskuak, kalteak edo, kasurik okerrenean, istripuak sor ditzaketen egoerak garaiz identifikatzeko balio duena, trena errepideetako ibilgailuekin eta oinezkoekin batera elkarrekintzan ari den guneetan.

Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Euskadiko trenbide sareko segurtasuna hobetzeko duen konpromisoan pauso berri bat eman du, ekarpen teknologikoa gaur egun sei pasagunetan dago instalatuta: Amorebietan (2), Asua-Erandion, Berrizen, Muxikan eta Gernikan. Guztiak ere trenbide bakarreko pasaguneak dira, hesi bidezko babes sistema dutenak. Lehenbiziko fase hori beste 6 pasagunetan instalatuko den bigarren fasearekin osatuko da.

Teknologia hainbat hilabetez testatu da Urbiko trenbide pasagunean (Basauri) egin diren proba pilotuen bitartez. Sistemak aktibo jarraituko du bertan. Proba horietan ETSk funtsezko lana egin du sistemaren garapenerako eta azken balioztapenerako.

Ohartarazpena aginte postuari eta gidariari

Gaur egun, aginte postuari jakinarazteaz gain, lanean ari dira soluzioa trenbide pasaguneetik gertu instalatuta dauden seinaleztapen sistemarekin (argizko seinaleak eta hots sistemak) lotzeko, gidariek alertak momentu errealean jaso ahal ditzaten. Arrisku egoeretan, aginte postutik jasotako ohartarazpenez gain, teknologiak gidariari zuzenean jakinarazteko aukera emango du.

Nazioarte mailan aitzindaria den, eta hainbat herrialdetako trenbide azpiegitura kudeatzaileen interesa piztu duen sistemak denbora errealean egiten du lan. Hori dela eta, jarduketarako denbora eta gerta daitekeenaren ondorioak asko murrizten dira.

BEGIRALE Controlling Risk, euskal ekimen teknologikoa

BEGIRALE Controlling Risk 2013an sortu zen, Dominion euskal enpresak bultzatutako proiektu gisa. Sortu zenetik Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntza izan du, SPRIren Ekintzaile programaren bitartez.

Ekimenak Vicomtech fundazioaren laguntza estua ere badu. Fundazio hori erreferentziazko zentro teknologikoetako bat da ikusmen eta adimen artifizial alorrean, zientzia, teknologia eta berrikuntza euskal sarearen barruan dago eta bere laguntza eskaintzen du erronka teknologiko konplexuei ekiteko.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @druizoses
    2017.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco instala tecnología de visión artificial para mejorar la seguridad de los pasos a nivel de su red https://t.co/SnvVTRlNuU

  • @bind40
    2017.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    #artificialvision to secure train crossings by Basque company @Dominion_Grupo with technology from @Vicomtech_IK4 https://t.co/kGafEA8xnb

  • @gananzia
    2017.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    Una filial de @Dominion_Grupo instala un sistema de visión artificial en los pasos a nivel de @euskotrenEJGV https://t.co/CApNpeA76S

  • @Kepa_Munoz
    2017.eko azaroak 10

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco instala tecnología de visión artificial para mejorar la seguridad de los pasos a nivel de su red https://t.co/IIEI3pnQOu

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Begiraleko teknikariak