
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren aurrekontua handitu egingo da 2018an; 118,6 milioi eurokoa izango da, iaz baino % 5 gehiago
- Aurrekontuaren erdia baino gehiago, ia 60 milioi euro, berrikuntza publikora, modernizaziora eta e-administraziora bideratuko da, sail honen lan-ardatzera
- Nabarmentzekoa da, halaber, aholkularitza juridikoko, epaiketako laguntzarako eta Euskadiko autogobernuaren defentsarako zerbitzuen finantzaketa, 4,6 milioi eurorekin
- 2018an, Gobernuak jarraituko du, 23 milioi eurorekin, Euskadiko funtzionarioen hautaketa, prestakuntza eta euskalduntze ekintzekin
- Gainera, sail honi atxikitako hiru erakundeek, IVAPek, ITELAZPIk eta EJIEk, 151,5 milioi euroko gastu-aurrekontua izango dute
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, 2018an, guztira, 118.664.000 euroko aurrekontua izango du, 2017an baino ia % 5 gehiago. Zenbateko horretatik guztitik, % 96, 114 milioi euro, "Gobernantza Publikoa”ren arlora bideratuko da; gainerako % 4a, 4,6 milioi euro, aholkularitza juridikoa, autogobernuaren defentsa eta Eusko Jaurlaritzaren interesen epaiketako laguntza finantzatzeko. I. kapitulua kontuan hartu gabe, langile publikoen gastuei buruzkoa, sailak duen aurrekontu garbia 85.925.815 eurokoa da, aurreko ekitaldian baino ia % 6 handiagoa.
Sailaren aurrekontua lehentasunezko ekintzako 5 arlotan banatuko da:
- Berrikuntza publikoa eta e-administrazioa: ia 60 milioi euro, guztizkoaren % 51. Aurrekontu gehien duen eta gehien hazten den ardatza da.
- Euskadiko langile funtzionarioen prestakuntza eta hautaketa: 23 milioi euro, guztizkoaren % 19.
- Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak: 4,6 milioi euro, guztizkoaren % 4.
- Erakunde-harremanak: 2,4 milioi euro, guztizkoaren % 2.
- Euskal Administrazio Publikoaren azpiegituren mantentze-lana eta modernizazioa:28,6 milioi euro, guztizkoaren % 24.
Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak hiru erakunde publiko ditu atxikita, eta horiek 151,5 milioi euroko gastu-aurrekontua izango dute.
- EJIE S.A. : 114,2 milioi euro
- IVAP: 19,3 milioi euro
- ITELAZPI S.A.: 18 milioi euro
BERRIKUNTZA PUBLIKOA ETA E-ADMINISTRAZIOA
Sailaren barruan, aurrekontu-pisu handiena duen lan-arloa da, ia 60 milioi eurokoa, guztizkoaren % 51; kopuru hori, besteak beste, honako jardun-arlo hauetara bideratuko da:
- Informatika eta Euskadiko telekomunikazioak: nobedade gisa, nabarmentzekoa da 4,5 milioi euro inbertituko direla Euskadiko gune zurietan banda zabala jartzeko. Biztanleria-gune txikiak, isolatuak, gehienak baserrietakoak dira; horietan, telekomunikazioen konpainia pribatuek ez lukete inbertituko, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe. 2018rako, arlo honetarako aurrekontuan aurreikusitako gainerako 33,5 milioi euroak honako hauetara bideratuko dira: konfiantzazko zerbitzu elektronikoak, sinadura digitala, lizentziak, proba pilotuen laborategi teknologikoak, bideokonferentzien taldeak, terminalak, aplikazioak, sistemak, proiektuak, segurtasun informatikoa, ikuskaritza teknologikoa, software libreko bulegoa, zerbitzu informatikoen erabiltzaileentzako arreta, datu meteorologikoen transmisioa, TETRA sarea, KZGUNEAk, etab.
- Berrikuntza digitaleko euskal agenda, 2020rako Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jaso dena. Euskadiko agenda digitalarekin lotutako jarduketetarako 5,2 milioi euro izango dira 2018an.
- Administrazio elektronikoa eta web-orrialdea: 7,7 milioi euro bideratuko dira www.euskadi.eus web-orrialdea eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa ezarri eta hobetzera; bertan, herritarrei, 24 orduz, urtean 365 egunez, edozein lekutatik eta edozein gailuren bidez arreta eskaintzen zaie.
- Elkarreragina herritarrekin, herritarrei arreta emateko ZUZENEANen lau kanalen bitartez: aurrez aurre hiru hiriburuetan, 012 telefonoaren bidez, Telegram berehalako mezularitzaren bidez, eta web-orrialdearen bidez. Sailak 6,5 milioi euro bideratuko ditu zerbitzu horretara, 2018an.
- Zuzentasunak, gardentasunak eta gobernu onak 375.000 euroko aurrekontua izango du.
- Antolaketaren egokitzapena, zerbitzu publikoaren eraginkortasun eta efizientzia handiagorako. Sailak, guztira, 120.000 euro bideratuko ditu.
LANGILEEN PRESTAKUNTZA ETA HAUTAKETA
Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten duten langileen hautaketara, prestakuntzara eta euskalduntzera bideratutako aurrekontua da. 23 milioi euro dira, guztizkoaren % 19. Bi lan-bloke handitan jaso dira aurrekontuan:
- Euskal funtzionarioen hautaketa eta prestakuntza: 13,1 milioi euro, 2017an baino % 3,3 gehiago.
- Hizkuntza-normalizazioa herritarrek beren administrazio publikoarekin euskaraz harremanetan jarduteko duten eskubidea bermatzeko: 9,9 milioi euro.
EUSKO JAURLARITZAREN ZERBITZU JURIDIKOAK
Eusko Jaurlaritzak beste 4,6 milioi euro inbertituko ditu, aurrekontu osoaren % 4, aholkularitza juridikoko, Eusko Jaurlaritzaren epaiketako laguntzako eta Euskadiko autogobernuaren defentsarako zerbitzuetan. Zenbateko hori honela banatuko da:
- 3,5 milioi euro Eusko Jaurlaritzaren “Zerbitzu Juridiko Zentrala” finantzatzeko. Giza taldea da; 50 profesionalek eratzen dute, eta aholkularitza juridikoko eta autogobernuaren defentsarako eta Eusko Jaurlaritzaren interesen defentsarako zerbitzuak betetzen dituzte epaitegien aurrean.
- 1,09 milioi euro “Euskadiko Batzorde Juridiko Aholkulari”rako, goi-mailako organo elkargokidea; organo horrek kontsulta-funtzioa betetzen du Euskal Administrazio Publikorako, tokiko administraziorako eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitaterako. Zerbitzu hori, halaber, sail honi atxikita dago, baina ez dago egitura hierarkikoaren barruan objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko, eta 14 kidek osatzen duten taldea dauka.
ERAKUNDE HARREMANAK
Eusko Jaurlaritzak, 2018an, erakunde-harremanen arlorako 2,4 milioi euro aurreikusi ditu aurrekontuan, guztizkoaren % 2.
Kasu horretan, 47 pertsona daude arloan, eta bere zeregina da Eusko Jaurlaritzak udalerriekin dituen harremanak bermatzea, Arartekoarentzako, Eusko Legebiltzarrerako, Euskadiko elkarte eta fundazioetarako arreta, edo euskal erakundeek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egiten dituzten argitalpenak kudeatzea, besteak beste.
AZPIEGITUREN MANTENTZE LANA ETA MODERNIZAZIOA
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 28,6 milioi euro bideratuko ditu, guztizkoaren % 24, Euskal Administrazio Publikoaren azpiegiturak mantentzeko eta modernizatzeko jarduketetara.“Baliabide orokorrak” izeneko arloa sail honi atxikita dago; arlo horren ardurak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-egoitza nagusien -gehienak hiru euskal hiriburuetan daude- kudeaketa, mantentze, garbiketa, energia, telefonia, segurtasun eta beste zenbait lan.
Era berean, ardatz horretan sartzen dira korrespondentziaren, erregistroaren, horniduren, bulegoko materialen, inprentaren, argitalpen ofizialen eta beste hainbaten gastuak.
ERAKUNDE AUTONOMOAK ETA SOZIETATE PUBLIKOAK
Azkenik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak hiru erakunde publiko ditu atxikita, eta horiek 151,5 milioi euroko gastu-aurrekontua izango dute, 2018an.
- EJIE S.A.: 114,2 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker.Ia erdia, 41,8 milioi euro, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren beraren ekarpena izango da.
- IVAP: 19,3 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker. % 84, 16,2 milioi euro, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren beraren ekarpena izango da.
- ITELAZPI S.A.: 18 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker.Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, erakunde honi, 1 milioi euroko ekarpena egingo dio.