Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintzaren 26. Promozioa prestatzera eta 27. Promoziorako 300 plaza inguru deitu eta hautatzera bideratuko ditu aurrekontuko 9,6 milioi

2017.eko azaroak 08

Aurrekontu-proiektuan bi milioitik gora bideratzen dira Ertzaintza euskalduntzeko prozesua sustatzen jarraitzera

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean 2018rako aurrekontu-proiektua, 640.294.000 eurokoa, 2017an baino % 2,3 gehiago. Sailburuarekin batera izan dira aurkezpenean Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Camino.

Ertzaintza berritzeko prozesuarekin jarraitzeko apustu erabakigarria da aurrekontua, eta 9,6 milioiko gastua aurreikusten du prestakuntza-ikastaroa joan den urriaren 16an hasi zuten eta datorren uztailean amaituko duten 26. Promozioko 300 ikasleen prestakuntzarako.  Bestalde, 2018an Ertzaintzaren 27. Promoziorako beste 300 plaza inguru hautatzea eta horien prestakuntza-ikastaroari hasiera ematea ere aurreikusten da.

Akademiaren jarduera bizia osatzen dute Ertzaintzako beste maila eta kategoria batzuei zuzendutako ikastaroek.  

Egiteko horri batu behar zaio Gasteiz, Tolosa, Azkoiti, Elorrio eta Errenteriako 42 udaltzainen prestakuntza, eta horiei batuko zaizkie Akademian urtarrilean sartuko diren Bilboko udaltzainak eta aurretik kudeaketa-agindua izenpetu duten 12 udalerritako oinarrizko eskalako udaltzainen plazak betetzeko lehenengo LEP bateratuko probak gainditzen dituzten 72 izangai.  

Jarduera hori osatuko da suteen prebentzio eta itzalketa zerbitzuetan sartzeko eta barne-sustapeneko hautaketa-prozesuekin eta prestakuntza-ikastaroekin.  

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 15,4 milioi ditu aurrekontu-proiektuan horri guztiari aurre egiteko, iaz baino 6,4 milioi gehiago, eta Segurtasun Sailaren transferentzia 14,7 milioikoa izango da.    

Energia efizientzia

2018rako aurrekontu-proiektuan, aribideko eraikuntzen kontu-sailean, bi milioi eurotik gorako kontu-saila dago polizia-dependentzietan guneak arrazionalizatu eta normalizatzeko, instalazioetan energia efikazia eta efizientziaren adierazleak sartzeko eta eraikinetako irisgarritasun eta mugikortasun integrala hobetzeko.   

Segurtasun Sailak energia-sistema efizienteen aldeko apustua egin du aurreko aurrekontu-ekitaldietan, eta horri esker biomasa-zentral bat instalatu ahal izan da Berrozin energia jasangarritasuna lortzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan jaso da bi urtetan 3,4 milioiko inbertsioa egiteko konpromisoa Laudioko SPEIS eraikina eta Ertzain-etxea berritu eta birgaitzeko, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek izenpetutako erakunde arteko akordioari jarraituta.  

Beste kontu-sail adierazgarri bat bereizgarridun ibilgailuen flota berritzera bideratutakoa da. Bereizgarririk gabeko polizia-autoak ordezkatu ondoren, bereizgarridun autoen txanda iritsi da orain. Guztira 11,1 milioi euro izango dira 300 patruila-auto, 70 trafiko-furgoneta eta lur orotako 100 ibilgailu berritzeko leasing sistemaren bitartez.  

Bestalde, azpimarratzekoa da taula balistikoetan eta plaketan babes-maila handiagoa duten balen aurkako txalekoak eta trafiko-unitateentzako ikusgaitasun handiko barruko txalekoetarako kanpoko zorro berriak erosteko 4,8 milioiko kontu-saila.  Bestalde, 3,7 milioiko kontu-sail bat bideratu da Ertzaintzaren promozio berrientzat materiala berritu eta eskuratzeko.

GI-EI

Segurtasunari dagokion kapituluan, 4,6 milioi euroko zenbatekoa izendatu da aurrekontu-proiektuan pertsonak babesteko zerbitzurako, zehazki genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko. 

Babes-zerbitzua osatzeko, 2018an aurreikusten da 213.000 euroko kontu-saila Bortxa komunikazio-zerbitzurako, belaunaldi berriko telefono mugikorretara eguneratua eta berritua.

Informatika

Segurtasun Sailaren aurrekontu-agirian 38,4 milioi euroko aurrekontua bideratzen da Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzara, besteak beste, modernizatzea eta sistema eta ingurune seguruagoetara migratzea ahalbidetzeko.

Kontu-sailik esanguratsuenen artean instalazioetarako sei milioiko inbertsioa dago, eta aurreikusten da Enbor Sarearen eta beste sare korporatibo batzuen terminalak berritzea, trafiko multimediak jasateko gai izan daitezen, eta telefonogune informatizatuak berritzea.  Era berean, 2,2 milioi bideratu dira Morphobis lizentziak berritzera, pertsonak identifikatzeko, ezaupidetzeko, hatz marketarako, aurpegi errekonozimenduetarako eta bestelako datu biometrikoetarako sistemen bilakaera teknologiko gisa, eta 500.000 euro zibersegurtasuna kudeatzeko neurriak inplementatzeko.  

Euskara

Euskararen erabilpenaren normalizazioa sustatzen jarraitu beharra ikusita, Segurtasun Sailaren aurrekontu-proiektuan 2.068.000 euro esleitu dira zeregin horretarako.   Nabarmentzekoak dira Lanorduz Kanpo programa, 780.000 eurorekin; Elebi programa, 320.000 eurorekin; Euskara Eskolak programa, 150.000 eurorekin; eta Polizia eta Larrialdietako Akademiak Ertzaintza euskalduntzeko prozesua sustatzen jarraitzera bideratuko dituen 350.000 euroak.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak