Berriak Segurtasuna
Eu

Euskadin ia puntu bat egin du behera delinkuentziak urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan

2017.eko urriak 27

Azken ekitaldietako beheranzko joerari eusten zaio

2017ko lehenengo bederatzi hilabeteetan % 0,84 egin dute behera delituek Euskadin iazko aldi berarekin alderatuta. Eutsi egiten zaio, beraz, azken sei urteetako beheranzko bilakaerari.  Aurtengo hirugarren hiruhilekora arte, Ertzaintzak guztira 60.558 arau-hauste penal ikertu ditu, aurreko urtean baino bostehun gutxiago, eta 1.000 biztanleko arau-hausteen tasa 27,66an geratu da (iaz 27,89koa izan zen). Bestalde, arau-hauste penaletan inplikatuta egotea leporatuta Ertzaintzak 20.346 pertsona eraman ditu epailearen aurrera 2017an, eta 2016an 19.555 eraman zituen (+% 3,88).

Delitu larrienetatik hasita, aurten Euskadin guztira lau homizidio izan dira (2016ko aldi berean sei izan ziren). Aurtengo kasu guztiak, 2016koak bezala, argituta daude.

Lesioen atalean iazko 3.985etik 2017ko 4.616ra pasatu gara (+% 15,83). Familia barruko ohiko tratu txarrak, berriz, 2.358tik 2.117ra jaitsi dira (-% 10,22).

Sexu-askatasunaren aurkako lege-hausteek nabarmen egin dute gora, eta 260tik 333ra pasatu dira (+% 28,08). Horien baitan, azpimarratu behar da sexu-erasoen igoera, 88tik 120ra pasatu baitira (+% 36,36).

Ondarearen aurkako delituena da kapitulurik oparoena, eta esan behar da bilakaera positiboa izan duela: 46.432tik 45.040ra (-% 3,00); horien artean, indarra erabiliz egindako lapurretak 9.832tik 8.984ra jaitsi dira (-% 8,62) eta, aldi berean, etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretak 3.104tik 2.758ra (-% 11,15), kasu honetan bai etxebizitzetan egindakoak bai eranskin, trasteleku eta garajeetan egindakoak.

Motordun ibilgailuen lapurretek ere nabarmen egin dute behera 2017an, 746tik 601era, alegia (-% 19,447), eta azken urteotako era horretako delituen goranzko joera irauli da.

Iruzurretan ere leundu egin da azken ekitaldietako goranzko bilakaera, eta 6.316tik 6.750era pasatu dira (+% 6,87), azken urteotako gehikuntza apalduz. Hala ere, Internet izan da berriz ere delitu-mota hauen agertoki nagusia.

Droga-trafikoarekin lotutako arau-hauste penalek behera egin dute, 223tik 216ra, alegia, (-% 3,14), eta behera egin du alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzen harrapatutako gidarien kopuruak ere, 969tik 928ra (-% 4,23).

Gizartean alarmarik handiena sortzen duten arau-hausteak

Positibotzat jo behar da lehenengo bederatzi hilabete hauetan behera egin izana Europar Batasunak, gizartean sortzen duten alarma berezia dela eta, “estrategikotzat” jotako arau-hausteek: homizidioek, etxebizitzetako lapurretek, ibilgailuen lapurretek eta droga-trafikoak.

Erruztapen penalak

Bestalde, delinkuentziaren beheraldiarekin batera arau-hauste penaletan inplikatuta egotea leporatuta –atxilotuta edo ikerketapean– epailearen aurrera eramandako pertsona-kopuruaren igoera nabarmendu da. Iazko lehenengo hiru hilabeteetan 19.555 erruztapen izan ziren: 2017ko aldi berean 20.346 izan dira, eta igoera, beraz, % 3,88koa izan da.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Bank_Practices
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    Euskadin ia puntu bat egin du behera delinkuentziak urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan https://t.co/mLrNJpX58C  … …

  • @Bank_Practices
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    La delincuencia en Euskadi desciende casi un punto durante los nueve primeros meses del año https://t.co/52mE4goHc4  … …

  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    Euskadin ia puntu bat egin du behera delinkuentziak urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan https://t.co/wZge7dHHnJ

  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    La delincuencia en Euskadi desciende casi un punto durante los nueve primeros meses del año https://t.co/d9N7pObN7m

  • @rgartzia
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    La delincuencia en Euskadi desciende casi un punto durante los nueve primeros meses del año... https://t.co/XVB6HLIcLq

Komunikabideek behera kargatzeko