Eu

Artolazabal´ek eskerrak eman dizkie Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako kideei, “planetaren garapen jasangarriari eta solidarioari eginiko ekarpenagatik”

2017.eko urriak 28
  • Ebaluazio-jardunaldiak Barriako (Araba) foru-aterpetxean
  • “Oinarri berria eratzen ari zarete XXI. mendeko Euskadiko eta Europako gizartearentzat, anitza eta konprometitua”
  • Senegal, Peru, Mexiko, Dominikar Errepublika, Kolonbia, India, Kenia, Bolivia, Mozambike, Filipinak, Nikaragua, Guatemala eta Honduras izan dira ehunka euskal gazte boluntarioren helmugetako batzuk

 

Barria (Araba) 28 10 17

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, eskerrak eman dizkie aurtengo udan hainbat GGKEek Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatutako proiektuetan parte hartu duten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehunka kideei; proiektuak Asian, Afrikan eta Amerikan izan dira. “Eskerrik asko planetaren garapen jasangarriari eta solidarioari eginiko ekarpenagatik eta oinarri berria eratzeagatik XXI. mendeko Euskadiko eta Europako gizartearentzat, anitza eta konprometitua”.

 Gaur, larunbata, eta bihar, igandea, Barria/Barrundia Arabako udalerrian 2017ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako Ebaluazio Jardunaldiak izango dira; horietan, garapen-bidean dauden herrialdeetako proiektuetan lan egin duten talde bakoitzean eginiko ebaluazioa bateratzeko lana egin da.

 Artolazabalek gazteekin izan duen topaketan eskerrak eman dizkie “azken hileotan emakume, haur eta adinekoekin eginiko lanagatik, irakaskuntza-lanetan eta osasuna sustatzeko jardueretan eta beste ekimen batzuetan jarduteagatik; horren bidez, gure gazteek Europako elkartasuneko eta gizarte-konpromisoko eredua islatu dute”, esan du Artolazabalek.

 Marcos Muro sailburuordearekin eta Ander Añibarro Gazteriako zuzendariarekin batera, Beatriz Artolazabalek ehunka euskal gaztek udan munduko zenbait tokitan bizi izandako esperientziak entzun ditu. Besteak beste, Mexikon izan ziren eta herrialdean izan ziren bi lurrikarak bizi izan zituzten zortzi boluntarioak zeuden.

 Analisia

“Esperientziak entzun ondoren, jarduera solidario horiek sustatu dituzten bertoko GGKEekiko, Gazteria Zuzendaritzarekiko eta hango GGKEekiko harremanak xehetasunez aztertzeko unea izan da”, esan du Ander Añibarrok.

 Gazteek topaketa bat izan dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin, eta egindako ebaluazioaren bateratze-lana egin dute; horrela, esperientzia eta eginiko jarduerak aztertu dituzte. Gaur arratsaldean, hautatu aurreko asmoak, helburuak eta motibazioak aztertu eta partekatuko dituzte, eta maila pertsonalean zer ekarri dien azalduko dute. Bihar, igandean, topaketak aurrera jarraituko du eta programan parte hartu duten GGKEek ondorioak batuko dituzte.

 "Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak 25. urteurrena ospatuko du, Bilbon, datorren hilean. 2.100 gaztek baino gehiagok parte hartu dute jardueretan 25 urte hauetan. Balorazioa positiboa da. 25 urteotan lortu da 2.100 gazte nazioarteko lankidetzaren inguruan sentsibilizatzea eta hurbileko ikuspegia berenganatzea. 25. urteurrenaren ekitaldia ospakizuna izango da eta, bertan, 25 urteotan programaren ibilbidean izan diren GGKEek eta gazteek eginiko lanari esker ona adieraziko zaio”, esan du Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak.

Senegal, Peru, Mexiko, Dominikar Errepublika, Kolonbia, India, Kenia, Bolivia, Mozambike, Filipinak, Nikaragua, Guatemala eta Honduras izan dira ehunka euskal gazte boluntarioren helmugetako batzuk

 Horiekin batera honako GGKE hauek lan egin dute: ASOCIACIÓN AFRICANISTA MANUEL IRADIER, FORO RURAL MUNDIAL, AYUDA EN ACCIÓN, EDEX, CENTRO DE RECURSOS COMUNITARIOS, EGOAIZIA, FUNDACIÓN AYUDA MAS, FUNDACIÓN BENITO MENNI  FUNDACIÓN JÓVENES Y DESARROLLO, FUNDACIÓN MOZAMBIQUE SUR, HAURRALDE FUNDAZIOA, HERMANAS PASIONISTAS, MEDICUS MUNDI ARABA, MEDICUS MUNDI BIZKAIA, SERSO SAN VIATOR EUSKALHERRIA, SOLIDARIDAD INTERNACIONAL, TAUPADAK, eta XENOFOBIAREN AURKA TALDEA BERDINAK GARA            

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak