Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren iritziz, Europar Batasunak esku hartu beharko luke bera osatzen duten nazioen nahiei erantzuteko

2017.eko urriak 30

Lehendakariak Euskadi nazioaren aitorpena aldarrikatu du Quebecen, eta Quebec-Kanada hartu ditu eredu

Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Estatuaren eta Europar Batasunaren barruan Euskadi nazioaren aitorpena aldarrikatu du Montrealeko Nazioarteko Kontseiluan (CORIM). Lehendakariak, Quebeceko erakundeen, politikaren eta ekonomiaren arloko berrogeita hamar bat ordezkariren aurrean, azaldu du Espainiako Estatuan eta Europan eztabaida handia dagoela estaturik gabeko herriak Europako esparruan ahokatzeko moduari buruz. Hori dela eta, konbentzituta adierazi du lehenago edo geroago Europar Batasunak “Argitasunari buruzko Zuzentaraua” egin beharko duela, bera osatzen duten nazioen nahiei erantzuteko.

Bidaia ofizialeko lehen egunean egin du lehendakariak hitzaldia, eta berarekin batera izan dira Arantxa Tapia sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako titularra. Hitzaldia hiru multzotan egituratu du: euskal autogobernuaren ikuspegi politikoa eta “etorkizuneko bizikidetasunerako ituna”; Euskadiren deskribapena eta Europan duen ahokapena; eta Euskadiko Giza Garapen Iraunkorraren Eredua.

Lehendakariak azaldu du bere bidaia ofizialaren xedea dela harremanak estutzea Euskadiren eta Quebecen artean, lotura historikoak eta kulturalak baitituzte duela mende batzuetatik hona. Lehendakariaren iritziz, bisita hori baliagarria izango da erakundeen eta ekonomiaren arloan ere harremanak estutzeko. Azken arlo horretan, lehendakariak ongietorria egin dio CETA akordioari, aukera berriak zabal baititzake Euskadiren eta Quebecen arteko harremanetarako. Hartara, lehendakariak argitu du Euskadi Quebecentzat Europara —Atlantikoko aurrealdean— sartzeko atea izan daitekeela, eta, era berean, Quebecek erraz dezakela euskal produktuak Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan sartzea.

Autogobernua – Etorkizuneko bizikidetasunerako ituna

Lehendakariak Europako esparruan estaturik gabeko nazioen gaia aztertu du. Testuinguru horretan, maiz aipatzen dira Eskozia/Erresuma Batua eta Quebec/Kanada ereduak. Azken hori, lehendakariaren ustez, “eredu bereziki baliagarria” da, barnean hartzen baititu elkarrizketa, legezkotasunaren printzipioa, demokraziaren printzipioa eta bi aldeen arteko negoziazioa.

 “Katalunian edo Euskadin erantzun politikoa behar duen arazo politiko baten aurrean  gaude. Lege-esparruak, edo horren interpretazioak, egokitu beharko du aplikatu behar den garaiko gizarte-errealitatera. Berriro diot Quebec/Kanada esperientzia baliagarria dela Euskadirentzat. Aukera ematen du, aldebikotasunaren konpromisoaren bitartez, subiranotasunari buruzko eztabaida desblokeatzeko.”

Hori dela eta, esan du konbentzituta dagoela lehenago edo geroago Europar Batasunak “Argitasunari buruzko Zuzentaraua” egin beharko duela, bera osatzen duten nazioen nahiei erantzuteko.

Lehendakariak aditzera eman du bere helburua dela eraikuntza nazionalean eta sozialean bidea egiten jarraitzea: “gure errealitate nazionalaren aitorpena eta Espainiako Estatuaren plurinazionalitatearen onarpena lortu nahi dugu. Horrek esanahi du aurrera egiten jarraitu nahi dugula euskal errealitate nazionalaren aitorpen juridiko-politikoan zein aitorpen sozialean eta kulturalean”.

Planteamendu hori “euskal bidea” deritzan bidean oinarritzen da. Bide horretan, printzipio demokratikoa eta legezkotasunaren printzipioa uztartu nahi dira. Eusko Legebiltzarreko Autogobernuko Txosten batean orientabide horrekin ari da lan egiten.

Gure ustez, erlazio konfederaleko eredu batean dago Espainiako Estatuko lurralde-labirinto politikoaren konponbidea. “Oinarrietatik bertatik batuta egongo den Europaren alde lan egiten jarraituko dugu, hura osatzen duten herrien/nazioen aitorpenetik”, adierazi du lehendakariak.

Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua

Giza Garapen Iraunkorraren euskal ereduari buruzko azalpenean, lehendakariak nabarmendu du “gizarte-konpromisoa oinarri duen” eredu bat dela. Ildo horretan, Urkulluk datuetan lagunduta aurkeztu ditu Euskadiren zenbait alderdi, hala nola hezkuntza, osasuna edo gizarte-babesa. Lehendakariak, halaber, nabarmendu du Euskadiren lehiakortasun ekonomikoa indartzeko konpromisoa dutela “4-i planaren” bitartez: inbertsioa, industria, berrikuntza eta nazioartekotzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iozamizu
    2017.eko urriak 31

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari considera que Europa deberá intervenir para dar respuesta a las aspiraciones nacionales que la in... https://t.co/tkMSiVEplR

Ekitaldiko kargudunak