Eu

Irudika nazioarteko ilustrazio topaketa profesionalaren lehenengo edizioa hasiko da Gasteizen ostiralean

2017.eko azaroak 06

Euskal Irudigileak elkarte profesionalak gaur aurkeztu du Gasteizen Irudika, Euskadiko lehenengo Ilustrazio Topaketa Profesionala. Topaketa azaroaren 10ean eta 11n egingo da, eta Euskadiko irudigintzaren sektorea eta industria nazioartean ikusgai jartzeko erakusleiho aparta izango da. Euskal Irudigileak elkartearekin batera ekitaldia antolatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Artium Museoak.

Gaurko aurkezpena Arabako hiriburuko Artium Museoan egin da, eta proiektua antolatzen parte hartu duten hiru erakundeen ordezkariak ere izan dira bertan. Eusko Jaurlaritzaren izenean Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz izan da; Arabako Foru Aldundiaren izenean Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Igone Martínez de Luna; eta Gasteizko Udalaren izenean Enpleguaren eta Garapen Ekonomikoaren Saileko zinegotzi Nerea Melgosa. Erakundeetatik ekimenaren garrantzia nabarmendu dute, Gasteiz berriz ere erreferentzia izango den aldetik irudigintzaren munduan,  Asociación Profesional de Ilustradores/as de Euskadi / Euskadiko Euskal Irudigileak elkartearen lehendakari Elisabeth Pérezek azpimarratu duen bezala.

Irudika nazioarteko azoka izateko bokazioarekin aurkeztu da lehenengo edizio honetan.  Ekitaldiaren helburua da profesionalei etengabeko prestakuntza espezializatua eskaintzea bertako zein nazioarteko hizlarien hitzaldien eta tailerren bidez. 

Edizioaren, irudigintzaren, komikiaren eta animazioaren munduan erreferentzia diren pertsona ezagunak elkartuko dira topagunearen bi egunetan, eztabaida eta gogoeta egiteko eta lanak erakusteko.

Topaketak lau ekintza-lerro ditu:

a. Eztabaida eta mahai-inguruak: Elkarrekin argitaratutako lan bat duten hiru hizlariren hiru txanda izango dira, eta txanda bakoitzean beti izango da, beraz, euskal profesional bat, argitaratzaile bat eta irudigile bat gutxienez. Hirurek hitz egingo dute lotzen dituen proiektuaz, eta, bakoitzak bere lanbidearen ikuspegitik, 360º-tan osatuko dute argitalpen-lanaren esperientzia. (ikus azpian hizlariak)

b. Tailerrak: Albarracínekoa bezalako eredu preziatuak berreskuratuta, Irudikak 5 tailer sekretu eskainiko ditu. Bere denbora eskainiko diguten nazioarteko hizlariak bertan izango direla aprobetxatuko dugu, ikaskuntza teorikoen, hitzaldien, eztabaiden eta solasaldien bidez ez ezik batez ere praktikaren bidez ere egiten baita bizipenen benetako elkartrukea.  

c. Hitzordu eta elkarrizketa profesionalak (networking): Irudigileek argitaratzaileekin eta profesionalekin elkartzeko aukera izango dute euren portfolioa hobetu ahal izateko eta lan-hitzarmenak burutu ahal izateko. Irudigintzatik elikatzen diren sektoreetako, hau da, publizitate eta agentzietako, animazio produktoretako, aldizkari eta prentsako, argitaletxe eta diseinu grafikorako estudioetako edo arte grafikoekin zerikusia duten enpresetako profesionalen arteko Networking-eremua egokituko da.

d. Lehiaketak eta egoitza artistikoa: Sorkuntzari laguntzeko eta etorkizunera begira, irudigintzaren eta animazioaren arloko bi lehiaketa sortzeko plataforma ere izango da Irudika, eta irabazleek saritzat eramango dituzte 1.000 € eta egoitza artistiko bat Gasteiz, Bilbaoarte eta Algoulêmeko La Maison des Auteurs artean. Sari honek Adoberen laguntza du.

Informazio guztia ondoko estekan

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko