Eu

Gobernuak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebaskekin, ASLErekin eta Konfekoopekin

2017.eko azaroak 08
  • Aldeek adostu dute protokoloari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta sustapen zuzena egitea
  • Agente sinatzaileek interesa dute gazteak euskal enpresetara buelta daitezen sustatuko duten programetan sakontzeko

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Confebaskek (Euskal Enpresarien Konfederakuntza), ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea) eta Konfekoopek (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), gaur goizean, euskal gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden lan-zentroetara bueltatzeko programari zabalkundea emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.

Aldeek adostu dute gazteak bueltatzeko programari buruzko informazioari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta programak eskaintzen dituen aukeren inguruan interesa izan dezaketen pertsonen aurrean sustapen zuzena eta pertsonalizatua egitea. Horretarako, alde sinatzaileek beren giza baliabideak, informatikoak eta materialak izango dituzte.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak, Kepa Olivares ASLEko presidenteak, Rosa María Lavín Konfekoopeko presidenteak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, gaur, akordioa izenpetu dute Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan.

Euskal enpresa-sarean, Confebask euskal enpresarien interesen adierazle da, ASLE lan-sozietateen enpresa-taldea da gizarte-ekonomiaren arloan eta Konfekoop Euskadiko kooperatiben ordezkaria da, lankidetzako sustapena eta prestakuntza bultzatuz. Euskal Unibertsitate Sistema dela eta, prestakuntza-eskaintza zabala eta kualifikatua du, ezagutza-adar guztietan. Prestakuntzaz gainera, horietan ikasketak egin zituzten pertsonekin loturei eusteko programak dituzte; horrela, pertsona horien lan-ibilbideen datuak izateko sareak eratzen dituzte (Ehualumni, Deustoalumni edo Mukide).

Gaur goizean, agerian geratu da agente sinatzaile guztiek interes bera dutela: erkidego honetatik kanpo lan-jarduera hasi duten gazteak euskal enpresetara buelta daitezen sustatuko duten lan-jarduketako programetan sakontzea.

Programa aitzindaria

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek, aurten, programa aitzindaria jarri dute martxan; kalitateko enplegua sustatzen du, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko. Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei.

2017an, 1.766.667 euro bideratu dira programa horretara, eta programarekin jarraitzea aurreikusten da.

Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu egiten du programa hau.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Roberto Larrañaga, Confebaskek; Kepa Olivares, ASLE; Rosa María Lavín, Konfekoop; Agustin Erkizia, UPV/EHU; José María Guibert, Deustuko Unibertsitatea; eta Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitatea