Eu

Zumaiako kanpoko kaia indartzeko eta konpontzeko lanak herritarrentzat ireki dira

2017.eko urriak 27
  • Eusko Jaurlaritza lanak exekutatzen ari da “Paolaldeko” dikean, bertako arazoak epe luzerako konpontzeko asmoarekin.
  • Moyua-Vda de Sainz ABEEak, 2.397.925 €-ko aurrekontuarekin, aurrera eramandako lanak azkenengo fasean sartu dira, eta azken ukituak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten da.
  • Zumaiako Udala oso pozik dago, egindako errefortzu eta indartze lanek dikeak egun dituen ezegonkortasun arazoei behin betiko irtenbidea ematen dielako, horrela muturraren eta inguruan paseatzen aritzen diren oinezkoen segurtasuna bermatuko delako.

Zumaiako kaia indartzeko lanak denbora gutxi barru amaituko dira, Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendariak, Natxo Lopez de Aguileta Eusko Jaurlaritzako herri lan ingeniariak eta Josu Aguirrezabalaga Sestrako ingeniariak gaur egin duten bileran eta bisitan jakinarazi denez. Adierazi dutenez, “azken ukituak urtearen amaierarako amaituko direla aurreikusten da”.

Hain zuzen 2016an ekin zien Portu Zuzendaritzak kai muturra konpontzeko lanei, 2014an izandako ekaitzen ondorioz muturra berritua izan bazen ere, iaz otsailaren 9an izandako olatuek 50 metroko suntsiketa eragin baitzuten muturraren gainaldean.

Hala ere, obrak nahi baino gehiago atzeratu dira, eta prozesuan izandako zailtasunak eta kanpo dikean egindako jarduketak ezagutarazteko bilera irekiak eta bisita gidatuak egingo dira bertara.

Lehenbiziko bilera gaur, ostiralean, egin da, arratsaldeko 16:00etan. Lehenik informazio bilera egin da Algorri Interpretazio Zentroan, eta ondoren, bisita gidatuak itsasontziz jarraitu du kanpo dikean jardun den guneraino, bertan egin diren lanak hurbiletik ikusteko eta ezagutzeko.

Lehenbiziko bilera horretara Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Oier Korta Zumaiako alkatea ere joan dira. Tapiak adierazi duenez, “azken urteetan jasandako denboraleen indarrak, 2014ko neguan izandakoek, batez ere, inoiz ikusi gabeko kalteak eragin dituzte” eta, gehitu duenez, “ez da nahikoa kalteturikoa konpontzea, indartu egin behar da, dikearen bizitza erabilgarria onargarria izan dadin, dikearen azpiegitura bera, kalkulatu eta eraiki zenean aurreikusitakoak baino askoz ere baldintza gogorragoak ari baita jasaten”.

Zumaiako alkatea, bere aldetik, oso pozik agertu da, eta eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, izan ere, “lan horrek, udalerriko toki enblematikoenetako baten berreskuratze integrala bermatzeaz gain, dikearen estrukturaren segurtasuna eta, batez ere, bertatik paseatzen ibiltzen diren oinezkoen segurtasuna ere bermatzen ditu”.

Bihar, larunbatean, urriaren 28an, herritarrek goizeko 11:00etan egingo den bigarren saiora eta bisitara joateko aukera izango dute.

Egindako lanak

Egindako lanen helburu nagusia, dikeak erakusten zuen ezegonkortasun eta segurtasun arazoari behin betiko konponbidea ematea da, horrela, etorkizunari begira, egon daitezkeen denborale gogorrek ez dezaten berriro ingurua kaltetu, eta dikeak segurtasun baldintza egokiak eskaini ditzan.

Horrela, bada, egindako lanek 3 parte nagusi erakusten dituzte: dikearen kokotearen sekzioa altueran eta zabaleran handitzea, bere tarterik zaharrenean; kanpoko ezponda dentsitate altuko hormigoizko blokeekin indartzea; eta barrualdeko harri-lubeta gainditzearen kontrako babesa egitea, bloke arinagoekin.

Beraz, esan behar da egin dena ez dela dikearen konponketa puntuala edo “partxeoa” izan, arazoa epe luzean konpontzeko bokazioz egindako aktuazioa baizik.

Kanpoko ezponda indartzeko 40 tonako blokeak jarri dira, eta muturra indartzeko, berriz, 50 tonako blokeak. Barrualdeko ezponda sendotzeko, 1 eta 3 tona arteko pisua duen harri-lubeta jarri da. Halaber, 80 metroko tartean, 23,5 tonako hormigoizko blokeak jarri dira.

Jarduketaren gunea 575 metro da luze. Sekzio berria 0,7 eta 1,9 metro artean handitu da, eta inertzia gehiago eman zaio, aipaturiko segurtasun koefizienteak betetzeko. Egin den obra oso garrantzitsua da, eta lanak konplexuak izan dira. Zifra batzuk aipatzeko, 4.000 metro kubiko hormigoi erabili eta 118 mikro-pilote jarri dira.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    Las obras de refuerzo y reparación del dique exterior de Zumaia se abren a la ciudadanía https://t.co/PbJfGbkLKj https://t.co/1KS2caEvPU

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Oier Korta