Berriak Lehendakaritza
qrcode

Iñigo Urkullu Lehendakariak babesa eskaini die euskara ikasten ari diren lagunei, Gasteizko Aratz-Pinto euskaltegian

2017-10-27

Matrikulazio kanpainaren lehen fasean, 25.080 ikaslek eman dute izena EAEko euskaltegietan, eta beste 10.000 inguru espero dira ikasturtean zehar

Iñigo Urkullu Lehendakariak Aratz-Pinto Gasteizko euskaltegia bisitatu du gaur goizean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera. Hiriburuan ikasle gehien dituen euskaltegia ezagutzeko aukera izan du Lehendakariak bisita honetan, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eskaini die euskara ikasten ari diren hiritar guztiei, baita aurretik pauso hau eman dutenei ere. Aurtengo udazkenean, 25.080 ikaslek eman dute izena matrikulazio kanpainaren lehen fasean Euskadiko euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetan, eta beste 10.000 inguruk izena ematea espero da ikasturtean zehar edo datorren udan, 35.000 ikasletara ailegatu arte.

Lehendakariarekin eta sailburuarekin batera, besteak beste, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea; eta Igone Martinez de Luna, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatua. IKAko Aratz-Pinto euskaltegiko arduradunak ere han izan dira, eta euskararen biziberritze prozesuak Araban izan duen bilakaera azaldu diete instituzioetako agintariei, baita prozesu honen erronkak eta zailtasunak ere.

Lehendakaria euskara ikasten ari diren ikasleekin hitz egiteko aukera izan du, eta haiei zuzendu die bere mezu nagusia: “Euskara ikasteko pausoa ematen duenari mundu berri bat zabaltzen zaio parez pare. Badakigu, hala ere, hizkuntza berri bat ikastea ez dela beti maldan behera izaten; esfortzu bat eskatzen du, diziplina bat eta irmotasuna. Gaurko ekitaldi honen bidez esfortzu hori egin duten edo egiten ari diren hiritarren ahalegina aitortu egin nahi dugu”.

Euskarak gure gizartea trinkotzeko duen balioa ere nabarmendu du Lehendakariak gaurko ekitaldian. “Euskararena gure gizartean eraiki daitekeen zubirik iraunkorrenetako bat da, lirudikeena baino garrantzitsuago elkarbizitzaren ikuspegitik ere. Euskara ikasten duten horiek gure gizartea trinkotzen laguntzen dute”, nabarmendu du.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko bidea errazteko egiten duen esfortzua nabarmendu du. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu Proiektua onartuko balitz, euskara-ikasleentzako diru-laguntzetara bideratzen den ekarpena igo litzateke datorren urtean ere, era azpimarragarrian gainera.

Era berean, euskaltegien finantzazioa ere hobetuko litzateke Eusko Legebiltzarrak Aurrekontuak onartuko balitu; izan ere, euskaltegi pribatuentzako ekarpena bigarren urtez jarraian igotzea planteatu da proiektuan.

Sailburuak adierazi duenez, irailean eta urrian, 25.080 ikaslek eman dute izena Euskadiko Autonomia Erkidegoko euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetan; 13.340k Bizkaian; 7.637k, Gipuzkoan; eta 4.103k, Arabako zentroetan. Ikasleen sexuari dagokienez, haien %66,7 emakumezkoak dira, eta %33,3 gizonezko. Azkenik, mailari erreparatuz, ikasleen erdiak baino gehiagok B2 eta C1 mailak gainditzeko ikastaroetan eman dute izena; honakoa da mailaz mailako banaketa: A1 gainditzeko, %13,8k; A2rako, %13,6k; B1 gainditzeko, %17,1ek; B2rako, %26,5ek; C1erako, %26,7k; eta C2 maila gainditzeko, %2,2k. 

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @HABE_erakundea
    2017-10-27

    Comentario de Twitter:
    Iñigo Urkullu Lehendakariak babesa eskaini die euskara ikasten ari diren lagunei, Gasteizko Aratz-Pinto euskalt... https://t.co/WAJPodw3T3

  • Argazkia SN Robot
    @HABE_erakundea
    2017-10-27

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari Iñigo Urkullu visita el euskaltegi Aratz-Pinto de Vitoria-Gasteiz y reconoce el esfuerzo de la ci... https://t.co/WxznRObhKX

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)