Eu

Euskadiko basoen egoera aztergai, adituen eta basogintzaren eskutik

2017.eko urriak 26

NEIKER-Tecnaliak eta Baskegur-ek antolatu dute jardunaldia, Egurraren Hirugarren Astean kokatuta.

Euskadiko baso-erasan nagusien kudeaketan izandako aurrerapenak aztertzea, lanbide arteko gerturatzea sustatzea eta elkarlanean aritzeko modu posibleak zehaztea izan dira gaur Bilbon baso-osasunari buruz antolatu den jardunaldiaren helburuak.

Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, NEIKER-Tecnaliak –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dagoen irabazi asmorik gabeko erakunde publikoa– eta Euskadiko Egurraren Elkarteak, Baskegur-ek, antolatu dute jardunaldi hori. Baso-kudeaketan diharduten profesionalak eta erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako Mendien Zerbitzuetako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Udal batzuetako profesionalak elkartu dira, Egurraren Hirugarren Astean kokatzen den jardunaldian.

Baskegur-eko zuzendari Oskar Azkaratek hauxe azpimarratu du jardunaldiaren irekieran: “baso-kudeaketa iraunkor batean, nahitaezkoa da ingurumenaren gaineko arriskuak eta erasanak prebenitzea”. Hori dela eta, “Egurraren Astearen esparruan, jardunaldi profesional bat antolatu nahi izan dugu baso-osasunaz. Adibide praktikoak aztertu ditugu, baita bertoko baso-masen habitatak zaintzen lagunduko duten teknika berritzaileak ere”.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria Peli Manterolak, honakoa azpimarratu du bere hasierako mintzaldian: “baso- eta zur-sektorea Euskadiko barne-produktu gordinaren % 1,5 da. Hala ere, balio horrek ez ditu euskal basoek ematen dituzten beste zerbitzu eta ondare ukiezin batzuk barne hartzen, hala nola, zuzenak, esaterako, ur-hornidura, ekoturismoa edo aisiako jarduerak, eta erabilera zuzenekoak ez direnak, esate baterako, CO2-ren finkapena eta biodibertsitatea. Halaber, baso- eta zur-sektoreak 21.000 pertsona ingururi ematen die lana eta euskal ekonomian 1.000 miloi eurotik gorako eragina sortzen du urtero”.

Bestetik, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusi Leire Barañanok hauxe gogorarazi du: “horrelako jardunaldiek NEIKERen filosofia islatzen dute, hots, erakundearen ikerketen ezagutza Euskadiko lehen sektoreko agenteen artean eskualdatzekoa”. Era berean, NEIKERentzat baso-ekosistemen gaineko ikerketa gero eta garrantzitsuagoa dela aitortu du, “jardunaldi honen helburuetako bat, beraz, basogintzako eskaerak eta kezkak entzutea eta horiei erantzutea da, baita guztiok eztabaidatu eta lan egiteko tokiak sortzea ere”.

Jardunaldian lanbide-esperientziak trukatu dira; izan ere, hainbat ikertzailek eta adituk parte hartu dute, hala nola, NEIKER-Tecnaliako ikertzaile Eugenia Iturritxak, ARAUCO (Txile) enpresako basogintzako ingeniari Rodrigo Ahumadak eta Stephen Woodward irakasle eta Aberdeengo (Erresuma Batua) Unibertsitateko fitopatologoak. Eugenia Iturritxak, erasan horiek Euskadiko pinudietan duten portaera ezagutarazi du eta ikerketa-mailan zer egiten ari den adierazi. Rodrigo Ahumadak, bestetik, ekonomi eragin handiko intsinis pinuaren erasanak maneiatu eta kontrolatzeko Txilen zer egiten ari den azaldu du. Stephen Woodwardek baso-gaixotasunak maneiatu eta kontrolatzeko Erresuma Batuko esperientziak aurkeztu ditu, baita herrialdean organismo patogeno berririk sar ez daitezen hartu diren neurriak ere.

Jardunaldia biribiltzeko, aditu hauen mintzaldiak ere izan dira: Iñaki Gerenabarrena, HAZIko teknikaria; Amaia Urkola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Fraisoroko Landare Osasuneko Laborategiko teknikaria, eta Aitor Omar, Bizkaiko Foru Aldundiko Osasun eta Esperimentazioko arduraduna. Baso-ekosistemen patologiek ekonomian eta gizartean duten eragina eta Euskadiko mendien egoera eta gaur egun horietan egiten ari diren esku-hartzeak aurkeztu dituzte hiru adituek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Oskar Azkarate, Baskegurreko zuzendaria