Berriak Segurtasuna
Eu

Onartu da Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakunde arteko Batzordea sortzeko dekretua (Gobernu Bilera 2017-11-07)

2017.eko azaroak 07

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako funtsezko edo oinarrizko zerbitzuak dira, beste batzuekin batera, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak ezartzen duenez.         

Euskadin dauden zerbitzuen titulartasuna eta kudeaketa lurralde historikoei eta hiriburuei dagokie. 

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak honako ahalmenak izendatzen dizkie erakunde komunei: suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetarako sarbide-erregimenaren zehaztasunak arautzea; langileen prestakuntzan eta hobekuntzan lagunduz parte hartzea; haien lurralde-eremutik kanpo jarduteko lankidetza eskatzea, beharrezkoa denean; ekipamenduen eta materialen normalizazioa eta homologazioa lortzea; eta suteen prebentzio eta itzalketarako udal-araudia sustatzea. 

Egokia da lan egiteko metodoak homogeneizatzea, ekipo eta materialak normalizatzea nahiz homologatzea eta suteetako esku-hartzeei buruzko eredu estatistiko komun bat izatea zerbitzu ezberdinen elkarlana ziurtatzeko larrialdiaren ondorioz beharrezkoa izango balitz, koordinazioa eta lankidetza oinarrizko jarduketa-printzipioak izanik bai Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 61. artikuluari bai Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 2. artikuluari jarraituta. 

Helburu horiek bideratzeko, eta erakunde komunei izendatutako eginkizunak betetzeko, badirudi egokia dela tartean diren erakunde komunetako nahiz zerbitzuen titularrak diren gainerako erakunde-mailetako administrazioak elkartzeko organo bat izatea. Organo aholku-emailea eta parte-hartzailea izango litzateke, eta bertan hartutako erabakiak borondatez eramango lituzkete aurrera parte-hartzaileek. 

Hori guztia kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak eskatuta, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakunde arteko Batzordea sortzeko Dekretua onartu du gaur. Gaiaren inguruan aholkuak emateko, eztabaidarako eta parte hartzeko organoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.   

Eginkizun hauek izango ditu Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakunde arteko Batzordeak: 

a)    Zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea, batez ere erantzuteko denboran eta zerbitzua baldintza homogeneoetan eskaintzearen inguruan, hiriburuaren eta/edo lurralde historikoaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuta. 

b)    Zerbitzuen baliabide teknikoak eta behar dituzten bestelako baliabideak homogeneizatzea proposatzea, egin beharreko lanak eraginkorragoak izateko.

c)    Zerbitzuen jarduteko metodoak eta protokoloak homogeneizatzea sustatzea; eta horretan diharduten administrazio guztiek adostu beharko dituzte.

d)    Zerbitzuentzat izango diren ikastaroen eta gainerako prestakuntza-ekintzen programazioaren berri izatea.

e)    Zerbitzuen arteko lankidetza-akordioak bultzatzea.

f)     Zerbitzu guztientzat komuna izango den estatistika-eredu bat ezar dadila sustatzea.

Batzordearen proposamenak eta txostenak ez dira lotesleak izango. 

Honela osatuta egongo da erakunde arteko batzordea:

  • Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen saileko zuzendari bat.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titularrak diren administrazioen bina ordezkari.
  • Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari, segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen saileko sailburuak aukeratuak, hain zuzen ere batzordeak dituen eginkizunen eremuan erantzukizunen bat dutenen artetik.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ordezkari bat.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalen ordezkaritza zabalena duen elkarteko ordezkari bat.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileen ordezkaritza zabalena duen elkarte profesionaleko bi ordezkari.
  • Idazkaria: Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen saileko funtzionario bat.

Erakunde bakoitzak hautatutako pertsonak segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen sailaren titularrak izendatuko ditu Batzordeko kide. Kideen kargu-uztea horiek izendatzeko jarraitutako prozedura bera jarraituz egingo da. 

Kargua hutsik geratzen bada edo batzordekidea ez badago edo gaixorik badago, bere lekua dagokion organoaren, elkartearen edo antolakundearen ordezkari batek beteko du, aldez aurretik idazkariari jakinarazita.

Aztergaiek hala eskatzen dutenean, bileretara deitu ahal izango dira Batzordeko kide ez diren pertsona adituak, eta hitz egiteko aukera izango dute baina ez dute botoa ematerik izango.

Batzordea urtean behin elkartuko da gutxienez ohiko bilkuran.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko