Berriak Hezkuntza
Eu

6 milioi udalentzako diru-laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko Udalaguntza-2017 (Gobernu Bilera 2017-10-31)

2017.eko urriak 31

Udalaguntza deialdiaren bidez 298 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 167 ikastetxetan 

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailburuaren proposamenez onartu du, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egitera bideratutako gastuak finantzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Udalaguntza-2017 izenez ezagutzen den deialdi honek 6 milioi euroko diru-kopurua du. 

Udalaguntza-2017 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Agindu honen bidez finantzatu ahal diren obrak 2017ko urtarrilaren 1 eta 2018ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira eta 2018ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon behar dute. 

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen diru-laguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio-batzordeak  onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei diru-laguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan. 

Irisgarritasun lanak

Ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. 

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko korporazioen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira. 

2017ko Udalaguntza deialdian parte hartu nahi duten udalek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko –eskatzen den dokumentazioarekin batera-, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita. 

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2016) 298 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 99 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 167 ikastetxe publikotan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko