Eu

Hegaluzearen arrantzaldia 6.700 tona baino gehiagoko harrapaketekin itxi da, azken urteetako goranzko joera berretsita

2017.eko urriak 27
  • Atungorriaren kanpaina, berriz, 793,6 tonako harrapaketekin bukatu da, pasa den urtean hiru urteko absentziaren ondoren berriro atungorria arrantzatzeari ekin zitzaionean lortu ziren 638,8 tonak gaindituta.
  • Hegaluzeen % 71,5 eta atungorrien %100 Euskolabel kalitate zigiluarekin atera da merkatura, kontsumitzaileari bere kalitatea eta jatorria bermatuta.
  • Eusko Jaurlaritzak  Eusko Labelarekin identifikatzeko erabakia hartuta dauka, produktuaren trazabilitatea eta benetakotasuna bermatzeko eta euskal arrantzaleen lana defendatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako ordezkariek lagunduta,  euskal portuetan izan diren hegaluzearen deskargen datuak aurkeztu ditu, kanpaina honen itxieran 6.700 tonatik gorakoak izan baitira. Orozek azpimarratu du “kopuru honek pasa den denboraldian hasitako joera positiboa berresten duela, orduan 6.200 tona inguru harrapatu ziren eta. Kiloko 3,89 euroko batez besteko prezioarekin, salmentek 26,3 miloi euroko kopurua gainditu dute eta 2016koak baino pixka bat handiagoak izan dira, orduan 23,4 milioi saldu baitziren, kiloko 3,76 euroan"- gaineratu du sailburuordeak.

Portu homologatuetan deskargatutako 6.000 tonetatik %71,5 Eusko Label kalitate bereizgarriarekin identifikatutako aleak izan dira; horrek esan nahi du igoera nabarmena egon dela pasa den kanpainan etiketatu zen %61,2ren aldean. Gainerako % 28,5a ezin izan da kategoria horretan sartu, pieza bakoitzak gutxienez eduki behar duen  4 kiloko pisua ez baitzuten. 

Atungorriari dagokionez, oraingo kanpaina 793,6 tonako harrapaketekin bukatu da, pasa den urtean hiru urteko absentziaren ondoren berriro atungorria arrantzatzeari ekin zitzaionean harrapatu ziren 638,8 tonak gaindituta. Ale guztiak, batez beste 36 kilo, Eusko Label kalitate zigiluarekin saldu dira. Salmentak ere pixka bat hazi dira –4,5 milioitik 2017ko 4,7 milioira–; halere, kiloko prezioa txikitu da, 2016ko 7,15 eurotik aurtengo 5,98ra igarota.

Arrantzaldi honetan deskargatu diren hegaluze gehien-gehienak Gipuzkoako Getariako portuan (3.362 tona) eta Hondarribikoan (1.609 tona) erregistratu dira, eta, horien atzetik, Bizkaiko Ondarroako portuan (733 tona) eta Bermeokoan (416 tona). Getariako portua (377.100 kilo) eta Hondarribikoa (370.7000 kilo) izan dira, baita ere, Atungorri gehien deskargatu duten portuak.

2013ko eta 2014ko urteen aldean, orduan tunidoen migrazio ohituren aldaketen ondorioz arrantzaleek Irlandako uretan arrantzatzu behar izan baitzuten, 2015ean espezieak ohiko ibilbidera itzuli dira eta horrek ahalbidetu du gure kostetatik hurbilago egitea harrapaketak eta, ondorioz, arrantzaldiaren errentagarritasuna handitzea. Gainera, lonjako salmenta prezio ona izan denez, arrantzaleak pozik agertu dira.

Sektoreak berak etiketatuta

Aurten Eusko Labelarekin etiketatutako aleen portzentajea handia izan da, iaz baino askoz  handiagoa, izan ere, iaz arrantzatutako 6.207 tona hegaluzetik 3.800 baino gehiago –%61,2– Eusko Label zigiluaren babespeko aleak izan ziren. Eta 2016ko zifra hori, halaber, 2015ekoa baino handiagoa izan zen, 2015ean hasi baitzen sektorea Eusko Labela zigilua jartzeaz arduratzen.  

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuak berriro adierazi du “Eusko Jaurlaritzaren apustua dela Eusko Labelarekin identifikazio gehiago egitea, produktuaren trazabilitatea eta benetakotasuna bermatzeko eta euskal arrantzaleen lana defendatzeko. Zigilu horri esker, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin dezakete erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatekoa” – esan du bukatzeko Orozek.

Sektoreak berak kalitate eta jatorri irizpideetan oinarrituta aleak Eusko Labelarekin sailkatzen eta etiketatzen dituen urtea da. Identifikazio jarduera hori, bereziki arrantzaleek garatutakoa bada, oso garrantzitsua da, artisautzako arrantzaldiak eskatzen duen esfortzuari beste herrialde batzuetatik datorren eskaintzaren hazkundearen mehatxua gehitu behar zaiolako, eskaintza hori hemengo balitz moduan saltzen ari delako, prezio baxuetan, euskal arrantzaleen sektoreari kalte eginda.

Elikagaien kalitatea eta jatorria bermatzeko ahalegin hori Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, berriki aurkeztu den eta euskal biztanleen elikadura seguru, berezia eta iraunkorra izan dadila lortzeko beharrezkoak diren eremu guztietan lan egitea eta aurrera egitea helburu duen Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (PEGA) islatu den moduan. Hori dena ikuspegi berri batetik, Elikaduraren Balio Katetik ikusita, lehen ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino, tartean elikagaien eraldaketa, banaketa eta salmenta sartuta, baita gastronomia ere. Hau da, elikadura osasungarria da Planaren jomuga eta hari gidaria, ongizate gizarte iraunkorra garatzeko etorkizuneko ekarpentzat hartuta, bai biztanleen osasunaren aldetik bai ingurumenaren iraunkortasunaren aldetik.

Eusko Labela:kalitate eta jatorriaren bermea 

Eusko Jaurlaritzak azpimarratzen du garrantzitsua dela hegaluzea modu bereizian merkaturatzea. Horregatik, azken urteetako lan ildoa indartu du, ahalik eta pieza gehien Eusko Label bereizgarriarekin identifikatuz eta sektorea ahalik eta gehien inplikatuz.

Horrela, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin dezakete erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatekoa.

Eusko Labela duten Hegaluzea eta Atungorria kalitate handiko arrainak dira, Euskadiko arrantzontziek banan-banan eta sarerik gabe harrapatutakoak, hau da, arrantza sistema tradizionalez harrapatutakoak: kanabera (beita bizia) eta xaxian edo kazan. Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute.

Arraina bereizteko, isatsean hautsi ezin den segurtasuneko zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloarekin eta beste datu batzuekin, esaterako, berari bakarri dagokion kontrol zenbaki batekin.

Kontrol zenbakiaren bitartez eta webgunean begiratuta, gainera, datu hauek ere ezagutu ditzakezu: arrantzontziaren izena, espeziea, zer portutan deskargatu den, kofradia, noiz deskargatu den, eta non eta zer modalitatetan harrapatu den.

Eusko Labela duen Hegaluzeak honako ezaugarri hauek eduki behar ditu:

  • Espeziea: “Hegaluzea (Thunnus alalunga)
  • Arrantzontziak: EAEko ontziek harrapatutakoa, artisautzako arrantza metodoekin: beita bizia eta xaxian edo kazan.
  • Hautaketa zorrotza: tamaina eta freskotasunari begiratuta, bakarrik piezari hoberenak aukeratu eta identifikatzen dira.
  • Gutxienezko neurri bat izan behar dute: "Hegaluzea" 4 kg-tik gora.  
  • Freskotasun kategoria adierazita eduki behar dute: "Apartekoa" eta "A".
  • Portuak: EAEko baimendutako arrantza portuetan jasotzen dira (Hondarribia, Getaria, Bermeo, Ondarroa, Pasaia eta Donostia).

Eusko Labela duen Hegaluzeak eta atungorriak Eusko Labelaren Erregelamendu Tekniko espezifikoan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzte. HAZIk eta bere Kontrol Organoak baldintza horiek betetzen direla ikuskatzen dute.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    Hegaluzearen arrantzaldia 6.700 tona baino gehiagoko harrapaketekin itxi da; goranzko joera berretsi da https://t.co/hkdJr63eKO

  • @Transparent_Red
    2017.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    La costera de bonito del norte cierra con capturas superiores a las 6.700 toneladas, confirmando tendencia al alza https://t.co/Dzx3B5BSvP

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Emeterio Urresti, Eugenio Elduaien, Aurelio Bilbao