Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak % 3,6 gehitu du aurrekontua eta 2018an 3.671 milioi eurotik gora kudeatuko du

2017.eko azaroak 08

  Zuzkidura ekonomiko handieneko saila da, baita gehikuntza handiena duena ere (128,6 milioi €). Datorren urtean, Euskadiko biztanle bakoitzeko gastua 1.673 €-koa izango da

 

Osakidetzarako zuzkidura 2.783 milioi eurokoa da, hau da, joan den urtekoa baino % 4 handiagoa.

 

1.884 milioi € Osakidetzako langileei zuzenduko zaie, zehazki aurrekontu osoaren %68  eta inbertsioak % 8,5 gehituko dira, 2017ko inbertsioekin alderatuz gero

 

Lehentasunak dira euskal osasun publikoa indartzea eta Osakidetzarako sarbide unibertsala bermatzen jarraitzea, eta horretarako 3.671.362.000 euroko aurrekontua zuzenduko da; hori da Osasun Sailak 2018rako duen aurrekontua.

Hori nabarmendu du gaur Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, berak zuzentzen duen Sailaren aurrekontuak Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari aurkeztu dizkionean. Osasun Sailaren aurrekontuak dira Eusko Jaurlaritzaren kontu-sailik handiena, Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuaren aurrekontu osoaren % 32, eta aurreko urtekoa baino % 3,6 handiagoa.

Hartara, Osasun Sailak duen aurrekontu-zuzkidurak are gehiago indartzen du osasun-sistema publikoarekiko eta pertsonekiko konpromisoa, eta biztanle bakoitzeko 1.673 euroko gastura iristen da, joan den urtean 1.619 € izan zirenean.

Osasun sailburuak berak nabarmendu duenez, aurrekontu honek bide emango du osasunean gizarte-desberdintasunen aurka borrokatzeko lanean jarraitzeko, prebentzioaren kultura sustatzeko, sistemaren iraunkortasuna eta modernizazioa bermatzeko, profesionalen konpromisoari eusteko, enplegu egonkor eta kalitatezkorako, hizkuntza-normalizaziorako, genero-berdintasunerako eta ikerketa eta berrikuntzarako.

Horrela, 2018ko kontuak plan eta ekintza zehatzak izango dira, 2013-2020ko Osasun Plana, 2016-2020ko Zainketa Aringarrien Plana eta 2020ko Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia hedatzen jarraitzeko; eta berriagoak diren Adikzioen VII. Plana eta “Elikadura osasungarrirako ekimenak Euskadin”, Haurren obesitatearen prebentzioari buruzko Plan berriarekin osatuko direnak. Eta ezin dira ahaztu, bost urtero argitaratzen den Euskal Osasun Inkesta,  txerto-egutegia mantentzeko ekintzak, haurren hortzak zaintzeko programa eta biztanleriaren osasun-programak, hala nola sortzetiko metabolopatiena eta bularreko eta koloneko minbizi-baheketena; eta Euskadiko Plan Onkologiko Integrala eta biztanleriaren zerbixeko minbiziaren baheketaren hasiera.

Jon Darpónek lehen mailako arreta indartzeko bere borondatea azpimarratu du, lehen mailako arretako taldeen antolakuntza hobetzeko lehen mailako arretako aholkularitza-kontseilu berri baten gomendioetan oinarritutako neurriekin. Ospitaleen esparruan, itxarote-zerrenda hobetzeko ahalegina egingo da, eta horretarako, kirurgia-jarduera gehitzea eta prozesuen antolakuntza hobetzea dago aurreikusita. Aldi berean, lehentasun estrategiko soziosanitario berriak hedatzen hasiko da, gainerako erakunde eskudunekin arreta soziosanitario hobean aurreratuta, ahaztu gabe zer garrantzi duten zahartzearen erronkari aurre egiten jarraitzeak eta pertsonen inplikazioa indartzeak beren osasunarekin konprometitutako eragile gisa.

Azkenik, aurreikuspena da LEP 2014-2015 eta lekualdatze-lehiaketa onartu berria amaitzea eta LEP 2016-2017 abian jartzea; Berdintasunareko Zerbitzu Korporatiboa eratzea, hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean sakondu eta genero ikuspegia jardueraren eremu osoetara zabaltzeko xedez; Osakidetzan Euskararen II. Plana hedatzen jarraitzeaz gain.

 

AURREKONTUAREN AZTERKETA ZEHAZTUA

Oro har, Osasun Sailaren kontu-sailik handiena Osakidetzari dagokio, % 4ko gehikuntza izan du, eta 2.783 milioi eurokoa da —joan den urtekoa 2.676 milioi eurokoa izan zen—; hortaz, 106,3 miloi euro gehiago du aurten.

2018an Osakidetzara bideratuko diren 2.783 milioi euroetatik, 1.884.538.748  euro langile-gastuetara zuzenduko dira, Osakidetzan enplegua egonkortzeko. Osakidetzaren aurrekontu osoaren % 68 hartuko du horrek, eta 2017koaren aldean % 3,3ko igoera izango da. Jon Darpón sailburuaren hitzetan aurrekontuak “agerian uzten du Gobernuak Euskadiko Osasun Sistemaren alde egiten duen apustua eta kalitateko enpleguarekin duen konpromisoa”.

Bestalde,2018. urtean, Osakidetzak % 8,5 igoko du inbertsioetara zuzenduko den zenbatekoa; hartara, joan den urteko 52,6 milioi euroetatik  58,8 milioi eurotara pasako da. Lurraldeka, kontu-sail hauek nabarmentzen dira: Araban, 21,55 milioi Unibertsitate Ospitaleko obretarako, Murgiako osasun-etxerako, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko TACerako edo Olagibeleko Haur eta Gazte Psikiatriako Unitaterako; Bizkaian, Urdulizko Ospitalerako (3,2 milioi), Biocruces Osasun Ikerketa Instituturako (2,5 milioi), Gurutzetako Unibertsitate Ospitalerako, Basurtoko Unibertsitate Ospitalerako, Gorlizko Ospitalerako eta Zallako, Iralako eta Retuertoko osasun-etxeetarako; eta Gipuzkoan, Eibarko Ospitalerako (10 milioi), Mendaroko Ospitalerako, Zumarragako Ospitalerako eta Donostiako Alde Zaharreko eta Aieteko osasun-etxeetarako.

Osakidetzako finantzaketaz gain, Osasun Sailak guztira 510,3 milioi euro bideratzen ditu farmazia-errezetak kapitulura —aurreko urtean baino % 3 gehiago—; farmazia-koordainketari aurre egiteko dirulaguntzek ere, %2,35eko igoera izan dute.  Ikerketa-proiektuei zuzendutako kopurua %34 hazten da, bi miloiko aurrekontua ia lortuz eta txertoetarako bideratutakoa, berriz, aurreko urtearen antzerakoa da (10.992,4 euro).

Nabarmendu behar da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baliabideen % 90 zuzentzen duela osasun publikora, etaosasun-kontzertuak harpidetzera zuzentzen dena ez dela % 7ra iristen. Ildo horretan, Osakidetzaren aurrekontu-sailak —programa-kontratua, inbertsioak, farmazia-gastua eta txertoen gastua— % 13,3ko hazkundea izan du 2013 eta 2018 artean; osasun-kontzertuei dagokien zenbatekoaren hazkundea, ordea, % 3,4ekoa izan da aldi horretan bertan.  

 

 

 

 

 

ONDORIOZ

 

Horrenbestez, eta Osasuneko sailburuaren hitzetan “aurrekontu serioa da, eta koherentea Osasun Sailaren ildo orokorrekin, euskal gizartearen osasun-premiekin eta gure ekonomiaren susperraldiarekin; % 3,6ko gehikuntza izan du, 2013tik izan den handiena”. Kontu horiek:

 

  • Lehentasuna ematen diete pertsonei, pertsona bakoitzeko osasunari urtean 1.673 €-ko gastu publikoa zuzenduta, eta inor atzean ez uzteko konpromisoa irmoarekin.

 

  • Apustu argia egiten dute sistemaren iraunkortasuna eta modernotasuna bermatzeko, kalitateko enplegu egonkorra bermatzeko, eta hizkuntz normalizazioa, genero-berdintasuna eta ikerketa eta berrikuntza bermatzeko.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 7a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @osakidetzaEJGV
    2017.eko azaroak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Osasun Sailak % 3,6 gehitu du aurrekontua eta 2018an 3.671 milioi eurotik gora kudeatuko du ➡ https://t.co/KtuQH73hwO https://

Ekitaldiko kargudunak