Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ibilgailua aparkalekuan uzteko ezinduentzako txartelaren eredu berri batek aparkalekuen iruzurrezko erabilera eragotziko du

2010.eko abenduak 03

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako saila ibilgailua aparkalekuan uzteko ezinduentzako txartelaren eredu berri bat banatzen hasiko da urtarrilean, baimenik ez duten ibilgailu-erabiltzaile pribatuek txartela iruzurrez erabiltzea saihesteko.

Jaurlaritzaren neurriaren arrazoia izan da azken urteetan kexa asko jaso direla eraginpeko pertsonen eskutik, baita ezinduen erakundeen, udalen, gizarte-zerbitzuen eta udaltzaingoaren eskutik ere, hain zuzen ere erabilera desegoki horien berri emanez (jatorrizko txartela faltsutzea, agiria ahaideei eta senitartekoei lagatzea, etab.). Oro har kalkulatzen da euskal udalerrietan 3.500-4.000 aparkaleku daudela gordeta ezinduen ibilgailuak aparkatzeko.

Faltsutzea saihesteko segurtasun-elementuak handitzeaz gain, aldaketen helburua da trafiko-araudiaren erabilera egokia eta betearazpena zaintzeaz arduratutako pertsonen lana erraztea. Aldaketak txartelean nahiz hori babesten duen plastikoan egin dira, izan ere ezkerreko alboan "Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco" marka jarri baita.

Hala ere, berrikuntza nagusia izan da ezinduak nazioartean identifikatzen dituen ikonoa -gurpil-aulki batean dagoen pertsona baten silueta- material holografiko batekin egin dela. Segurtasun-neurri hori indartzeko, era berean, txartelaren hondoaren koloreak tonu pixka bat ilunagoa eta distiratsuagoa hartu du. Horretaz gain, txartel bakoitza pertsonalizatuko duen serie-zenbaki bat gaineratuko da, eta, gehigarri gisa, udal bakoitzak bere erregistro-zenbaki propioa jarri ahal izango du.

Gizarte Gaietako sailburuorde Fernando Fantova jaunaren ustez, ibilgailua aparkalekuan uzteko ezinduentzako txartela "tresna eraginkorra da mugitzeko arazo larriak dituztenentzat, txartelaren onuradunei autonomia gehiago ematen dielako, eta, horren bitartez, horien gizarteratzea eta laneratzea bultzatzen duelako". Bere iritziz, titularrak ez direnen iruzurrezko erabilera, trafikoko araudia urratzeaz gain, "gizabidearen urratzea eta aparkaleku mugatuak benetan behar dituzten pertsonekiko errespetu-falta bat da".

Ibilgailua aparkatzeko txartela 1998an EBk ezarritako gomendioetara egokitu zuten lehenetako bat izan zen Euskadi. Izan ere, gomendio horien helburua zen ibilgailua aparkatzeko ezinduentzako txartelarentzat estatu kide guztietan aitortutako eredu bakar eta bateratu bat sortzea. Horri dagokionez, Gizarte Gaietako sailburuordeak gogoratzen du "dokumentua pertsonala eta besterenezina izateaz gain, kudeaketa jakin bat egin ahal izateko ezinbesteko denboran erabili behar dela bakarrik". Muga horren helburua da "aparkalekuen txandakatzea arina izatea", txartela duten pertsona guztiei mesede eginez.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aparkatzeko 12.000 txartel berri argitaratu ditu, urtebeteko epean horien onuradunek txartel zaharrak ordezka ditzaten eta euskal udalek banatuko duten eredu berria har dezaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko