Berriak Hezkuntza
Eu

Aurrekontuen Batzordea. Hezkuntza Saila

2017.eko azaroak 07
  • Hezkuntza Sailak 2.716,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2018an, 51,4 milioi gehiago
  • Hezkuntza Sailak Mahai Sektorialetan harturiko konpromisoek babesa dute aurrekontuetan
  • 98 milioi baino gehiago bideratu dira beketara (eskolatze-bekak, unibertsitatekoak, doktoretza aurrekoak eta ostekoak, Ikasiker eta Nazioarteko Mugikortasun Bekak)
  • Euskadiko Lanbide Heziketak ekipamenduak berritzeari ekingo dio, horretarako aurrekontua %27 hazita
  • Ikerketara bideratutako kopurua %6,3 handitu da, eta 47 milioi eurora iritsi

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2018rako prestatutako kontuak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko Aurrekontuen Batzordean. Sailburuordeak lagun zituela, bere Sailak atondu dituen aurrekontuen alderdirik esanguratsuenak azaldu dizkie legebiltzar-taldeei.

Aurrekontuen Lege Proiektuak 2.716,8 milioi euroko diru-saila jasotzen du Hezkuntza Sailarentzat. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuz gero, %1,9ko igoera esan nahi du horrek. Igoera honen ondotik, Hezkuntza Sailaren pisua Eusko Jaurlaritzaren sail guztiekiko (zorra amortizatzera bideratutako kopurua albora utzita) hazi egin da, %25,9tik %26,2ra.

2018rako gastu hazkundeari, gainera, 38,5 milioi osagarri gehitu behar zaizkio aurtengo ekitaldian. Kopuru honek 2018ko aurrekontutik zenbait ordainketa aurreratzea ahalbidetzen du, honako eremu garrantzitsu hauetarako: ekipamenduak, bekak, Haurreskolak Partzuergoa, edo UPV/EHU. Adibidez, eta unibertsitate publikoari dagokionez, 15en bat milioi euro gehiago jasoko ditu honek.

Honek berarekin dakar gasturako gaitasun osoa %3,4 handitzea, egungo aurrekontuarekin alderatuta.

Aurreko urteetan legez, hezkuntzak zutabe nagusietako bat izaten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan, Euskadiko kapital soziala nahiz giza kapitala osatzeko tresna estrategikoa baita. Hezkuntzari bultzada emateko egiten den ahalegin ekonomikoak, Jaurlaritzak bultzatzen dituen gainerako gizarte politikekin batera, aurrekontu osoaren %77 hartzen du dagoeneko.

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen gastu osoan, nabarmentzekoa da Lehen Kapituluak, pertsonal gastuei dagokienak, aurrekontuaren %47,2 esan nahi duela. 24,9 milioi euroan hazi da kapitulu hau.

Langileen egonkortasunak oinarrizko lan-ardatza izaten jarraituko du. Horrela bada, aurrekontuak 300.000 euroko igoera aurreikusten du 2018ko Enplegu Publikoaren Eskaintzarako, deialdi horretan eskainiko den plaza kopurua ugaritu egin dela-eta. Bestetik, Hezkuntza Sailak 3.800.000 euro bideratuko ditu Lehen Hezkuntzako irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egiteko, datorren urtetik aurrera. Era berean, eta gorago aipaturiko egonkortasuna xede harturik, aurrekontu proiektuak irakasle-plaza ugari egiturazko plantilan kontsolidatzea ere aurreikusten du: 160 plaza Bigarren Hezkuntzako, Kiroleneko eta Dantzertiko irakasleen artean, eta beste 50 plaza Hezkuntza Berezian. Aldaketa honi esker, aipaturiko plaza horiek etorkizuneko EPEetan eskaini ahal izango dira.

Hezkuntza berriztatzeari eta irakasleen prestakuntzari bultzada ematen jarraitzeko 47,1 milioi euroko diru-saila aurreikusten da. %2,3ko hazkundea esan nahi du horrek. Partida hauetan nabarmentzekoa da irakaskuntza publikoko irakasleen Prestakuntza Planak duen %4,5eko hazkundea. 1,9 milioi euroko diru-kopurua gainditzen du.

Hezkuntza Sistema euskalduntzeko programak, orotara 42,6 milioi euroko kopurua duenak, Hezkuntza Sisteman euskarazko komunikazio gaitasuna sendotzeko apustua egiten jarraitzen du. Honen baitan kokatzen diren programak dira: IRALE, irakasleen hizkuntza gaitasuna hobetzeko ikastaroak, %5,32ko hazkundearekin; EIMA, euskarazko ikasmaterialgintzarako programa, %11,30 hazita; hizkuntza gaitasun ziurtagiriak, eta NOLEGA programa, euskararen erabilera sustatzekoa (barnetegiak, Eskola Hiztun Bila, Ulibarri programa, Urruzunotarrak gehituz..) iazkoarekiko %13,58ko hazkundearekin (1.772.800 euro orotara).

Bekei dagokienez, Hezkuntza Sailak 98 milioi euroko diru-saila jaso du, hastapeneko partida gisa. Horietatik 57 milioi, unibertsitatez besteko beketarako dira. Hala ere, kopuru hori handitu egingo da beharreko balitz, laguntza jasotzeko eskubide duten familia guztien eskaerak bete arte. Zerbitzu osagarriei begirada bat emanez gero berriz, aurrekontuak 26,6 milioi euroko diru-saila aurreikusten du jangela zerbitzurako, eta 25,1 milioikoa eskola garraioko zerbitzua bermatzeko. Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen garraiorako bideratutako laguntzak %14,36 hazi dira (300.000 euro gehiago). Egun, 92.000 ikaslek baino gehiago erabiltzen du jangela zerbitzua, eta 23.600 ikasle garraiatzen dira egunero. 

Unibertsitate beketarako, bestalde, 26 milioi euroko partida jasotzen da, eta nazioarteko mugikortasun beken diru-kopurua 528.000 euroan hazi da.

Azpiegitura Planari dagokionez, 2018an plan honen diru-partida %4,3 handituko da, 41.200.000 euroko kopurura iritsi arte. Epe honetan aurreikusten da, besteak beste, Zabalgana edo Pagasarribideko Institutuak amaitzea, edo Iruarteta Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Oikiako Eskola Txikiaren eraikin berrien lanak hastea.

Udalaguntza programara bideratzen diren 6.000.000 euroak bere horretan mantentzen dira. Udalekin elkarlanean aritzen da Hezkuntza Saila programa honi esker, udal titulartasuna duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteko. Horrez gain, Estaltzen programa ere garatuko da, ikastetxeetako patioetan aterpeak egiteko.

Bestalde, eta hobekuntza teknologikoen arloan, diru-sailak 900.000 euroko hazkundea izango du, hari gabeko komunikazioak –wifia- modernizatzeko helburuz, azken belaunaldiko estaldurari esker.

Araubide Bereziko Irakaskuntzetan, nabarmentzekoa da irakaskuntza hauentzako diru-partida 900.000 euroan hazi dela. Hazkunde hau musika irakaskuntzako udal eskolen deialdira bideratua da batik bat, Euskadiko Toki Erakundeen Legeak jasotzen duenarekin bat eginez. Lege horretan, udal titulartasuneko eskola horien finantziazioa pixkanaka handitzea aurreikusten da.

Lanbide Heziketaren arloan, azpimarratu beharrekoa da atondu diren diru-sailek Lanbide Heziketa eredu konbinatuaren hedapen orokorra garatzen eta lehenesten jarraitzea dutela helburu. Zentzu horretan, berrikuntza aplikatuaren aldeko apustuak (Lanbide Heziketako 60 ikastetxe baino gehiagoren eta mila irakasle baino gehiagoren inplikazio zuzenarekin) eta ekintzaile-kulturari ematen zaion bultzadak (10.000 ikasletik gora parte hartzaile eta 86 enpresa berri sortu ziren aurreko ikasturtean) ahalegin ekonomiko berbera jasoko dute datorren urtean ere.

Aurrekontuak igoera handia jaso du, %27,24, ekipo eta material berriak eskuratzeko, 5.700.000 euroko kopurura iritsi arte. Era berean, ikastetxeen funtzionamendu gastuetarako esleitutako diru-kopurua ere ugaritu egin da.

Irakasleen prestakuntza ere, beste urte batez, funtsezkoa izango da Lanbide Heziketaren garapenerako. Ekoizpen prozesuetako aldaketei eta aldaketa teknikoei loturik, ezagutzak eta gaitasun egokiak lortzera bideratutako diru-partida %15,95 hazi da.

Lanbide Heziketa Dualak aurrera egiten jarrai dezan, prestakuntza mota honetan tutoreek egiten duten lana sendotzen jarraitzeko helburuz, 2.000.000 euro gehigarri baino gehiago bideratuko dira.

Euskarari dagokionez, milioi bat euro baino gehiago handitu da, 2020an Lanbide Heziketako ikasleen %50 baino gehiagok ikasketak euskaraz egiteko aukera izan dezan.

Bestetik, Lanbide Heziketako zikloetan eskaintza partziala indartu egingo da aurrekontua %2,13 handituta, lanean ari diren pertsonek Lanbide Heziketako titulu bat eskuratzea errazteko helburuz, haien posibilitateetara ondoen egokitzen den eskaintza malgu baten bidez.

Oinarrizko Lanbide Heziketak %2,11ko hazkundea du bere diru-partidan. Eta hazkundea dago proiektu europarretarako aurreikusitako diru-sailetan ere. Aurtengoan baino %2,53 gehiago bideratzen da, beraz, ikasleek esperientziak eta ezagutzak beste herrialde batzuetan jaso ditzaten.

Unibertsitate eta Ikerketa arloan

Unibertsitate ikasketei eta ikerketari dagokienez, 2018an nabarmentzekoa da ikerketa sustatu eta bultzatzeko politikei zuzenduriko ahalegin ekonomikoa %6,3 hazi dela, eta baita unibertsitate publikoari lotutako finantziazioaren alde egiten den apustu irmoa ere. Azken honetarako 303,6 milioi euro aurreikusi dira. Helburuen araberako finantziazioa, Euskal Unibertsitate Sistemako kontratu-programatara zuzendua, 41,3 milioi eurora iristen da.

Gainera, ahalegin ekonomiko esanguratsua egin da unibertsitate beketara bideratutako diru-partida handitzeko nazioarteko mugikortasunari dagokin atalean (Erasmus+ eta beste zenbait programa). Finantziazio osagarri baten bidez, diru-sail hau 528.000 euroan hazi da, ia %50eko hazkundea 2017 urtekoarekin alderatuta.

Unibertsitatea-Enpresa programa berriak bultzatzeko konpromisoari dagokionez, milioi bat euroko kopurura iristen diren partidak jasotzen dira; titulazio dualak eta i-dualak sustatzera eta martxan jartzera bideratuak, nahiz Unibertsitatea-Enpresa estrategiari loturiko zenbait jarduera garatzeko.

Aurrez esan bezala, bikaintasunezko ikerketaren eta transferentziaren alde Hezkuntza Sailak egiten duen apustu sendoa, urtero %5ean handitzeko Jaurlaritzak erakutsitako konpromisoa baino gorago doa, 2017an baino %6,3 gehiagora iritsi arte. Arlo honetarako aurrekontua 47 milioikoa izango da

Diru-partida horren bidez, BERC deritzen ikerketa zentroen finantziazioa %5 haziko da (Basque Excellence Research Centers - Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak). Aipatzekoa da DIPCn (Donostia International Physics Center) kokaturiko Zuperkonputazio Zentroaren finantziazioa ere, 500.000 eurorekin.

Bikaintasuneko ikerketari eskainitako atal honetan, Hezkuntza Sailak 1.535.000 euroko partida ere sartu du, Euskadi ESS Bilbaoren bidez egitera konprometitu den diru-ekarpenak finantzatzera zuzendua. Era berean, neutronika eta partikulen azelerazioaren arloko berariazko ikerketa-programei lehen bultzada emango zaie.  

Berria da RIS3 estrategiaren lehentasunezko arloetan eta abagune eremuetan bikaintasuneko lankidetza-ikerketa programak martxan jartzera bideratutako diru-partida. 2.850.000 euroko diru-kopurua du.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia-estrategiaren funtsezko ardatz gisa, Hezkuntza Sailak Ikerbasquera zuzendutako bultzada ekonomikoari ere eusten dio. Diru-ekarpen hori handitu egingo da berrikuntza funtsetiko ekarpen osagarrien bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak