Eu

Aiz: “Euskadik zuzenean kudea ditzake Bilboko eta Pasaiako portuak, eta horretarako ez dute interes orokorreko kalifikazioa galdu behar”

2017.eko urriak 30
  • Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak gertakari horren garrantzia azaldu du, gaur goizean Bilbon egin den EHU-UPVko VIII. Itsas Zuzenbide Hitzaldi Zikloaren irekiera ekitaldian.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak Bilboko eta Pasaiako portuak zuzenean Euskaditik kudeatzearen komenigarritasuna aldarrikatu du, benetako aukera gisa, alor horretan indarrean dagoen legedia kontuan hartzen bada. Adierazi duenez, horrela gertatuz gero portu horiek ez dute beraien interes orokorreko kalifikazioa galdu behar.

Gaur goizean Bilbon egin den EHU-UPVko VIII. Itsas Zuzenbide Hitzaldi Zikloaren irekiera ekitaldian, Euskadiko ekonomiaren garapenean itsasoko jarduerak duen garrantzia azpimarratu du Aizek, dagoeneko finkatuta dagoen eta hazten jarraitzen duen sektorea baita:

  • Euskadiko itsas enpresen fakturazioak %3,5 egin zuen gora 2016an, 2015arekin alderatuz, 2.943’5 milioi €, hau da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGren %2,27.
  • Enpleguari dagokionez, 14.738 pertsonari eman zien lana 2016an.

Horri dagokionez, Aizek Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluko irailaren 19ko akordioa aipatu du. Akordio horren bitartez, Euskadiko Autogobernua eguneratzeko Ponentziak eskatutako txostenak bidali dira Eusko Legebiltzarrera, Euskal portuei dagokienez.

“Une honetan, Bilboko eta Pasaiako portuen kudeaketaren erantzukizuna Estatuarena da, eta erakunde horrek interes orokorreko portu izendatu ditu. Interes orokorraren figurari ematen zaion bereizi gabeko eta, batzuetan, gehiegizko, erabilera da”, sailburuordeak baloratu duenez.

Aizek gogorarazi duenez, egungo legedia europarrean oinarrituta, une honetan bertan, interes orokorreko kalifikazio horri eutsita ere, “Estatuak gaitasuna du Euskadiko portuen kudeaketa Autonomia Erkidegoak zuzenean bere gain hartzea erabakitzeko, eta kudeaketa autonomiko eta deszentralizatu handiagorako bidea zabal dezaketen beste bide batzuk ere azter daitezke. Eta hori interesgarria da Euskadirentzat, ekonomiaren ikuspegitik”.

Portuko espazioaren kudeaketari, portuko jarduerei eta portuko estrukturaren antolakuntzari buruzko funtzio guztiak, Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorraren kudeaketa zuzenaren barruan egon daitezke.

Europako 2017/352 Arautegi berriak hiru figura definitzen ditu: agintaritza eskumenduna, portuaren erakunde kudeatzailea eta portuko zerbitzuen emailea. Eusko Jaurlaritzatik aukera garbia ikusten da, Autonomia Erkidegoari presentzia eta eskumen betearazle handiagoa emateko portuen kudeaketan, eta horretarako ez litzateke beharrezkoa izango Estatuak interes orokorreko kalifikazioa kentzea.

Itsas Zuzenbideari buruzko jardunaldiak

Eusko Jaurlaritza, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira VIII. Itsas Zuzenbide Hitzaldi Zikloaren buru. Zikloan Espainiako, Frantziako eta Italiako beste zazpi Unibertsitatek hartzen dute parte. Oraingoan ere, Itsas Nabigazioa, 2014ko uztaileko Itsas Nabigazioari buruzko Legea, 2015eko maiatzaren 26ko azken aldaketarekin finkatutako testua, alegia, azterketa, gogoeta eta alderaketa xede dira, aztertzeko eta Autonomia eta nazioarte testuinguruan aplikatzea baloratu ahal izateko.

Jardueraz betetako bi jardunaldi horietan Legearen eta nabigazioaren tresna substantiboen eta operazioen aplikazioan sakontzeko aukera egongo da: garraio kontratua, nabigazioaren subjektuak, ibilgailuak, itsasoko asegurua, itsasoko istripuen tratamendua, nazioarteko hitzarmenak eta horien eragina Estatu mailako legeetan. Testuinguru horretan Aizek, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioaren Legeari dagokionez Legebiltzarrean duen ekimen legegilea ere azaldu du.

Horrez gain, sailburuordeak azpimarratu duenez, itsas legediak etengabeko eguneratzea eta bilakaera teknologikoetara eta telematikoetara egokitzea eskatzen du. Dagoeneko hasi gara nabigazio autonomoaz, itsasontzi autonomoez, hitz egiten, eta horiek estrategiak markatuko dituzte, enpresen eta ekonomiaren aldetik. Itsasoko legediak erronka berri horiei erantzun beharko dizkie, etengabeko eguneratzearen bitartez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak