Eu

Eusko Jaurlaritzak 30 enpresatara zabalduko du norberaren bizitza, familiakoa eta lanekoa uztartzeko programa pilotua

2017.eko urriak 30
  • Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, I3Sren instalazioak bisitatu ditu; konpainia horrek aplikatzen ditu neurriak, dagoeneko, horretan prestatzeko fasearen ondoren
  • Hogeita hamar enpresak banakako laguntza izango dute beren prozesuak eta neurri zehatzak planifikatzeko eta gauzatzeko
  • Artolazabal:“Lan-absentismoak behera egiten du, talentuari hobeto eusten zaio edo plantillak enpresarengan duen konfiantza sendotzen da”
  • Hiru enpresak, bat lurralde bakoitzeko, antzeko esperientziak egin dituzte

 

Bilbo, 2017/10/30

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, I3S enpresaren instalazioak bisitatu ditu, Bilbon; enpresa horrek eta Zubiplast eta Sidelan enpresek, azken urtean, norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko neurriak ezartzeko banakako laguntza-esperientzian parte hartu dute; esperientzia Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du.

 

“Esperientzia pilotu horrek izan duen arrakasta ikusita, dagoeneko martxan dugu beste deialdi bat; oraingoan, hogeita hamar enpresatara zabalduko da, hamar lurralde historiko bakoitzeko, eta ahalegina egin da jarduera-sektore guztiek ordezkaritza izateko esperientzia horretan. Laguntza emango diegu norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko neurriak ezartzeko banakako laguntza-prozesuak planifikatzeko eta gauzatzeko”, esan du Beatriz Artolazabalek. “Gure asmoa da askotariko enpresek parte hartu ahal izatea: tamaina, mota, beharrizan eta sektore desberdinetakoak".

 

Hogeita hamar enpresek eta beren plantillek kontziliazio-neurriak ezartzeko prozesuak planifikatzeko eta gauzatzeko banakako laguntza profesionala izango dute, aurretiko esperientzia pilotuan egin den bezala. Kontziliazioa hobetzeko hartzen diren neurriak konpainiako eta plantillako ordezkariek parte hartzen duten prozesuan erabakitzen dira, betiere Sailak eskaintzen duen laguntzarekin.

 

Artolazabalen hitzetan, “zuzenean parte hartzen dutenez neurri horietan, helburua da hartu diren akordioak positiboak eta iraunkorrak izatea”. Plan horiek jasoko dute egoeraren eta aukeren diagnostiko bat egitea, prozesua planifikatzea eta enpresaren eta plantillaren beharren produkzio-errealitatearekin bat datozen kontziliazio-neurriak gauzatzea.

 

Formula hori erabili da, dagoeneko, I3S konpainian (egoitza: Bilbo), Zubiplast-en (egoitza: Oñati) eta Sidelan-en (egoitza: Vitoria-Gasteiz), esperientzia pilotuan parte hartu dutenetan. Bakoitzak errealitate eta behar desberdinak ditu. Oinarri horretatik abiatuta, erabat parte-hartzaileak diren prozesuak garatu dira, eta horiek aldeen arteko konpromiso-kota handiak ekarri dituzte; orekak lortu dira enpresaren eta plantillaren beharren artean.

 

Ondorio gisa protokoloak ezarri dira, errazak baina eraginkorrak, eta, gero, segimendua eta ebaluazioa egin da, egokitzen joateko. “Ondorioztatu daiteke kontziliazio-neurriak ezartzeak onura gehiago dakartzala eragozpenak baino. Hiru enpresetan antzeman dugu lan-absentismoak behera egiten duela, talentuari gehiago eusten zaiola edo plantillak enpresarengan duen konfiantza sendotzen dela.Oro har, lan-giroa hobetu egiten da eta produktibitatea ere hobetu daiteke", esan du Artolazabal sailburuak.

 

Bisitaldia I3Sra

Proiektu honen aurkezpena esperientzia pilotuan parte hartu duen enpresetako baten egoitzan izan da, I3Sren egoitzan; enpresa informazio-sistemak integratzeko ingeniaritzaren ingurukoa da, eta Bilbon du egoitza. Ekitaldian, sailburuarekin batera María José Villena I3Sko giza baliabideen arduraduna, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Ernesto Sainz Lanchares Familiako eta Aniztasuneko zuzendari nagusia izan dira. Villenak komunikabideen aurrean azaldu du I3Sren esperientzia eta adostutako neurriak nola aplikatzen dituzten.

 

Artolazabalek esan du “azken urteotan norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko neurriak sendotzen joan direla, eta hainbat ikuspegitatik heldu zaiela, besteak beste, enplegutik, gizon eta emakumeen berdintasunetik, familia-politikatik eta gizarte-inklusiotik. Hori dela eta, gure ustez, kontziliazio terminoa zabaldu egin behar da eta erantzunkidetasun terminoari lotu”.

 

“Erantzunkidetasuna enpresetan inplikatzen diren alderdi guztietara ere zabaldu behar da: konpainiaren egitura eta bertan lan egiten duten pertsonak. Bi aldeek landu behar dituzte beren kalterako izango ez den kontziliazioa hobetzeko akordioak. Ematea eta jasotzea da kontua. Eta hori da proba pilotu hauetan bereziki landu den alderdia”, esan du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lolifrancoplaza
    2017.eko urriak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @I3S_Sap: i3s apuesta por la conciliación familiar https://t.co/5ZSOU7Zl39

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • María José Villena