Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Eusko Jaurlaritzak, azaroan, 2012ko aparteko pagaren azken laurdena ordainduko die Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langileei

2017-11-02
  • Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak, Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Gobernuak duela bi legegintzaldi hasi zuen polemika hau behin betiko ixteko lege-proiektua defendatu du
  • Neurri horrek ia 50 milioi euroko eragina izango du aurrekontuan, eta Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten ia 70.000 pertsonarengan du eragin; 2018tik aurrera, aparteko pagak kobratuko dituzte, ekainean eta abenduan, ohi bezala

Eusko Legebiltzarrak, gaur, 2017 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legearen aldaketari buruzko Legea onetsi du. Arau-testu laburra da, artikulu bakarrekoa, irakurketa bakarreko premiazko prozedura bidez tramitatua. Eusko Jaurlaritzak Ganberara bidali du, 2012ko abenduko aparteko pagaren azken laurdena ordaindu ahal izateko langile publikoei, kontuan hartuta aparteko paga hori Espainiako Gobernuaren oinarrizko araudiak kentzeko ezarri zuela.

Gaur Legebiltzarraren tramitea egin ondoren, legea datorren astean argitaratuko da EHAAn. Orduan, Gobernuak 2012ko aparteko pagaren azken laurdena ordaindu ahalko du eta, horrela, behin betiko itxi Espainiako Gobernuak, duela bi legegintzaldi, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren (Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa) bidez hasi zuen polemika.

50 MILIOI EURO

Neurri horrek, aurrekontuan, 50 milioi euro inguruko eragina izango du. 2012ko uztailaren 1aren eta 2012ko abenduaren 31ren artean, Euskal Administrazio Publikoan zerbitzuak eman zituzten pertsona guztiengan du eragina. 70.000 langile inguru dira. Dagoeneko, aktibo ez daudenek modu berean eta ofizioz jasoko dute dagokien zenbatekoa eta ez dute erreklamatu behar izango.

Datorren urtetik aurrera, Gobernuak normaltasunez ordainduko dizkie berriro aparteko pagak langile publikoei; beraz, horiek ekainean eta abenduan likidatzen hasiko dira, berriz ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)