Eu

Getxoko Udalak eta Etxebizitza Sailak Iturribarrin alokairuko babes publikoko 140 etxebizitza eraikitzea adostu dute

2017.eko azaroak 02

 

  •  Eskuinaldeko etxebizitza publikoko jarduketa garrantzitsuenetako bat da, 18,3 milioi euro inguruko kostukoa, batik bat biztanleria gazteenari zuzendutakoa
  • Ezaugarri hauetako lehen hitzarmena da Euskadin, udalaren diru-ekarpenak alokairuko etxebizitza gehiago eta epe handiago (gutxienez 25 urte) ahalbideratuko bititu
  •   Landa alkateak eta Arriola sailburuak nabarmendu dutenez, hitzarmen hori lankidetza instituzionaleko eta ahaleginak batzeko bide garrantzitsu bat da, eta urrats adierazgarria Getxon dagoen BOE eskariari aurre egiteko

 

 Getxoko alkate Imanol Landak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak udaletxearen eta VISESA sozietate publikoaren artean gaur sinatutako hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean, udalerri bizkaitarrean alokairura bideratutako babeseko 140 etxebizitza eraikitzeko. Ezaugarri hauetako lehen hitzarmena da Euskadin, udalaren diru-ekarpenak alokairuko etxebizitza babestu gehiago eta alokairuko epe handiago (gutxienez 25 urte) ahalbideratuko baititu.

Hitzarmenak erantzun egin nahi dio udalerrian batik bat gazteek etxebizitza egoki bat eskuratzeko dagoen arazoari. Zehazki, Udalak doan lagatako Iturribarriko lursailetan VISESAk alokairurako 91 etxebizitza sozial eraikitzea baimenduko du, Alokabidek kudeatuko dituenak, eta alokairura bideratutako 49 BOE. Eragiketa horren guztizko zenbatekoa 18,3 milioi eurokoa da. Udalak, 3  milioi euroko lurzoruaz gain, 18.000 euroko diru-laguntza jarriko du etxebizitza sozial bakoitzeko eta 6.000 eurokoa BOE bakoitzagatik. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, VISESAk jarritako eraikuntza-kostuez gain, 27.000 euro jarriko ditu etxebizitza sozial bakoitzeko eta 3.000 euro BOEko, eragiketaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko.

Etxebizitzok, gutxienez, 25 urtez alokatu beharko dira eta eta etxebizitzak Getxon erroldatutako gazteentzat bideratuko dira lehentasunez, gutxienez segidako 3 urteko erroldatze-antzinatasuna badute, edo 5 urtekoa txandaka azken 10 urteotan. Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako eskuratze-baldintzak eta -eskakizunak jarraituko dira. Gaur egun, hartzaileek 3.000 eta 25.000 € arteko errenta izan beharko dute araubide berezirako eta 9.000 eta 39.000 € artekoa orokorrerako, talde bereziek izan ezik.

VISESA hasita dago sustapenaren eraikuntza-proiektuak idazten; hortaz, espero da 2018ko bigarren seihilekoan zehar atera daitezkeela lizitaziora, eraikuntza-obrak 2019aren hasieran hastea eta 2021ean bizitzera sartu ahal izatea.

Bestetik, adierazi behar da beste lankidetza-ildo bat dagoela irekita Udalaren eta Etxebizitza Sailaren artean, laster bi erakundeen arteko akordio batean amai litekeena alokairuko 64 etxebizitza sozial sustatzeko Venancion eta 54 BOE salmentan Sarrikobason.

Getxoko alkateak adierazi du akordio hau “beste urrats bat dela Getxon dagoen BOE eskariari erantzuteko. Urriaren 2an, 3.961 eskaera daude Etxebiden eta horietatik 2.479 gure udalerrian erroldatutako auzotarrei dagozkie. Eta horietatik 1.919k alokairukoa izatea eskatzen dute, hots, erroldatutako eta Etxebiden izena emanda duten getxotarren % 77k alokairuko etxebizitza eskatzen du. Beste urrats bat da EAJ/PNVren eta PSE-EEren Udal Gobernuak legealdi honetarako aurreikusitako BOEak sustatzeko; azkenean 576 etxebizitza babestu berri izango dira Alangon, Venancion, Sarrikobason, Iturribarrin, Konporten eta Ormazan”. Ormazan eta Sarrikobason bideratzen ari den Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aldaketak ekarritako Babes Ofizialeko 128 etxebizitza gehitu behar dira, eta baita aurreko ekitaldietan Santa Anan, Etxezurin, Konporten eta Iturribarrin eraikitako 192 etxebizitzak ere. Beraz, guztira 896 etxebizitza babestu.

Eta erantsi du bere helburua dela “gazte getxotarrek Getxon bizitzen jarraitzeko aukera izatea. Biztanleria galtzeko joera aldatu behar dugu, bereziki belaunaldi-tarte horietan”.

Bestetik, Arriola sailburuak adierazi duenez, akordio hau “lankidetza instituzionaleko eta ahaleginak batzeko bide garrantzitsu bat da, eskari sozial handienetako bati, hots, pertsona guztiek etxebizitza duin bat eskuratzeari, aurre egiteko”. Premia hori, esan duenez, “gazteen artean sentitzen da bereziki; izan ere, beren premia eta baliabideentzat etxebizitza egoki bat eskuratzeko aukera izatea eskatzen digute, emantzipatzeko eta bizitzeko proiektu propio bati ekiteko. Horiexek izango dira Iturribarrin eraikiko diren etxebizitzen lehentasunezko hartzaileak”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iozamizu
    2017.eko azaroak 02

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Vivienda y el Ayuntamiento de Getxo acuerdan la construcción de 140 viviendas de VPO de alq... https://t.co/raaHrR7Fav

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak