Eu

Beatriz Artolazabal: “tutoretzako boluntariotzak lotura sakonak eta garrantzitsuak sustatzen ditu”

2017.eko urriak 28
  • “2017-2020 Boluntariotzaren Euskal Estrategia berria parte-hartze sozialaren garapenean eskumenak edo betebeharrak dituzten edo edonolako esku-hartze mota egiten duten gizarte-eragileen tresna izango da”.
  • Futubide Estatuko XI. Topaketa antolatu du Bilbon

Bilbo, 2017/10/28

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur esan du “tutoretzako boluntariotzaren berezitasuna dela boluntarioaren eta tutoretzapean dagoen pertsonaren artean lotura sakonak eta garrantzitsuak sortzeko aukera ematen eta sustatzen duela. Harreman horiek banaka lantzen dira. Horrek esan nahi du kudeaketa pertsonalizatua dagoela eta, oro har, sortzen diren loturak ez dutela bakarrik luzaroan irauten, kasu askotan gainera apurtezinak ere badirela”.

Artolazabalek Estatuko Tutoretzako Boluntariotzaren XI. Topaketa ireki du; oraingoan Futubide-Gorabideko Tutoretzako Fundazioa eta Fundazio Tutelarren Espainiako Elkarteak antolatu dute, eta gaur izan da, Bizkaiko hiriburuko Bizkaia Aretoan. Sailburuaren hitzen arabera, tutoretzako boluntariotza “adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duen eta gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen duen eredua da. Inplikatzeko gogoa duten pertsonei esker, urrats erraldoiak ematen ditugu”.

Gainera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du sailaren azken ukituak emateko dagoen 2017-2020 Boluntariotzaren Euskal Estrategia berriaren xedea dela “administrazioaren esparrua gainditzea, gizartearen parte-hartzearen garapenean eskumenak eta betebeharrak dituzten eta edonolako esku-hartze mota egiten duten gizarte-eragileek tresna gisa baliatzeko”.

“Gure ikuspuntutik, parte-hartze soziala eta boluntariotza, haren adierazpen nagusietako bat den aldetik, gizarte demokratiko baten bizkarrezur esanguratsuenak dira”, esan du Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak