Eu

2018ko EAE-ko Aurrekontuen aurkezpena. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agerraldia

2017.eko azaroak 08

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu ditu, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, bere Sailaren 2018rako kontuen proposamena. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 250.584.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, iaz baino %3 gehiago. Kulturaren esparruari dagokienez, igo egingo dira bai museo-sarerako ekarpena bai sormen-esparru gehienei laguntzeko kontu-sailak. Hizkuntza politikaren kasuan, igoerarik handiena euskaltegietako ikasleentzako diru-laguntzetan izango da (%44 gehiago), euskararen irakaskuntzan B2 mailara arte doakotasunera iristeko bidean aurrera egiteko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, bestalde, 150.000 euro inbertituko ditu sedentarismoari aurre egiteko diru-laguntza deialdi berri batean.

Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo, Zerbitzu zuzendari Carmelo Arcelus eta Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Miren Arzalluz izan dira, sailburuarekin batera, gaurko agerraldian. Sailburuak nabarmendu du zer-nolako garrantzia duen kontuak onartzeak datorren urtean gaur aurkeztutako proiektuak abian izan daitezen.  

Kultura

Kultura Sailburuordetzari dagokionez, Zupiriak nabarmendu du Euskadiko sortzaileen lana babesten jarraitzearen garrantzia. Azpimarratu duenez, finkatu egingo dira zinemagintzarako laguntzak iazko gehikuntzaren ondoren (% 35ekoa), eta sormen-esparru gehienetarako diru-laguntzek gora egingo dute. Arte eszenikoen esparruko sormenerako laguntzek %8 egingo dute gora, esate baterako. Halaber, iaz baino 163.500 euro gehiago bideratuko dira kultura-jardueren inguruko ikerketara Kulturaren Behatokiaren bitartez (guztira, 173.500 euro).

Museo-sistemarako ekarpena %5 igoko da (beste 460.000 euro gehitu zaizkio; guztira, 9,5 milio euro): Guggenheim Bilbao Museorako (%4,42 gehiago; guztira, 5.563.585 euro), Bilboko Arte Ederren Museorako (%17ko igoera; guztira, 1.707.000), Artium Museorako (%9 gehiago; guztira, 725.000 euro) eta Balenciaga Museorako (%12,82 gehiago; 440.000 euro) ekarpenak igo izanaren ondorioz. Ekarpen hauei gehitu behar zaie 100.000 euroko kontu-sail bat Bilboko Arte Ederren Museorako funtsak erostera bideratuta (iazko kopuru bera), baita beste 126.000 euro ere museo honetan hobekuntzak egiteko. Balenciaga Museoan, halaber, beste 40.000 euroko ekarpen bat aurreikusten da inbertsioen kapituluan. Era berean, Liburutegien sareak iaz baino %10 gehiago izango  du (1.517.000 euro, guztira), eta 150.000 euro bideratuko dira irakurtzea ikuspegi ludikotik sustatzea helburu duen ekimen batera.

Bestalde, Sailak Liburutegi Digital Nazionalaren proiektuaren aldeko apustu nabarmena egingo du 2018an, eta 400.000 euro bideratuko ditu funtsak digitalizatzeko eta beste 70.000 horiek katalogatzeko, bi kontu-sail berriren bidez. Azkenik, 100.000 euro bideratuko dira ondare immateriala babestera (iaz baino %66,67 gehiago).

Hizkuntza politika

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari dagokionez, berrikuntza nagusia HABErako ekarpenaren igoera da. Areagotze honen xedea da aurrera egiten jarraitzea B2 mailara arteko doakotasuna lortzeko euskararen irakaskuntzan. Helburu horrekin, euskaltegietako ikasleentzako diru-laguntzetarako kontu-saila 1.250.000 eurotik 1.800.000 eurora igoko da, eta horrekin erraztuko egingo da euskara ikastearen aldeko apustua egiten duten lagunen bidea. Euskaltegi pribatuen finantziazioan ere aurrera egingo da bigarren urtez jarraian: ekarpen honen %6ko igoerari esker eskaintza eta irakasleen baldintzak hobetu ahal izango dira.

Euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, Sailak proiektu ugari aurreikusi ditu 2018rako. Proiekturik garrantzitsuenerako 300.000 euro esleituko dira: Topagunearekin eta euskararen lurraldeetako erakundeekin batera, biztanleria euskalduna aktibatzea izango du helburu.  Bestalde, 200.000 euro inbertituko dira euskarazko Wikipedia hobetzeko, batez ere ikasleen beharrei begira, eta 60.000 euro aurreikusi dira kirolaren esparruan euskara sustatzeko proiektu baterako.  

Sailak 34.000 euro inbertituko ditu ingurune soziolinguistiko euskaldunetan (arnasgunetan) euskararen erabilera indartzeko; ikerketa, gazteen arteko erabilera eta euskararen erabilera lan-esparruan izango dira ekimen honen ardatzak.  Ez da izango esparru sozioekonomikoan euskararen erabilpena sustatzeko proiektu bakarra. Lehendik sendotuta dauden Lanhitz, Euslan eta Bikain ekimenez gainera, esparru sozioekonomikoan euskara erabiltzen laguntzeko plan estrategiko bat garatuko da (180.000 euro). Honen barruan, besteak beste, proiektu pilotu berritzaile bat sustatuko da Bizkaiko eskualde batean, udalekin eta enpresekin batera.

Azkenik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak 150.000 euro inbertituko ditu Mugiment 2020 proiektuaren baitako diru-laguntza deialdi berri batean, sedentarismoari aurre egiteko. Euskadiko goi mailako kirola sustatzeko erreferentzia den Basque Team Fundaziorako ekarpenari beste 100.000 euro gehituko zaizkio (1.364.000 euro). Azkenik, dibertsitate funtzionala duten kirolarientzako GaituzSport programak 35.000 euroko ekarpena izango du. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak