Eu

URAko zuzendariak Araban uraren kudeaketa profesionalago eta bateratuago baten alde egin du gaur Batzar Nagusietan

2017.eko urriak 26

URAko zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok agerraldia egin du Arabako Batzar Nagusietan, Arabako Popularren taldeak deituta, irailaren 24an egindako adierazpen batzuk azaltzeko. Besteak beste, honako hauek azaltzeko: Gasteizko aeroportuan uholdeei aurre egiteko proiektua — Forondan uholdeari aurre egiteko lubeta barne—, Araban uren mankomunitate bat eratzearen aldeko URAren planteamendua, azken uda honetan izan diren isurketen inguruko xehetasunak, eta kontzeju, udalerri eta URAren arteko eskumen-esparruak eta erlazioa azaltzeko.

Gasteizko aeroportuan uholdeei aurre egiteko proiektua

Ernesto Martínez de Cabredok azaldu du Gasteizko aireportuan uholdeei aurre egiteko Forondako lubeta aurreikusita dagoela Ebroko Arroko Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planean. Xedea: “garrantzia estrategikoa — beren-beregi larrialdi-egoeretan— duen  azpiegitura hori erabil ezin izatea saihestea, noiz eta larrialdi-egoerak berak aireportua erabilezin bilakatu dezakeen horretan”.

URAko zuzendariak azaldu duenez “Agentziak orain ezingo luke lan hori egin gaur-gaurkoz dugun aurrekontuarekin; ezta epe labur batean ere; izango ez balitz SPRIren finantzaketagatik. Bidenabar, aireportuaren defentsak SPRIri lagun baitiezaioke”.

Dena dela, aireportuan egiteko diren lanok, betiere, Estarrona eta Mendozaren arteko zubi eta bidea egin eta gero egingo da —azken lan horiek Arabako Foru Aldundiari dagozkio—.

Udalerri, Kontzeju eta URAren arteko eskumen-esparruak eta haien arteko erlazioa

URAko zuzendariak azaldu du udalerri eta kontzejuak direla uraren herri ziklo integrala eskaintzeko eskumena dutenak —ur-hornidura eta saneamendua—, eta URAri dagokiola ingurunetik hartutako emarien, zein ur-hori erabilitakoan berriro isuritako urei jarraipena egitea;  horrela, uren egoera ekologikoan erasanak ahalik eta gehien murrizteko.

Halaber, zuzendariak gogorarazi du uraren herri ziklo integralaren zerbitzua dela EAEko ibaietara doan kutsadura-kargaren jatorri nagusiena; beraz, uraren herri ziklo integral horren kudeaketa ona ezinbestekoa dela uren egoera ekologiko ona lortuko bada.

Nahiz eta URAk uraren herri ziklo integrala kudeatzeko eskumenik izan ez, emakida eta isurketa-baimenen baldintzak ikuskatzeko eta betearazteko ahalmena du. Horregatik, uraren herri ziklo integralaren kudatzaileei gidalerro teknikoak eta gomendioak helarazten dizkie; hartara, besteak beste, isurketa-baimenen baldintzak hobe betetze aldera.

 

Ur-mankomunitate bakarra Araban

URAren zuzendari nagusiak azaldu egin du ur masen egoera ona lortzeko uraren hiri-zikloaren kudeaketa azpiegituren ustiatzeaz (eguneroko funtzionamendua, biltegiak, ponpaketak, tratamendu eta arazketa estazioak, energia, erreaktiboak, langileak,…) edo azpiegituren mantentzeaz haratago joan behar dela.

Era berean, gogorarazi nahi izan du hiri-zikloaren kudeaketa honako hauetan oinarritu behar dela: ekoizpen, banaketa, bilketa eta jatorrira itzultzeko prozesuaren elementuak birjartzea; saneamendu sarearen isurketen kontrola hondakin-uren arazketaren errendimendua bermatzeko; hiri-garapen berriak baimentzeko hornidura-saneamendu azpiegitura egokiak izango dituztela bermatuko dituzten baldintzak ezartzea (ondoren uraren hiri-zikloaren kudeatzaileari eman beharko zaizkio); gero eta zorrotzagoa den ingurumen-araudira moldatzea, epe ertain-luzera egin beharreko inbertsio-programaren plangintza osatu sistema beti erabilgarri egon dadin; inbertsioen amortizazioa; zerbitzuaren kostu guztien egitura zehaztea, kostu horiek nola ordainduko diren ezarriko duen ordenantza fiskalen jatorria izango dena.

Teknikoki konplexua denez, Martinez de Cabredok azpimarratu du “zerbitzuaren profesionaltasunaren alde apustu egin behar da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez ere beharrezko bermea izan dezan. Kontuan hartu beharko da sakabanatutako entitate txikien unitateko kostuak (metro kubiko bakoitzeko kostua) dentsitate handiko hiri-aglomerazioena baino handiagoa dela, eta tarifan zerbitzuaren kostu guztiak jasanarazi behar ditugula: hornidura eta saneamendu tasek kostuak estali behar dituzte”.

Hori dela-eta beharrezkoa da erakunde-kudeatzaile txikiek indarrak batzea dimentsio handiagoko batean. Bat egite horrek ahalbidetuko du kostuen egitura murriztea, eskala-ekonomiari esker, eta lurraldean kostuak barne hartuko dituen tarifa batzuk orokortzea.

Udako isurketak Araban. Azken uda honetan kontrolatu gabeko isurketak direla eta jasotako abisuak ez dute esan nahi Arabako ibaien egoera ekologiko orokorrak okerrera egin duenik. Jasotako abisuak ez dira Bizkaian edo Gipuzkoan, lurralde horietako populazioaren arabera, jasotzen direnak baino gehiago. 2.017an jasotako 374 abisuetatik, 48 dira Arabako Lurralde historikoari dagozkionak.

Hala ere, desberdintasunak nabarmenak dira Arabako saneamendu eta horniduraren kudeaketan (sistema txiki eta sakabanatuak) Bizkaia eta Gipuzkoarekin alderatua. (4 kudeatzaile handi eta profesionalizazio-maila handikoak) eta lurraldeko uren egoeran islatzen da

2008an %30 zen ingurumen-helburuak betetzen zituzten Euskadiko ibaien ehunekoa, 2016an %50. Araban, 2008an, %26k betetzen zuten eta, 2016an, %31. Hots, azken urteetan, kantauriar arroen egoera ekologikoa nabarmen hobera egin duen bitartean, mediterranear arroetan hobekuntza askoz geldoagoa izan da. Eta bilakaera horretan argi ikusten da, Martinez de Cabredok adierazi duenez, “lotura dagoela Uraren hiri-zikloaren Kudeaketa eredua (ibaira isurtzen den kutsadura kargaren %80 sortzen duena) eta ur-hartzeak eta isurketak jasaten dituen ur-masen egoera ekologikoaren artean”.

Martínez de Cabredok zehaztu duenez “Bizkaia eta Gipuzkoan ez bezala, sakabaneta-mota bik zailtzen dute  Araban  uraren herri ziklo integrala egikaritzea: bata, populazioa herrigune txiki sakabanatuetan dagoela lurraldean; bestea, ur-hornidura eta saneamenduaren kudeaketa erakunde txikiek egiten dutela, eskualde-mailako irtenbiderik barik. Alabaina, Arabako populazioaren %80ª lurraldeko zentroan biltzen da, eta bertako urak erakunde profesional batek kudeatzen du, teknikoki eta ekonomikoki sendo”.

 “Hori guztia dela, eta udalerri eta kontzejuen eskumen-esparrua erabat aintzat hartuta, Arabako ur-hornidura eta saneanemendu zerbitzu sakabanatu horiek mankomunitate komun bateratu batean biltzearen alde egiten dugu: sistemen arteko konexioa ahalbidetuz, eta lurralde-esparru zabalagoetarako antolatuz. Ezinbesteko baiteritzogu halaxe egitea, Arabako ibaien egoera ekologikoa hobetuko badugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak