
Lehendakaria: ”Euskara guztien aukera da, inork ez du jabetzarik"
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Lehendakariak adierazpen instituzional bat irakurri du eta euskaldunentzako “beharrezko laguntzak” bermatu ditu
Patxi López Lehendakariak adierazpen instituzional bat irakurri du Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Adierazpen horretan, euskarak “jaberik ez duela” azpimarratu du eta euskal hizkuntzaren etorkizunari euskal gizartearen “askatasunak eta borondateak” eusten diotela. “Euskara guztiontzako aukera bat da, ez da inoren jabetza”, azaldu du. Lehendakariak behin eta berriz esan du Gobernuak ez dituela euskal hiztunak “zokoratuko”, horiek “laguntza eta babesa izango baitute”. “Administrazioaren ardura da hiztunei bideak erraztea, munduan zabaldu dadin bitartekoak jarriz”, baieztatu du.
"Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita, eta baita, zienzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera, zeren ladin publika mundu guzietara berze lengoajiak bezala hain eskribatzeko hon dela. Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage, eta berze nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteiela lengoaje hartan, nola berze orok baitute eskribatzen berian".
Testu hori euskaraz idatzi zen lehen liburuko laburpen bat da, 1545ean Bernard Etxeparek idatzia; Lehendakariak Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta egin duen adierazpen instituzionalean txertatu du. Paragrafo horretan Etxeparek azaltzen du euskaldunak jende jantzia izan arren, inor ez dela euskaraz idaztera adoretu eta horrek euskal hizkuntzaren ospeari kalte egiten diola. Testuinguru horretan, Lehendakariak ziurtatu du 2010 urtean “euskal gizarteak Etxepareren nahiak bete dituela”. “Hasiera umil honek etorkizun hobea izan dezala”, adierazi du.
Bere Gobernuko kide guztien babesarekin, Iñaki Arriola kontseilariarena ez ezik —elur-denboraleak eragindako trafiko arazoengatik ezin izan di zita horretara iritsi eta— Patxi López Lehendakariak Ajuria Eneako Jauregian irakurri du Euskararen Nazioarteko Eguna omentzen duen adierazpen instituzionala.
Euskara gizarteko estamentu guztietan dagoela nabarmendu du Lehendakariak, unibertsitatean, komunikabideetan eta “mundura irekitzen ari dela” esan du. “Euskara guztiontzako aukera bat da, ez da inoren jabetza” azaldu du eta euskal gizartearen ”askatasunak eta borondateak” euskararen etorkizuna markatuko dutela gehitu du.
Horregatik, gobernuak “euskaldunak zokoratuko ez dituela” baieztatu du lehendakariak, euskararen egoerak hobera egin badu ere, oraindik “egoera zaila baita”, eta Gobernuak euskarari “laguntza eta babesa” emango dizkiola azpimarratu du. “Administrazioaren ardura da hiztunei bideak erraztea, munduan zabaldu dadin bitartekoak jarriz”, baieztatu du. Horrez gain, Lópezek azpimarratu duenez, “aniztasuna gure elkarbizitzaren oinarria da” eta, horregatik, “hizkuntzen arteko erlazioak ezin dira arazo izan, erlazio horiek aberasgarriak izan behar dira”.
Debile principium melior fortuna sequator
Adierazpen instituzionalak latinezko adierazpen bat ere biltzen du, debile principium melior fortuna sequator (hasiera umil honek etorkizun hobea izango ahal du); horrekin euskararen alde lan egiteko asmoa adierazi du Lehendakariak. “Duela 500 urte kaleratu zen euskarazko lehen liburua eta gaur esparru digitala irabaztea dugu helburu, beste hizkuntzen antzera. Bizitza aberasgarriko beste 500 urte opa dizkiogu”, adierazi du.
Lehendakariak Xabier Lizardiren poema ospetsuaren zati batekin amaitu du hitzaldia; Lizardi XX mende hasierako poeta eta idazle euskalduna izan zen eta poema horretan euskal hizkuntzaren inguruko bere nahiak azaltzen ditu:
“Baina nik, hizkuntza larrekoa,
nahi haunat ere noranaikoa:
jakite hegoak igoa;
soina zahar, berri gogoa;
azal horizta, muin betirakoa.”
(Lizardi)