Eu

Kirolarekin lotutako lanbideei buruzko lege berriak irakasleen, monitoreen, entrenatzaileen eta kirol-zuzendarien jarduera arautuko du (Gobernu Bilera 2017-11-07)

2017.eko azaroak 07

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du araudi honen aurreproiektua, eta orain Eusko Legebiltzarrera bidaliko du bertan eztabaida dezaten

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskadiko kirolarekin lotutako lanbideei buruzko Legearen aurreproiektua, eta orain Eusko Legebiltzarrera bidaliko du taldeek eztabaidatu eta ahalik eta adostasunik handienaz onar dezaten. Araudi honen helburua da kirolaren esparruko hainbat lanbide-jarduerari buruzko oinarrizko alderdiak arautzea, horietan aritzeko beharrezko kualifikazioa zehaztuz. Onartutako lege-aurreproiektuak honako lanbide-jarduerak arautzea proposatzen du: Gorputz Hezkuntzako irakasleak, kirol-monitoreak, entrenatzaileak eta, azkenik, kirol-zuzendariak. Euskadin 20.000 pertsona inguruk egiten dute lan arautuko diren lau esparruetan. 

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barnean egonik, Bingen Zupiria sailburuak aurkeztu du aurreproiektua Gobernu Kontseiluaren ondoren egin den prentsaurrekoan.  Sailburuak azaldu duenez, kirolaren arloko lanbideek gero eta eragin handiagoa dute gizartean, eta arautu egin behar dira, gaur egungo egoera zuzenduz.  Era horretara, legeak ahalbidetuko du araututako lanbideetan jarduteko beharrezko kualifikazioak zehaztea, lanbide bakoitzari dagokion jarduera-eremu orokorra izendatuta. 

Gaur aurkeztu den aurreproiektuak ezartzen du  kirolarekin lotutako lanbideetan jardun ahal izateko ez dela ezinbestekoa izango goi mailako hezkuntzako titulu akademiko bat izatea, eta lanbide horietan jardun ahal izango dela dagozkion kualifikazioak hainbat mailatako titulu akademikoen bidez edo profesionaltasun-ziurtagirien bidez ere frogatuta. Aurreproiektua onartzen bada lege honen bidez arautuko diren lanbideek hezkuntza, aisialdi, lehiaren arloa eta zuzendaritzarena barne hartuko dituzte. 

Irakasleak 

Lehenik eta behin, Gorputz Hezkuntzako irakasleei buruzko hezkuntza-legedia osatuko du legeak. Kasu honetan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari jarraituz araututa dagoen lanbide tituluduna eta kolegiatua da. Hala ere, Legeak lehen sorospeneko gutxieneko prestakuntza izatea eskatuko die irakasleei, bereziki bihotz-biriketako bizkortzean, ikasleen segurtasuna bermatzeko. Gobernu Kontseiluak onartutako aurreproiektuan azpimarratzen da arlo honetako lanbideen garrantzia, batez ere gizarteak dituen sedentarismo-arazoak kontuan hartuta, eta aparteko protagonismoa ematen die jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien esparruko unibertsitate-prestakuntza espezifikoei. 

Kirol-monitoreak

Lege-aurreproiektuak, bigarrenik, kirol-monitoreen lanbidea aitortzen eta arautzen du, garrantzi handia hartu duela eta. Lanbide honetan lehiaz kanpoko eremuak eta jarduera-multzo zabala daude:  aerobikeko edo pilateseko gimnasioko monitorea, eskolaz kanpoko kirol anitzekoa, natura-eremuko abentura anitzekoa, surfeko monitorea, igeri egiten ikastekoa edota ur zakarretako piraguismoko gidaria. 

Legeak ezartzen du jarduera horietako bakoitzak eskakizun espezifiko bat betetzea eskatuko duela (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduatua,  Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako Animazioko goi mailako teknikaria, profesionaltasun-ziurtagiria…). Eskola-kiroleko kirol anitzeko jardueretako monitoreen kasuan, gaituta daude foru-aldundiek eskainitako prestakuntza-ekintzak egin dituzten pertsonak. 

Entrenatzaileak 

Araututako hirugarren arloa lehiaketako kirolaren eremuko kirol-entrenatzaileena da. Jarduera honek ere errealitate oso ezberdinak barne hartzen ditu, eskola-kiroletik hasi eta errendimendu handiko kirolera arte. Legeak, beraz, errealitate horietako bakoitza zehazten du (ikastetxe bateko entrenatzailea, jubenilen talde bateko entrenatzailea…). Kirol-jarduera horretan ari direnen formazio-etapak (hastapena, hobekuntza edo goi maila) eta kirolaren ezaugarriek baldintzatuko dute zein titulazio edo ziurtagiri behar diren. 

Kirol-zuzendariak 

Legeak, azkenik, kirol-zuzendariaren lanbidea arautzen du, lanbide horrek zuzendaritza, programazio, plangintza, koordinazio, kontrol eta gainbegiratze teknikoekin lotutako jarduera profesionalak egitea ahalbidetzen du. Kasu honetan jarduera-esparruaren araberako titulazioa beharko da: ikastetxe bateko eskola-kiroleko koordinatzailea, kirol-elkarte jakin bateko koordinatzailea, elkarte federatu bateko kirol-zuzendaria edo fitness-zentro bateko ur-jardueretako koordinatzailea. 

Bestalde, Legearen aplikazio-eremuak lau arlo hauetan era profesionalean aritzen direnei eragingo die, baina arlo horietan aritzen diren boluntarioek ere bete beharko dituzte ezarritako kualifikazio-exijentziak, xedapen-gehigarrian aipatzen denari jarraiki. Horrela, dirurik jaso gabe entrenatzaile, monitore edo kirol-zuzendari gisa ari diren horiek beren jardunaren ezaugarriei dagozkien eskakizunak (etaparen arabera, kirolaren arabera…) bete beharko dituzte, baina erraztasun gehiago izango dituzten baldintzak bete ahal izateko. 

Kontuan hartuta legegintza-aldaketa honek lehenbiziko aldiz arautzen duela lanbide jakin batzuetako jarduna eta horrek trantsizio-arazoak ekar ditzakeela, arreta berezia eskaini zaio egoera horri. Horrela, legea pixkanaka ezartzeko mekanismoak jaso dira, eta, era berean, kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen eskaerari aurre egin ahal izateko profesional tituludunik ez izatearen egoerak aurreikusi dira. 

Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, baina epe bat izango da horren eragina izango dutenak egokitu  daitezen. Legeak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dituzte hauek 2021eko urtarrilaren 1erako; monitoreen kasuan, 2022ko urtarrilaren 1erako. 

Guztira, 19.703 pertsona ari dira lau arlo hauetan Euskadin, eta zenbait kasutan jarduera batean baino gehiagotan ari dira. Horrela, 13.319 entrenatzaile daude, 12.167 monitore, 1.723 kirol-zuzendari eta, azkenik, 1.401 irakasle daude gure Erkidegoan.. Azkenik, azpimarratu beharra dago genero-ikuspegia eta euskararen presentzia kirol erakundetan kontuan hartzen dituela Lege honek.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko abenduak 06

    Anteproyecto de Ley que está mezclando desempeños profesionales con participaciones altruistas y sin ánimo de lucro. Se aprecian ambigüedades al respecto, y no se aclara qué tipo de facilidades se van a ofrecer a este segundo colectivo. De lo contrario estas nuevas exigencias pueden hacer desaparecer tanto clubes como federaciones de montaña, etc. ¡Y bastantes problemas de relevos generacionales (e internos) tienen ya!

  • @fua64
    2017.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 Aprobado el anteproyecto de Ley sobre acceso y ejercicio de profesiones del #deporte en #Euskadi ➡ https://t.co/fvPlk6tGW9 h…

  • @mugikonsalud
    2017.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 Aprobado el anteproyecto de Ley sobre acceso y ejercicio de profesiones del #deporte en #Euskadi ➡ https://t.co/fvPlk6tGW9 h…

  • @Juanjo_Gude
    2017.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 Aprobado el anteproyecto de Ley sobre acceso y ejercicio de profesiones del #deporte en #Euskadi ➡ https://t.co/fvPlk6tGW9 h…

  • 2017.eko azaroak 07

    Y respecto a los Guías Voluntarios de montaña y senderismo en los Grupos de Montaña , que dice la ley y vuestra opinión???

Komunikabideek behera kargatzeko