Berriak Kultura
Eu

Urgellek “faltsu, funsgabe eta sektariotzat” jo ditu José Luis Bilbaoren hitzak

2010.eko abenduak 03

Kultura sailburuak salatu du Bizkaiko Diputatu Nagusiaren hitzek kultura eta euskara sailetan Foru Aldundiko “aurrekontuetako murrizketa ezkutatzea” dutela helburu

Eusko Jaurlaritzak adierazi du “ez duela onartuko” euskarak suposatzen duen ondarea “era arduragabean erabiltzea, azpijoko oker eta doilorren bitartez, era sendoan finkatutako adostasuna hausteko”. Kultura sailburuak, Blanca Urgellek, gaur goizean José Luis Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, egindako adierazpenei erantzun die; Urgellek atsekabez jaso du Bilbaok erkidegoko Gobernua kritikatzea helburu duten adierazpen horiek egiteko bereziki gaurko eguna aukeratu izana. Izan ere, gaur lehen aldiz, euskararen gaineko Adierazpen Instituzionala egiteko parlamentu-talde guztien akordioa lortu dute. Urgellek uste du Bilbaok deskortesiaren maila “alde handiz” gainditu duela eta “oso argi faltsukeriaren eta funsgabeko deskalifikazioaren eremuan” sartu dela. Urgellek gogorarazi du Gasteizko Gobernuak “Foru Aldundien aurrekontu-zailtasunekin errespetua izan duela”; Bilbaok kultura eta euskara sailetan Foru Aldundiko “aurrekontuetako murrizketa ezkutatzen saiatzen aritzea” kritikatu du, eta haren salaketak “frogaezinezko mantratzat” jo ditu. Kulturako sailburuak adierazi du “ez dituztela faltsukeria eta norberaren ahultasunak estaltzea era pasiboan onartuko” eta “gure Gobernuak euskararen defentsan duen konpromiso lehial eta zorrotza” defendatu ditu. “Euskara guztiona da eta inork ez du haren jabetza esklusiboa, Bilbao jaunak eta haren alderdiak oraindik ulertzen ez badute ere”, gehitu du.

BLANCA URGELL, KULTURA SAILBURUAREN ADIERAZPENA

Zuen aurrean adierazpen publikoa egin nahi nuke, Euskararen Nazioarteko Egun honen inguruan bizi dugun elkartasun eta batasun giroa zapuztu dituzten hitzei erantzuteko.

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren izenean, zorionak eman beharrean nago Legebiltzar honetako alderdi guztiek egindako adierazpen instituzionalean izandako adostasunagatik. Adierazpen horretan gure hizkuntza defendatzen dugu, eta guztiok elkartzen gaituzten oinarrizko irizpideak baieztatzen ditugu.

Hori dela eta, gaur goizean bertan José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi eta hautagaiak Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren kontra esandakoak deskortesia baino gehiago dira, adierazpenak egiteko aukeratutako eguna eta espiritua egokiera kaskarrekoak. Hala, faltsutasunaren eta debaldeko deskalifikazioaren lur labainetan dabiltza hitz horiek, batere oinarririk gabe. Zoritxarrez, gaurko egunean ere ez du aukera galdu Bilbao jaunak modu sektarioan jarduteko, erakundeen kontsentsua urratu eta interes alderdikoiz aritzeko.

Gobernu honek erabateko errespetua izan die erakundeek dituzten aurrekontu-arazoei. Hori dela eta, gure hizkuntza sustatzeko bidean egindako diru-murrizketarik orain artean ez du salatu.

Gure orain arteko errespetua eta deskalifikazio hau ez datoz bat, ordea. Esan liteke Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen eta kulturaren alorrean egindako murrizketak ezkutatzeko ahalegina dela. Hori dela eta, ez ditugu onartuko ez faltsutasuna, ez zuen gabezien estalkeriak.

Benetako zifrak eskuan hartuta, nekez aurkitu ahal izango da gure sailaren jarduna lausotuko duen orbanik, ez eta Jaurlaritzak euskara defendatzeko duen konpromiso zintzo eta zorrotza ahulduko duenik ere.

Euskara guztiona da, ez da inoren jabetza, Bilbao jaunak eta bere alderdiak oraindik ulertu ez badute ere. Gobernu honek ez du onartuko guztion ondarea arduragabe erabiltzea, trikimailu makurrekin eta zikoitzekin, ederki mamituta dagoen kontsentsua hausteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, sailburua