Eu

Eusko Jaurlaritzak sustatutako ‘Zinema Euskaraz’ programak presentzia handiagoa izango du Araban, Laudio Top Zinemarekin sinaturiko akordioari esker

2017.eko azaroak 02

Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bidez sustatzen duen Zinema Euskaraz programak Araban duen presentzia areagotu du, bere pelikula-katalogoa emateko xedearekin Laudio Top Zinemarekin sinatu duen akordioari esker. Arabako udalerri honetako zinema-areto bakarrak bat egin du, baita ere, EZAEk (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea) kudeatu eta Jaurlaritzak babesten duen Bidaiariak Zinemara programarekin, eta honen bidez ekimenak eskaintzen dituen abantailez gozatzeko aukera izango dute ikusleek.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti akordio honen aurkezpenean izan da gaur, Laudioko zinema-aretoan. Berarekin batera, Laudioalde Lanbide Eskolan dagoen zinema-aretoa kudeatzen duen DECU Audiovisuales y Cultura enpresaren arduradun Jose Duarte eta EZAEko presidente Alfonso Benegas egon dira.

“Eusko Jaurlaritzak esfortzu ekonomiko bat egiten du, Zineuskadiren bitartez, euskarazko zine-eskaintza esanguratsua irits dadin gure zinema-aretoetara. Helburua da ahalik eta ikusle gehienengana iristea; Laudioko aretoarekin sinaturiko akordioari esker, Zinema Euskaraz programa Aiaraldeako eta Arabako milaka pertsonarengana hurbilduko da", adierazi du Atorrasagastik.

Zinema Euskaraz eta Bidaiariak Zinera programen bitartez, udalerri honetako zinema-aretoak bere eskaintza hobetuko du eta, halaber, ikusleentzako deskontu-programa arrakastatsu batean parte hartuko du. Zinema Euskaraz programak euskaraz bikoiztutako filmen aukeraketa bat eramaten du, urtero, euskal zinema-aretoetara. Zineuskadiren eta EiTBren arteko akordio batek pelikula horien promozio-kanpainak errazten ditu erakunde publikoaren hedabideetan; EZAErekin sinaturiko lankidetzak, bestalde, Zinema Euskaraz programaren barruan bultzaturiko pelikulak zinema-areto komertzialetan estreinatzea bermatzen du.

Zinema Euskaraz-en barruan, Zineuskadik euskarara bikoiztutako hamabi nazioarteko estreinaldi inguru aurkezten ditu urtero Euskadiko zinema-aretoetan, animazio-filmak gehienak; eta euskarazko zinema milaka ikuslerengana hurbildu egiten du. Eusko Jaurlaritzak 366.000 euro inbertitu ditu aurten programa honetan. Aipatu beharra dago Zinema Euskaraz programak presentzia xumea zuela orain arte arabar lurraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan zuena baino askoz ere txikiagoa. Laudio Top Zineman egoteak Araban duen presentzia areagotuko du datorren abendutik aurrera.

EZAEk, bestalde, Bidaiariak Zinera kanpaina sustatzen du urtero, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bidez ematen dion laguntzarekin. Bere xedea da euskal eta Europako zinearen kontsumoa sustatzea eta zinema-aretoetako erabiltzaileak areagotzea. Aurreko bi urtetan izandako arrakastaren harira, EZAEn sarturiko ekimen pribatuko 59 zinema-aretok, Laudioko aretoa barne, deskontu bat eskainiko dute txartelen prezioan, zinerik onenaz gozatzeko aukera eskainiz. 2016. urtean, 20.000 ikusle baino gehiagok tarifa murriztuko txartela ordaindu zuten 12 pelikula ezberdin ikusteko.

Zinema Euskaraz eta Bidaiariak Zinera programez gain, Zinegabonak ekimena ere Laudiora helduko da aurten, lehen aldiz. Programa hau Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru hiriburutan ospatu ohi da, baina aurten Gasteizen antolatu beharrean Laudio Top Zineman izango da. Gaztetxoentzako hainbat jarduera antolatuko dira programa honen barruan.

168 eserleku dituen Laudioko zinemak, orain arte, bi saio ematen zituen astean, Laudioko Udalarekin sinaturiko akordio baten ondorioz. Orain, udal programazioaz gain, aipaturiko bi programa horietako filmak eskainiko ditu, eta zinema-saioak, larunbatetara mugatuta orain arte, asteko beste egun batzuetara hedatuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko