Eu

Eusko Jaurlaritzak Basque Trade and Invest/Euskadiko Nazioartekotze Agentzia sortuko du enpresei balio erantsi handiagoko zerbitzuak eskaintzeko (Gobernu Bilera 2017-10-31)

2017.eko urriak 31

Basque Trade Invest-ENAk enpresak Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko politika guztiak kudeatuko ditu

Euskadiko ekonomia eta enpresak nazioartekotzea sustatuko du, eta eragile eskudunei atzerriko inbertsioak erakartzen lagunduko die

Egitura egokiagoa da nazioarteko kideko eragileekin konektatzeko, euskal enpresei zerbitzu eraginkorragoa eskainiko die eta atzerrian “Basque Country” marka sendotuko du

Spriren Kanpo Sareko merkataritza-bulegoak Agentzia berriaren mende geratuko dira, eta Adimen Lehiakorreko Unitate bat hartuko du bere baitan 

Gobernu Kontseiluak Basque Trade and Investment/Euskadiko Nazioartekotze Agentzia SA sozietate publikoa eratzeko dekretua onartu du.

Agentzia honen helburua da Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzearen arloan dituen ahalmenak eta aktiboak integratu eta sendotzea.

Eusko Jaurlaritzaren ustez nazioartekotzearen arloan erakunde bakarra izateak erraztu egingo du balio erantsiko zerbitzu-eredu batera egiteko bidea, horrekin herrialde gisa eta enpresen jarduerari eta inbertsioak erakartzeari begira emaitzak hobetuta. 

Basque Trade and Invest/ENAren xede soziala izango da, beraz, Euskadiko ekonomia eta enpresak nazioartekotzea sustatzea, eta, horretarako, enpresei nazioartera hedatzen eta eragile eskudunei kanpoko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegora erakartzen lagunduko die.

Aurreikusten da balio erantsiko zerbitzuen kartera berria hedatzea, enpresa-profil ezberdinentzat segmentutan banatua, gaitasun propioak eta eragile laguntzaileenak bateratuko dituen eredu integral baten bidez.

Kanpoko bulego-sarea

Helburu horiek betetzeko, bulego-sare bat izango du atzerrian, euskal enpresen eta erakundeen zerbitzura jarrita sarearen lankidetza eta ekarpena areagotzeko.

Gaur egun Spriren Kanpo Sarea 14  bulegok osatzen dute eta aurrerantzean Agentzia berri honen mende geratuko dira. 

Adimen Lehiakorreko Unitatea

Agentziak Adimen Lehiakorreko Unitate bat izango du, merkatuen ezagutza aurreratua sortuko duena enpresei aukera berriak eskaintzeko. Adimen Lehiakorreko Unitateak merkatuen joerak aztertuko ditu, aukera berriak hauteman eta kudeatuko ditu, bertako politikak ebaluatu eta kanpoko politikak miatuko ditu, eta nazioartekotzearen arloan ezagutza-aliantzak eratzea sustatuko du euskal ekonomiari eta enpresei laguntzeko.

Giza kapitala, “Basque Country” marka eta erakundeen arteko koordinazioa

Orain arteko politikekin jarraitutako bidearen ildo beretik, BTI/ENAk bere gain hartuko du giza kapitala prestatzeko programen kudeaketa, eta enpresak nazioartekotzeko gaikuntza espezializatua eskainiko du.

Euskadik eta bertako enpresek munduan errekonozimendu handiagoa izateko eta errekonozimendu hori zabaltzeko egingo du lan Agentziak, Nazioartekotze Agentziaren jarduera “Basque Country” markarekin lotuko du eta alderantzizko misio ekonomiko eta enpresarialak sendotuko ditu. 

Garrantzizko eragilea izango da Nazioartekotzearen Euskal Sisteman, eta etengabe koordinatuta jardungo du Basque Consortium-Euskadiko Nazioartekotze Kontseilua osatzen duten erakundeekin.  

BTI/ENA agentziaren kudeaketa-erregimena

BTI/ENA, Basque Trade and Investement/Euskadiko Nazioartekotze Agentzia SA sozietate publikoa, sozietate publikoei aplikagarriak zaizkien xedapenek eta Kapital Sozietateei buruzko legerian xedatutakoak arautuko dute.

Agentziaren jarduera 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta pixkaka hartuko ditu bere baitan Euskadiko Administrazio Orokorraren eta Spri-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak. Prozesua 2018ko martxorako amaituta egotea aurreikusten da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2018.eko otsailak 08

    Egun on, ¿dóde se ubica?

Komunikabideek behera kargatzeko