Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Nazioarteko Bake Brigadek eta Gernika Gogoratuzeko zuzendariak jasoko dute giza eskubideen 2010eko René Cassin Saria

2010.eko abenduak 08

Sariak emateko ekitaldia ostiralean izango da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Lehendakaritzan

Eusko Jaurlaritzak ematen duen Giza Eskubideen René Cassin saria, bere 2010. urteko edizioan, María Oianguren Idígorasi eta Nazioarteko Bake Brigadak izeneko GKEri, ex aequo, egokitu zaie. Ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak edo gizataldeak jendaurrean aitortzea da sariaren helburua, eta saridunak ohorezko aipamena, jendaurreko aitorpena eta 16.550 euroko diru-zenbatekoa jasoko ditu.

María Oianguren, Euskal Herriko Unibertsitatean Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentziatua, Gernika Gogoratuz Iraskundearen (www.gernikagogoratuz.org) zuzendaria da. Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroa da eta 1987an sortu zen Eusko Legebiltzarraren erabakiaren ondorioz, Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira. Bakearen eta Giza Eskubideak garatzearen aldeko aktibista, bere jarduera esandako elkarte horretan betetzen du, non bakea aldarrikatu egiten den Euskal Herrian eta munduan bizikidetza bultzatzeko oinarri gisa. Eta bertatik parte hartzen du Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Hezkuntza Elkarteen Foroan, eta AIPAZen, Bakerako Ikerketarako Espainiako Elkartea, hain zuzen.

Elkarte-sarean egiten duen lanak, urteetan frogatuta, datozen belaunaldien konpromisoa aurrekoen memoriarekin batzen du.

Erabakiaren irizpen arrazoituak aintzat hartzen ditu ere bake-gaiei eta gatazken konponketari buruz idatzi dituen argitalpen eta artikulu ugariak. Eta Oiangureni buruz dio bai zientzialari gisa eta bai gizartearekin duen konpromisoaren aldetik, bat egiten duela René Cassin zenarekin.

Nazioarteko Bake Brigadak (www.pbi-ee.org), bere aldetik, Kanadan 1981ean sortutako gobernuz kanpoko erakunde bat da, bakea sortu, sendotu eta mantentzeko lana burutzeko helburuz, beti ere indarkeriarik ezaren diziplinapean. Mahatma Ghandik indarkeriarik gabeko eraldaketa sozialaren eremuan zituen pentsamendu eta esperientziak ditu oinarri, eta nazioarteko laguntza eta behaketa tresnatzat jotzen ditu giza eskubideen urraketak egiteko asmoa uxatzeko.

Bere behatzaileak lekuan bertan egoten dira mehatxatuta dauden pertsona edo erakundeak lagunduz, gatazka-guneetara aldizkako bisitak eginez, gatazkaren eta herrialdeko giza eskubideen egoeraren garapenari buruzko informazioa banatuz eta solaskide eta nolabaiteko azpijoko lanak eginez. Beronen kasuan, epaimahaiak egun Kolonbia, Guatemala, Mexiko, Indonesia eta Nepalen bertan, gatazka-tokietan zuzenean egindako lan hori bereziki baloratu du. Erakundeak 60 kolaboratzaile baino gehiago dauzka Euskadin.

Saria eman duen epaimahaia Idoia Mendia andreak (Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburua), María Victoria Cinto andreak (Justiziako sailburuordea), Inés Ibáñez de Maeztu andreak (Giza Eskubideen zuzendaria), Joseba Arregui jaunak, Mª Concepción Escobar andreak, José Angel Cuerda jaunak, Adela Asua andreak eta Edmundo Rodriguez jaunak osatu dute. Sariak emateko ekitaldia ostiralean, abenduaren 10ean (Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna), arratsaldeko 19:30ean, izango da, Lehendakaritzan.

Sariaren izena 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio zen Rene Cassin jaunaren oroimenez ezarri da. I. Mundu Gerrako zorigaiztoko esperientziak era­gin nabarmena izan zuen berarengan eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile po­rrokatu bihurtu zen. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eragile nagusia izan zen 1948an, eta bere egitekoa ezinbestekoa izan zen Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, 1950ean. Giza eskubideen alde etengabe egindako lanarengatik Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an, eta saria Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)