Berriak Segurtasuna
qrcode

Guztira 1.285 pertsonak parte hartu dute Europa Biltzar Jauregian Udaltzaingoaren lehen LEP bateratuko hautaprobetan

2017-11-02

Kudeaketa-agindu bati esker, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak lehenbiziko aldiz egin du Udaltzaingoaren hautaketa-prozesu bateratua

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian gaur egin dira Udaltzaingoaren lehen LEP bateratuko hautaprobak, horien bidez Euskadiko hamabi udaletako oinarrizko eskalako 72 agente-plaza beteko dira: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hamabi udalen kudeaketa-aginduaren bidez gauzatuko ditu aldez aurreko hautaketa-prozesua eta ondoren Arkauteko Akademian hautatuek egingo duten zazpi hilabeteko prestakuntza-aldia.

Aurretik udalek, batetik, hautaketa-prozesu bateratua egiteko agindua eman zioten Akademiari eta, bestetik, Lan Eskaintza Publikoan deituko zuten plaza-kopurua onartu eta argitaratu zuten.

“Nahi duten udalei Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategoriako izangaiak hautatzen laguntzeko tresna bat jarri dugu abian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez”, adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. "Udalek eskatuta, eta Udaltzaingoa Hautatu eta Prestatzeko taldean planteatu ondoren, hautaketa-prozesua sinplifikatu eta bateratu nahi dugu LEP bateratu honen bidez”, esan du sailburuak.

2.180 pertsonak eman dute izena

Hautaketa-prozesuan izena emandako 2.180 pertsonetatik (502 emakume eta 1.678 gizonezko), azkenean 1.285 pertsona (327 emakume eta 958 gizonezko) aurkeztu dira azterketa teorikoetara.  

Udaltzaingoaren 72 plazetarako izangaiek ezagutza teorikoen probak, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako proba psikoteknikoa eta nortasuna ebaluatzeko beste bat egin dituzte gaur egunean zehar. Behin proba horien emaitzak jakiten direnean, fase hori gainditu dutenek proba fisikoak egingo dituzte azaroaren 13an, eta elkarrizketak azaroaren 20tik aurrera egingo dira.  

Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.  

Behin hautaketa-prozesua amaituta, Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agenteek zazpi hilabeteko prestakuntza hasiko dute 2018ko urtarrilean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ondoren, gutxienez 12 hilabeteko praktika-aldia hasiko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)