Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak “euskal bidea” babestu du Quebecen, eta Kanadako eredua hartu du autogobernuaren etorkizunerako erreferentziatzat

2017.eko azaroak 01
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Urkullu “elkarrizketan, akordioan, negoziazioan eta berrespenean” oinarritzen den ereduaren alde mintzatu da unibertsitate-foro batean
  •  Lehendakariaren ustez, “prozesu politiko konplexuak elkarrizketara irekita dauden prozedura demokratikoen” bitartez bideratu ahal izatearen adibide argia da Quebec/Kanada eredua.
  • Euskadik Kanadako erkidego-babeserako eredua aztertuko du, gizarteari aukera ematen baitio zuzenean esku hartzeko errefuxiatuak hartzeko prozesuan.

Iñigo Urkullu lehendakariak “elkarrizketan, akordioan, negoziazioan eta berrespenean oinarritzen den euskal bidea” babestu du Quebecen, eta  “prozesu politiko konplexuak elkarrizketara irekita dauden prozedura demokratikoen” bitartez bideratu ahal izatearen erreferentziako eredutzat jo du Quebec/Kanada eredua.

Bidaia ofizialeko hirugarren egunean, lehendakariak Quebec hirian dagoen Laval Unibertsitatea bisitatu du, Amerikako lehen unibertsitate frankofonoa. Bertan, Sophie  d’Amours errektorearekin bildu da, eta mahai-inguru batean  hartu du parte unibertsitateko irakasleekin batera.

Laval unibertsitateko erkidego akademikoaren aurrean, Urkulluk adierazi du “Espainiak bere barneko nazionalitateetarako ahokapen hobea aurkitu behar duela oraindik”, eta adierazi du euskal ordezkaritza egun hauetan Quebecen  egiten ari den bisitak “interes berezia” duela une honetan; izan ere, Quebec-Kanada eredua “erreferentziazko esperientzia baliagarria da, subiranotasun-partekatuko errealitate bat desblokeatzeko aukera ematen baitu aldebikotasun-konpromisoak hartuta”.

 “Euskadin interes handiz aztertzen dugu errealitate hori, lehenengo egunetik bertatik. Gure autogobernua eguneratzen jarraitzeko lan egingo dugu, betiere euskal indar politiko desberdinen partaidetza izango duen esparru ireki baten barruan, Estatuarekin itundu beharko den eta gizarteak berretsi eta errespetatuko beharko duen esparru ireki baten barruan” eman du aditzera.

Elkarrizketa, demokrazia, legezkotasuna eta aldebikotasuna

Aldi berean, lehendakariak aditzera eman du bere nahia dela Euskadi errealitate nazional gisa aitor dezaten Europa barruan, eta konbentzituta adierazi du “lehenago edo geroago” Europar Batasunak “Argitasunari buruzko Zuzentaraua” egin beharko duela. Horretarako, Euskadik eta Quebecek babesten duten eredua har dezakete erreferentziatzat. Eredu hori lau printzipiotan oinarritzen da: elkarrizketa, demokrazia, legezkotasuna eta aldebikotasuna.

Euskadiren gaur egungo egoerari buruz mintzatzean, Iñigo Urkulluk “ilusioa” azaldu du terrorismoaren “eragozpena” jasan ondoren zabaldu den aro berriaren aurrean, eta aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak bizikidetasuna finkatzeko konpromiso irmoa duela, eta bizikidetasuna “bizikide izatea da bizitzea” gisa ulertzen du, “vivre ensemble” esamoldearen aipamen moduan.

Bere solasaldiaren beste une batean, lehendakariak esan du Euskadik eta Quebecek antzekotasun ugari dutela, eta horren adibide jarri ditu bi gobernuen gobernantzako ereduak eta kudeaketa publikoaren gaineko zorroztasuna, lehentasun sozialak, politika ekonomikoaren orientazioa, ingurumenarekiko konpromisoa eta klima-aldaketaren kontrako borroka.

Erkidego-babesa

Era berean, lehendakariak goraipatu du Kanadak eta Quebecek errefuxiatuak hartzeko eta gizarteratzeko garatutako esperientzia, eta munduko erreferentzia gisa jarri du horien erkidego-babeserako eredua, gizarteari aukera ematen baitio zuzenean esku hartzeko eta bere burua antolatzeko pertsona horiek hartzeko prozesuan.

Urkulluk azaldu duenez, euskal gizarteak eta erakundeek bere gain hartu dute errefuxiatuak hartzeko eta gizarteratzeko konpromisoa, eta alderdi horrek adostasun-maila handia du euskal gizartean. Ildo horretan, interes handia azaldu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia harremanetan jar dadin Quebeceko erakundeekin, arlo horretan egin diren esperientzia zehatzak ezagutzeko eta aztertzeko.

New Yorkeko atentatuaren gaitzespena

Atzo New York hiriaren kontrako atentatua gaitzetsi du: “erlijioa aitzakia duen nazioarteko terrorismoak gizarte zibil eta errugabearen kontra egin du”. Lehendakariaren lehen hitzak hildakoen familia eta zaurituei solidaritate eta hurbiltasuna adierazteko izan dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak