Eu

Gasteizko Europa jauregiak Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-bazterketari buruzko III. Jardunaldia jasoko du azaroaren 2an

2017.eko urriak 30

-        Lide Amilibia: “Topaketan, arreta berezia jarriko da esku hartzeko tresnen inguruko prestakuntzan, gogoetan eta eztabaidan”

-        Europako hainbat autonomia eta eskualdetako gobernuak elkartuko dira euren esperientziak aztertu eta bateratzeko

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, EAEko hiru hiruburuetako —Gasteiz, Donostia eta Bilbo— udalen lankidetzaz, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-bazterketari buruzko III. Jardunaldia antolatu eta sustatu du. Topaketa azaroaren 2an, osteguna, izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta jarraitutasuna emango dio eta ikusgai jarriko du etxerik ezaren esparrua jorratzeko euskal instituzioek duela bi urtetik hona egiten duten erakunde arteko lankidetza.

Deialdi berri honek hiru helburu izango ditu, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez. “Edizio honetan, arreta berezia jarriko da etxerik ez dutenekin esku hartzeko tresnen inguruko prestakuntzan, gogoetan eta eztabaidan”. Horretarako, aldibereko bost lantegi antolatu dira. Horietan, lantegi bakoitzeko 40 lagunek parte hartu ahal izango dute etxerik ez dutenen esparruan esku hartzearekin estu lotutako bost gaien inguruan. Lantegietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da joan nahi den lantegian aurretiaz izena ematea. Horretarako, http://mintegia.siis.net/ webeko izena emateko formularioa bete behar da.

Gainera, jardunaldian:

-        Aditzera emango dira bizitegi-bazterketako egoeran daudenen hirugarren zenbaketaren emaitzak. Zenbaketa hori joan den 2016ko urriaren 26an egin zen EAEko 24 udalerritan, 1.000 boluntario baino gehiagoren lankidetzaz.

-        Berariaz aztertuko da bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden emakumeen errealitatea eta arretarako baliabideetatik errealitate horri ematen zaion erantzuna.

-        Eta bizitegi-bazterketako egoerei aurrea hartu eta murrizteko Euskal Estrategia aurreratuko da, baita gure inguruneko beste autonomia-erkidego batzuetan antolatutako antzeko estrategiak ere.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko Alkateak emango diote hasiera jardunaldiari 09:30ean. Arratsaldeko 6ak arte, parte hartuko dute, gainera, hainbat bazterretatik etorritako arlo honetako adituek, esaterako: Isabel Baptista, Gizarte Esku-hartzeko Azterketen Zentroa, Portugal; Marc Verhelst, Gizarte Ongizate, Familia eta Laneko Saila, Flandriako Gobernua, Belgika; Geoff Marlow, Etxerik gabekoentzako eta Etxebizitzan Laguntzeko Saila, Galesko Gobernua, Erresuma Batua; Soledad Jiménez, Gizarte Zerbitzuetako Idazkaritza Nagusia, Andaluziako Junta; Emilio Sola, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, Eusko Jaurlaritza; Laneko, Gizarte Gaietako eta Familietako Saileko ordezkari bat, Generalitat de Catalunya; Raquel Sanz, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa. Era berean, EAEko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeak egongo dira lantegien bitartez; besteak beste, honako hauek: Ediren, Bizitegi, Arabako HIESaren aurkako Batzordea, RAIS fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea. Gainera, instituzioak ere izango dira; esaterako, Osakidetza eta Bilboko Udala.

Erakunde arteko lankidetza

2012 ezkero, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioak eta agenteak sare-lan bizia ari dira egiten bizitegi-bazterketaren esparruan. Alde batetik, urte hartatik, bizitegi-bazterketako egoeran daudenen gaueko hiru zenbaketa egin dira —2012an, 2014an eta 2016an—.Gainera, aurrera egin da bizitegi-bazterketa larriko egoerei aurrea hartu eta murrizteko Euskal Estrategiaren prestaketan; lankidetza instituzionaleko protokolo bat sinatu da errealitate horiek ikertu, jarraitu eta aztertzeko; honen aurreko bi jardunaldi egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-bazterketaren inguruan (2014ko martxoan, Donostian, eta 2015eko urrian, Bilbon).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak