Eu

Beatriz Artolazabal: “Euskadin bizitegi-bazterketagatik gaua kalean ematen duen pertsona-kopurua murriztu da: 2014 urtean 323 ziren eta orain 241 dira”

2017.eko azaroak 02
  • Sailburuak, arazoa murrizten jarraitzeko tresna gisa, “Bizitegi-bazterketa larria prebenitzeko eta horri heltzeko estrategia” proposatzen du, etxerik ez duten pertsonei zuzendua
  • Euskadiko Bizitegi Bazterketari buruzko III. Jardunaldia Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

Vitoria-Gasteiz, 2017/11/02

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Euskadiko Bizitegi Bazterketari buruzko III. Jardunaldiaren inaugurazioan, Euskadin gaua kalean ematen duten pertsonen azken kontaketaren emaitzen berri eman du: etxerik gabeko 241 pertsona zeuden kalean lo egiten zenbaketa egin zen gauean (2016ko urriaren 26tik 27ra); zifra horrek behera egin du, 2014ko zenbaketaren aldean erdia baino gehiago, izan ere, orduan 323 izan ziren.

 “Baztertutako pertsona gizarteratzea lehentasunezkoa da gure agendetan, eta zenbaketaren ondorioek erakusten dituzten emaitzek erabat kezkatzen gaituzte", esan du Artolazabal sailburuak.

 Bizitegi-bazterketa egoera larriaren fenomenoaren azterketan eta analisian sakontzeko 2016an euskal erakundeek sinatutako lankidetza-protokoloaren emaitza gisa, zenbaketa autonomia-erkidegoko 24 udalerritan egin zen, eta horiek biztanleria osoaren % 65 hartzen dute.

 Artolazabalek esan duenaren arabera, zenbaketatik eskuratu diren datu esanguratsuenek erakusten dute “kalean gaua ematen duten pertsonen % 30ek 30 urtetik behera dituela eta hamarretik ia bederatzi erroldatuta daudela; % 58k edo ez du ikasketarik edo lehen mailako ikasketak baino ez ditu, eta erdiak dio aktibo dagoela enpleguaren ikuspuntutik, baina % 8k baino ez du lan erregularra”.

 Galderei erantzun dieten pertsonen % 54k prestazio ekonomikoren bat edo laguntza ekonomikoren bat jasotzen du; ia % 22k diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen du. Jasotzen ez dutenen artean, % 41ek dio ez duela eskatu. Hamarretik hiruk urtebete baino gutxiago daramate etxerik gabe, eta % 28k 5 urte baino gehiago daramatza. Inoiz kalean lo egin dutenen % 61 delituren baten biktima izan da, eta biktimizazioa nagusi da emakumeen artean; bizitegi-bazterketa egoera larrian dauden pertsonen % 28k egun gehiena bakarrik ematen du; % 12k uste du osasun-egoera txarra duela; % 43k dio gaixotasun larria edo kronikoa duela; eta atzerritarren % 26k ez du osasun-txartelik.

 Sailburuak gogorarazi du Euskadin “diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistema publiko sendoa dugula, eta horrek gutxieneko diru-sarrerak ziurtatzen dizkiela pertsona guztiei; halaber, gizarte-zerbitzuen sistemak arreta eta laguntza ematen diela autonomian mugak dituzten edo familian edo erkidegoan integratzeko zailtasunak dituzten pertsonei”. Gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Etxebizitza Sailarekin koordinazioan dihardu, "herritarren eskubideetan oinarritutako gizarte-politika antolatzeko”. 

 “Kalean lo egiten duten pertsonengan eragina duen fenomeno konplexua” ahalik eta gehien murrizteko, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Etxebizitza eta Osasun sailekin, foru-aldundiekin, Eudelekin, Bilboko, Donostiako, Vitoria-Gasteizko, Barakaldoko, Getxoko, Sestaoko, Irungo, Laudioko, Portugaleteko eta Santurtziko udalekin eta, hirugarren gizarte-sektorearekin –Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esparruan– lankidetzan, “Bizitegi-bazterketa larria prebenitzeko eta horri heltzeko estrategia, etxerik ez duten pertsonei zuzendua, onetsi dute”, esan du Artolazabalek.

 Jardunaldia

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, erkidegoko hiru hiriburuetako udalekin lankidetzan –Vitoria-Gasteiz, Donostia-San Sebastian eta Bilbo–, Euskadiko Bizitegi Batzerketari buruzko III. Jardunaldia antolatzen eta sustatzen du, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian; gaur inauguratu dute Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak.

 Arratsaldeko seiak arte, gaian adituek parte hartuko dute, besteak beste: Isabel Baptista, Portugalgo Intervenção Social-eko Ikasketa Zentrokoa; Marc Verhelst, Flandesko Gobernuko (Belgika) Gizarte Ongizate, Familia eta Lan Sailekoa; Geoff Marlow, Galesko Gobernuko (Erresuma Batua) Etxerik gabeko Pertsonen eta Etxebizitzarako Laguntza Sailekoa; Soledad Jiménez Andaluziako Juntako Gizarte Zerbitzuetako Idazkaritza Nagusikoa; Emilio Sola, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria; Generalitat de Catalunyako Laneko, Gizarte Gaietako eta Familietako Saileko ordezkari bat eta Raquel Sanz, SIIS - Dokumentazio eta Ikasketa Zentrokoa.

 Hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakundeak ere izango dira, tailerren bidez, besteak beste: Ediren, Bizitegi, Arabako Hiesaren aurkako Batzordea, RAIS Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea, edo Osakidetza eta Bilboko Udala, beste erakunde batzuen artean.

 2012tik, Euskadiko erakundeek eta eragileek sarean lan sendoa egiten dute bizitegi-bazterketaren eremuan. Batetik, urte hartatik hiru aldiz zenbatu dira gauez bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonak, urte bikoitietan, 2012, 2014 eta 2016an. Gainera, Bizitegi Bazterketa Egoera Larriak Prebenitzeko eta Murrizteko Euskal Estrategia prestatu da, errealitate horien ikerketa, segimendua eta analisia egiteko erakunde-mailako lankidetza-protokoloa sinatu da, eta Euskadiko bizitegi-bazterketari buruzko bi jardunaldi egin dira (2014ko martxoan, Donostian, eta 2015eko urrian, Bilbon).

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @basquemployment
    2017.eko azaroak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Euskadiko hirietan eta herrietan gaua kalean ematen duten pertsonen azken kontaketaren emaitzak ➡ https://t.co/kK6zPVLdyR http…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran